LIBIA

Libiako batasun gobernuak ez du argi ikusten bozak abenduaren 24an egitea

Lehen ministroak hauteskundeak egitea defendatu du nazioarteko goi bilera batean, Tripolin. Aldeak «adiskidetu» arte itxarotearen alde da presidentea

Tripolin gaur egindak bileraren une bat. MOHAMAD ABDEL KADER / EFE
Igor Susaeta.
2021eko urriaren 21a
18:56
Entzun

Libian abenduaren 24rako daude deituta parlamenturako zeta presidentetzarako hauteskundeak, baina herrialdea bost bat urte iraun duen gerra batetik dator, egoera ezegonkorra da oso, eta iazko urriko su-etenaren ondoren NBE Nazio Batuen Erakundeak akuilatutako trantsiziorako batasuneko gobernuak ezin du ziurtatu data horretan egingo dituztenik.

Nazioarteko erakundeetako ordezkariak goi bilera batean elkartu dira gaur, Tripoli hiriburuan —2014an gerra piztu zenetik Libian egindako gisa horretako aurrenekoa—. 'Libiaren egonkortzeko ekinbidea' izeneko bilkura hori irekitzeko saioan, Abdul Hamid Debaibah batasuneko gobernuko jarduneko lehen ministroak nabarmendu du haien helburua dela bozak egun horretan egitea, adostu bezala. «Libiarrei parte hartzeko eskatu nahi diet».

Baina Mohamed al-Menfi jarduneko presidentetza kontseiluaren liderrak ez du bat egiten Debaibahrekin. Azken egunetan herrialdean bira bat egiten ari da, eta, Libiako hedabideek jaso dutenez, hauteskundeak atzeratzearen alde dago. «Adiskidetzea benetan eman arte». Izan ere, aintzat hartu behar da Muammar Gaddafi 1969tik 2011ra herrialdeko buruzagia izandakoaren hilketa eta gero Libiaren kontrola hartzeko gerra bat piztu zela, alde batek ezin izan zuela bestea menderatu, eta, horrenbestez, bi gobernu egon direla aurten arte.

NBEko eta Arabiar Ligako hainbat ordezkari eta zenbait estatutako Atzerri ministroak batzartu dira Tripolin, eta haien lehentasuna da hauteskundeak ahal bezain pronto egitea. Debaibahk ohartarazi die, ordea, horretarako beharrezkoa dela atzerriko esku hartzea amaitzea, baita bi gobernuek gerran egon ziren bitartean kontratatu zituzten mertzenarioek herrialdetik alde egitea ere.

Horregatik esan du Al-Menfik «atmosfera egokia eduki arte» itxaron behar dela hauteskundeak egiteko. Badira, ordea, uste dutenak atzeratuz gero ez dituztela epe labur-ertainera berriro deituko.

Hautagaitzez
Eta beste oztopo batzuk ere badituzte. Esaterako, hauteskunde legea bera. Diputatuen ganberak onartu zuen, baina estatu kontseiluak atzera bota zuen, orain aste batzuk. Aurrenekoa Khalifa Haftar militarra buru zuen gobernuak kontrolatzen du, Tobruken, herrialdearen ekialdean; eta bigarrena NBEk aitortzen zuen gobernuak, Tripolin. Lege horren puntuetako bati jarraituz, hain zuzen ere, hauteskundeetara aurkezteko bidea hasi du Haftarrek berak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.