Hirigintza

Hipika txapelketa bukatu eta hilabete eta erdira, Iruñeko Ziudadela hondarrak hondatua dago oraindik

Iruñeko Udalak antolaturiko hipika txapelketak irailaren 12an izan zuen azken eguna. Ordea, txapelketarako erabilitako Ziudadelako zuloguneak hareaz beteak dira oraindik. Navarra Sumak salbu, udaleko talde politikoek adierazpen bat onartu dute eremua berehala egokitu dadila eskatzeko.

Ziudadelaren barnaldea, asteazkenean. BERRIA
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko urriaren 22a
16:44
Entzun

Iruñeko hipika txapelketa polemika iturri izan da hura antolatzeko asmoa iragarri zenetik. Hasieratik, ugariak izan ziren kritikak. Hala eta guztiz ere, udalak aurrera segitu zuen bere asmoan, eta, hala, Iruñeko Harresien I. Hipika Sariketa Nagusia egin zuten irailaren 2tik 12ra, Ziudadelan. Orain, txapelketak utzitako arrastoek gaiztotua daukate giroa. Izan ere, bertan izan ziren zaldiek orain hilabete luze egin zituzten azken trostak Iruñean; ordea, Udalak oraindik ez du kendu Ziudadela hipikarako atontzeko erabilitako materiala. Hondarrak hantxe dirau.

Ziudadelak duen itxura ikusirik, herritarrak kexu dira Iruñean. Asteak dira protestan hasi zirela, sare sozialen bidez batik bat. Gainera, zenbait alderdi politikok ere adierazi dute egoerak eragindako sumina. Besteak beste, Joseba Asiron EH Bilduko zinegotziak egin du kritika, irmo.

Larritasunak bultzatuta, urratsak egin dituzte udalari erantzunak galdegiteko. Hain zuzen, Iruñeko EH Bilduk adierazpen bat aurkeztu du berriki Iruñeko Udaleko Hirigintza Batzordean. Haren bidez, Iruñeko Udalari eskatu diote «segituan jar dezala eremua egokitzeko egun jakin bat». Hondarra kentzea nahi dute, baita han botatako gainerako materialak ere, eta, gainera, berriz belarra jartzeko ere exijitu du EH Bilduk. Navarra Sumak salbu, udaleko gainerako talde politiko guztiek babestu dute eskabidea. Halaber, adierazpena onartzearekin batera, taldeek baimena eskatu dute Ziudadelara bisita bat egiteko. Adierazi dutenez, egoera zehatz-mehatz nolakoa den ikustea da helburua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.