Europako Batasuna

EBk zigor gehiago ezarriko dizkio Bielorrusiari, milaka migratzaileri batasunean sartzea errazteagatik

Bruselak Lukaxenkoren gobernuaren kontrako neurri «murriztaileagoak» hartuko ditu, migratzaileei EBrako bidea errazteagatik. Mugetan hesiak finantzatzearen aurka mintzatu da Von der Leyen.

Letoniako soldaduak, Bielurrusiarekiko mugan burdin harizko labandun hesia jartzen migratzaileei bidea oztopatzeko. VALDA KALNINA, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko urriaren 22a
18:04
Entzun

Europako Kontseiluaren goi bilerako bigarren egunean, migrazioaren auzia izan da eztabaidagai nagusia. Estatu kideetako agintariek berehalako neurriak hartzeko premia nabarmendu dute, Bielorrusiatik EBra iristen ari diren asilo eskatzaileen kopuruak nabarmen gora egin duela ikusita. Horien iritziz, Bielorrusiako Gobernuarena da migrazio jarioa biderkatu izanaren ardura. Aleksandr Lukaxenko Bielorrusiako presidenteak «migratzaileak helburu politikoetarako erabiltzen» dituela uste du Kontseiluak, eta EB desegonkortzea duela helburu. Estatu kideek Lukaxenkori ohartarazi diote ez dituztela Minsken «eraso hibridoak» onartuko, eta «erantzun» egingo dutela. Bileraren ostean iragarri dute lehen erantzuna: zigor gehiago ezarriko dizkiote Bielorrusiari.

Europako Batzordeak Bielorrusiako Gobernuko kideei eta bestelako goi karguei EBrako bisak ukatzea proposatu zuen irailaren amaieran, eta gaur EBko agintariek adierazi dute «pertsona eta erakunde gehiagoren kontrako neurri murriztaileagoak» hartuko dituztela, «premiaz».

Milaka migratzaile iritsi dira EBra haren ekialdeko mugetatik azken hilabeteetan, Lukaxenkok horien bidea ez zuela oztopatuko iragarri zuenetik, joan den ekainean. Bielorrusiatik Poloniara, Lituaniara eta Letoniara gurutzatzen ahalegintzen dira. Lituaniara, adibidez, 2020 urte osoan heldu zirenak baino 50 aldiz asilo eskatzaile gehiago iritsi ziren uztailean eta abuztuan. Letoniako mugako indarrek jakinarazi dutenez, berriz, 1.800 pertsona baino gehiago kanporatu dituzte mugan, joan den abuztuaren 10ean larrialdi egoera ezarri zutenetik. Poloniak muga gurutzatzeko 9.500 saiakera baino gehiago zenbatu ditu urria hasi zenetik.

Lukaxenkok EBk Bielorrusiari jarri zizkion zigorren erantzun gisa hartu zuen migratzaileei bidea errazteko erabakia. Bruselak hainbat zigor ezarriak zizkion aurretik Bielorrusiako Gobernuari, ez ziolako 2020ko bozetan Lukaxenkori garaipena aitortu, oposizioa jazartzea egotzi ziolako eta Minskek oposizioko kazetari bat atxilotzeko Ryanair konpainiaren hegazkin bat desbideratzera behartu zuelako.

BBC hedabideak jakinarazi duenez, Bielorrusiak bisa turistikoen bidez lagundu die migratzaileei EBren mugetara iristen. Zazpi egunerako bisa turistikoa lortzeko aukera erraztu die EBra joan nahi duten migratzaileei, eta baimen horrekin modua izan dute, lehenik, Minskera hegaldi bat hartu, eta, ondoren, autoz hiriburutik Poloniako, Lituaniako edo Letoniako mugarainoko tartea egiteko. Irakek Bagdadetik Minskerako hegaldi zuzenak bertan behera utzi zituen abuztuan, EBren presioen ondorioz, baina iheslariek beste estatu batzuetako hirietatik bidaiatu dute Bielorrusiara; izan Istanbuldik, Dubaitik edo Damaskotik.

Muga gogortzeko eskariak

Bielorrusiako migrazio bideak Mediterraneoa zeharkatzeak baino arrisku txikiagoa izan dezakeen arren, ez dago oztopoetatik salbu. Lituaniak, Letoniak eta Poloniak burdin harizko hesi labandunak altxa dituzte mugetan, eta Varsoviak 6.000 soldadu inguru bidali ditu muga zaintzera. Mugetako indarrek Frontex Muga eta Kostaldeetako Guardiaren Europako Agentziarekin elkarlanean atzematen dituzten migratzaileetako asko mugan bertan kanporatuak dira, eta beste hainbat atxilotze zentroetan ixten dituzte. Gutxienez 10.000 migratzaile daude herrialde baltikoetako, Poloniako eta Alemaniako zentroetan itxita. Horrez gain, Bielorrusiatik EBrako migrazio bide hori ere ez dago giza trafikoan aritzen diren mafien eraginetik salbu.

Mugako bidea ixteko neurri zorrotzagoak behar direla uste dute Poloniak, Lituaniak eta Letoniak, eta mugan hesi bat altxatzeko dirua eskatu diote Bruselari. Hainbat estatu kideren babesa jaso dute horretan. Besteren artean, Austriarena, Danimarkarena, Hungariarena eta Greziarena. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko buruak, ordea, baztertu egin du aukera hori bileraren ostean. «Adostasun bat dago Europako Parlamentuaren eta batzordearen artean hesiak eta labandun burdin hariak ez finantzatzeko» EBren aurrekontuarekin.

Adostutako testuan, EBko «kanpoko mugen kontrol eraginkor bat bermatzeko erabakimena» agertu dute EBko agintariek. Kontseiluak gaineratu du «bigarren mugimenduak» murrizteko ahaleginak ere beharrezkoak direla. Auzi horrek bereziki kezkatzen ditu Alemania, Austria eta Europa erdialdeko beste estatu batzuk, EBren kanpoko mugarik ez duten arren migrazio fluxuen eraginpean daudelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.