Bertsolaritza

Maddalen Arzallus gailendu da Xilabako finalerdian

513,5 puntu eskuratuta, Maddalen Arzallus Antiak irabazi du Xilabako bigarren finalerdia, Bardozen. Miren Artetxe eta Xumai Murua sailkatu dira haren atzetik.

Maddalen Arzallus, gaur, Bardozeko saioan. GUILLAUME FAUVEAU
Hodei Iruretagoiena.
2021eko urriaren 23a
21:48
Entzun

Kasik berrehun lagunek bete dute Bardozeko Ezker Pareta, eta saio bizia osatu dute bertsolariek, Pantxika Solozarno gai-jartzailearen esanetara. Maddalen Arzallusek irabazi du finalerdia, 513,5 punturekin. Miren Artetxek egin du bigarren, 500,5 puntu batuta; eta haien atzetik sailkatu dira Xumai Murua (488,5), Ramuntxo Christy (481,5), Iker Altuna (468) eta Irati Alcantarilla (461,5).

Saio parekatua izan da oro har, baina ofizioak hutsik egin gabe osatu ondoren, Arzallusek koska bat gora egin du kartzelako ariketan. Horrenbestez, Arzallus anai-arrebak zuzenean sailkatuta daude azaroaren 13ko finalerako.

Datorren larunbatean jokatuko da hirugarren eta azken finalerdia, Izpurako Faustin Bentaberrin. Sei bertsolari hauek ariko dira: Egoitz Zelaia, Gillen Hiribarren, Johaine Sarraillet, Maindi Murua Berra, Odei Barroso Gomila eta Patxi Iriart Hiribarren.

Bizkaiko laugarren kanporaketa

Oihana Bartra Arenasek irabazi du Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren laugarren kanporaketa, 479 punturekin, Mungiako Olalde aretoan. Paule Ixiar Loizaga Legarra izan da bigarrena, 472,5 puntu bilduta. Haien atzetik sailkatu dira, hurrenez hurren, Aitor Etxebarriazarraga Gabiola (472), Koldo Gezuraga Seijido (460), Aissa Intxausti Aburruza (427,5) eta Arkaitz Zipitria Mendizabal (426).

Bartrarekin batera, beste hiru bertsolari zuzenean sailkatuta daude finalaurrekoetarako. Ibon Ajuariagojeaskoa gailendu zen Durangoko kanporaketan; Gorka Pagonabarraga, Igorrekoan; eta Txaber Altube, Ortuellan.

Bosgarren kanporaketa datorren larunbatean jokatuko dute Elorrioko Arriola antzokian. Sei bertsolari ariko dira: Aitor Arrutia Azkueta, Peru de Pedro Larrea, Igor Galarza Intxausti, Imanol Arrutia Azkueta, IƱaki Iturriotz Zuluaga eta Imanol Uria Albizuri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.