Zazpi lagun atxilotu dituzte migratzaileak Frantziako Estatura eramatea egotzita

Etorkinak diruaren truke Baionara eta Bordelera eramaten zituen sare antolatu baten kontrako operazioa izan da. Poliziak uste du 60 bat aldiz eraman zituztela migratzaileak mugaz bestaldera.

Poliziaren kontrol bat Irun eta Hendaia arteko mugan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Julen Aperribai.
2021eko urriaren 25a
10:15
Entzun

Guardia Zibilak zazpi lagun atxilotu ditu Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, egoera irregularrean dauden migratzaileak Frantziarako mugaz bestaldera eramatea leporatuta. Europolek eta Gendarmeriak ere parte hartu dute polizia operazioan. Espainiako Barne Ministerioak ohar bidez jakinarazi duenez, Afrika iparraldetik eta mendebaldetik Iberiar penintsulara itsasoz iritsitako migratzaileak atzeman, eta Frantziarako muga gurutzatzen zuten haiekin.

Sare antolatu moduan lan egiten zuen taldeak, Efe berri agentziaren arabera. Nafarroan eta Gipuzkoan egiten zuten kontaktua migratzaileekin, batez ere. Egoera irregularrean zeuden pertsonek muga igarotzeko prezioa adosten zuten trafikatzaileekin, eta, ondoren, talde bat arduratzen zen horiek mugaz bestaldera eramateaz. Nagusiki, Baionara eta Bordelera (Okzitania) eramaten zituzten.

Berri agentziak azaldu duenez, sareko kideek migratzaileei ohartarazten zieten Poliziaren berri izanez gero autotik jaitsi behar izango zutela, eta auto-stop egiten ari ziren itxura egin beharko zutela. Poliziaren iturrien arabera, azken bi hilabeteetan 60 bat aldiz mugitu zituzten pertsonak, eta horietako bakoitzean hiruzpalau migratzaile eraman zituzten.

Poliziak hainbat etxe miatu ditu Nafarroako Urrasun eta Irurita herrietan. Sakelako telefonoak eta ordenagailuak atzeman dituzte, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.