Sudango estatu kolpea

Militarrek esan dute trantsizioaren «bidea zuzentzen saiatzen» ari direla

Al-Burhanek adierazi du Sudanen ez dela estatu kolperik izan, eta azaldu du «laster» gobernu berri bat izango dela; Kontseilu Subiranoarentzat, hark du «autoritate legitimoa» oraindik ere. Armadak gutxienez zazpi lagun hil ditu manifestazioetan.

Sudango Khartum hiriburuan atzo izandako protesta baten irudia. STRINGER / EFE
ander perez zala
2021eko urriaren 26a
13:43
Entzun

Estatu kolpearen biharamunean, Sudango trantsizio gobernua osatu duten bi sektoreak, zibila eta militarra, borroka dialektiko batean murgildu dira atzo gertaturikoaren bertsioa finkatzeko, eta datorrenari begira jartzeko. Batetik, Kontseilu Subiranoak kolpea jo nahi izan du mahai gainean, ohar baten bidez: «[Sudango lehen ministro Abdalla] Hamdok buru duen trantsizio gobernuak herrialdeko autoritate legitimoa du oraindik ere. Sektore militarrak harturiko alde bakarreko neurriek eta erabakiek ez dute oinarri konstituzionalik, eta horietako batzuek legea urratzen dute». Bestetik, Abdel Fatah al-Burhan buruzagi militarrak adierazi du ez dutela estatu kolperik egin, baizik eta trantsizioaren «bidea zuzentzen saiatzen» ari direla, gerra zibila saihesteko.

Gaur-gaurkoz, ez dago batere argi zer gertatuko den datozen asteetan, baina Al-Burhanek herritarrak eta nazioartea lasaitu nahi izan ditu, adierazita Sudanen «herriak onartuko duen» gobernu berri bat izango dutela «laster»; eta, horrekin batera, lehen ministro bat: «Parte hartze zibilarekin lortuko dugu trantsizioa. Berriz diogu gurekin trantsizioa egingo duen gobernu zibil bat egotea nahi dugula, eta [2019ko abuztuko] dokumentu konstituzionalean finkaturiko helburuak onartzen ditugula. [Ituna] Ez da bertan behera geratu».

Buruzagi militarraren agerraldiak agerian utzi du soldaduak beren boterea egonkortzeko asmotan daudela, eta hori justifikatzeko beharra dutela, trantsizioari traizio egitea egotzi baitiete. Al-Burhanek argi utzi nahi izan du duela bi urte abiaturiko prozesu politikoak bere horretan jarraituko duela, baina oraindik zalantzak daude horren inguruan, batez ere iraganean armadarekin izandako esperientziengatik.

Gaur jakinarazitako bide orriaren arabera, bozak 2023ko uztailean egingo dituzte, eta orduan emango diote agintea gobernu zibil bati. Baina, bien bitarterako, eta erakunde politikoak berriz osatzen diren bitartean, herrialdea larrialdi egoeran izango da, eta Interneterako sarbidea pixkanaka itzuliko da.

Horrez gain, buruzagi militarrak honako erabakien berri eman du: besteak beste, datorren gobernuak ez dituela «ohiko politikariak» izango; erakunde judizialak «datozen egunetan» osatuko dituztela; eta agintaldi berrian «iraultzako herritar gazteak» egongo direla.

Al-Burhanen agerraldiaren aurretik, Kontseilu Subiranoak kezka agertu du lehen ministroaren eta gainontzeko politikari atxilotuen egoeraz, ez zekielako ezer haietaz; armadak atzo atzeman zituen, estatu kolpea ez babesteagatik, eta Informazio Ministerioak gaur salatu du egoera kezkagarria izan zitekeela. Azkenean, buruzagi militarrak jakinarazi du haren etxean dagoela Hamdok: «Ez da atxilotu bat. Gonbidatu bat da, segurtasun arrazoiengatik, eta krisia amaitzean itzuliko da bere etxera. Osasunez ongi dago». Nolanahi ere, Al-Burhanen bulegoko iturri batek Efe berri agentziari adierazi dio, gaur iluntzean, Hamdok aske utzi dutela, bere etxera itzuli ahal izan duela, eta mugitzeko eta komunikatzeko askatasuna duela.

Estatu kolpea egitearekin batera, militarrek trantsizio gobernua eta kontseilua desegingo zituztela jakinarazi zuten atzo, argudiatuta ordezkari zibilen eta militarren arteko lantaldean izandako krisiek «arriskuan» jarri zituztela herrialdearen bakea eta segurtasuna.

Kontseilu Subiranoak, baina, ez du amore eman, eta Al-Burhanen gaurko agerraldiaren aurretik adierazi du trantsizio gobernua «alde bakarrez desegiteko» erabakiaren kontra dagoela: «Erabat arbuiatzen ditugu herrialdea berriz totalitarismoetara daramaten kolpe militarrak».

Sektore zibila herritarrei begira ere jarri da, eta eskerrak eman dizkie atzo eta gaur kalera atera direnei, estatu kolpearen aurka egiteagatik; hori bai, eskatu die ekintza baketsuetara mugatzeko, eta doluminak helarazi dizkie manifestazioetan hildakoen senideei. Azken informazioek diotenez, militarrek gutxienez zazpi lagun hil eta 140 zauritu dituzte.

Khartum hiriburua da desegonkortasun egoera horren erakusle. 2019ko protestak antolatu zituen Sudango Profesionalen Erakundea sindikatuak zabalduriko irudietan —sindikatuen buruzagitzak desegiteko asmoa du armadak—, hainbat barrikada ikusten dira, zementuzko blokeez osatuak, eta atzoko manifestazioek eragindako kalteak ere bai. Hiri horretan, gainera, Internet etenda dago oraindik ere.

Sindikatuak protestan jarraitzeko deia egin du, eta hark ere, trantsizio gobernuak bezala, herritarrei eskatu die «era baketsuan» aritzeko eta desobedientzia zibila erabiltzeko.

2019tik honako krisia

Bide luzea egin du egunotako krisiak, 2019ko apirilaren 11tik. Egun hartan, egoera ekonomikoagatik herritarrek egindako protestek akuilatuta, armadak boteretik kendu zuen Omar al-Baxir, 1989az geroztik herrialdeko presidente zena. Trantsiziorako Kontseilu Militarrak hartu zuen agintea, eta urte horretako ekainean adierazi zuen bederatzi hilabete geroago deituko zuela hauteskundeetara.

Baina oposizioa —alderdi politikoak eta gizarte zibileko elkarteak bildu ziren plataforma batean— ez zen fidatzen: protestan jarraitu zuen, botere exekutiboa zibilen esku gera zedila eskatuz. Tentsioa handia zen kalean, eta bi aldeak negoziatzen hasi ziren, akordio bat lortu arte; uztailean, azaldu zuten Kontseilu Subiranoa osatu zutela, eta militarrez eta zibilez osatutako organo horrek izango zuela herrialdearen kontrola 2022aren erdialdera arte, bozak egin arte. Lehen 21 hilabeteetan, militar bat izango zen kontseiluaren burua, eta hurrengo 18etan, zibil bat.

Kontseilua osatu zenetik tentsioa egon zen buruzagi zibilen eta militarren artean, baina bi aldeek lortu zuten nola edo hala aurrera jarraitzea, «trantsizio demokratikoa» amaieraraino eramateko. 2019ko udan adostu bezala, Kontseilu Subiranoa 11 lagunek osatu dute; zehazki, bost zibilek, bost militarrek eta bi aldeek aukeratutako beste zibil batek, txandakatuta. Helburu hauek finkatu zituzten: bakea bermatzea, krisi ekonomikoa konpontzeko neurriak hartzea, justizia sistema erreformatzea, eta, besteak beste, konstituzio berri bat idazteko bideak irekitzea.

Horietako gehienak, ordea, ez dira bete, bataren edo bestearen kexengatik, eta horrek giroa gaiztotzea besterik ez du eragin, atzo arte.

Testuinguru horretan, eta hurrengo gertakarien zain, NBE Nazio Batuen Erakundeak estatu kolpeaz eztabaidatuko du gaur, Segurtasun Kontseiluan. NBEk eskari bat egin dio jada Sudango armadari: Hamdok eta gainontzeko atxilotuak aska ditzala.

EB Europako Batasunak estatu kolpea gaitzetsi du gaur kaleratutako adierazpen bateratu batean, eta nabarmendu «onartezina» dela «trantsizio demokratikoari» egindako «erasoa». Zigorrak jartzeko mehatxua egin die Bruselak militarrei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.