Albistea entzun

Eskuin muturra

Jende andana bildu da Miarritzen Eric Zemmour eskuin muturreko polemistaren aurka

Besteak beste, LAB sindikatuak, EH Baik eta Les Bascos LGBT kolektiboak egin dute deialdia. Oraindik ofizialki deklaratu ez bada ere, Frantziako presidentetzarako hautagaitza prestatzen ari da Zemmour, 2022ko bozetarako.

Zemmourren kanpaineko afixa bat, Angelun (Lapurdi).
Zemmourren kanpaineko afixa bat, Angelun (Lapurdi). Guiilaume Faveau Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi -

2021eko urriak 26

Jende andana bildu da Miarritzen (Lapurdi) Eric Zemmour eskuin muturreko polemistaren etorrera salatzeko, besteak beste, EH Baik, LABek, Les Bascosek, IPEH Antifaxistak eta GKSk deitu duten mobilizazioan. Frantziako Poliziak osatutako hesiaren aitzinean, oihuka eta txistuka hartu dituzte Irati gelara sartzeko lerroa egiten ari zirenak, eta petardoak eta arrautzak ere bota dituzte. Euskal Herria Antifaxista! eta Alde hemendik, utzi bakean! leloak entzun dira nagusiki. Tentsio momentu batzuk izan badira ere, ez da istilurik egon.

Bere liburu berria aurkezteko hitzaldi sorta antolatu du Frantziako Estatuan Zemmourrek, eta, gaur, Irati gelan emana zien ordua bere jarraitzaileei. Ofizialki hautagai gisa deklaratu ez bada ere, heldu den urteko Frantziako presidentetza hauteskundeetarako hautagaitza aurkeztuko duela ontzat emana dago. Liburu aurkezpenarekin, aurre kanpaina gisako bat abiatu du nolazpait. Eta ezbairik gabe, arrakasta lortzen ari da. Ekitaldiak egin dituen gainerako lekuetan bezala, dozenaka pertsona bildu dira arraza gorrotoa zabaltzeagatik behin baino gehiagotan zigortu duten kazetari ohia entzutera.

«Hemen gaude Zemmourri errateko ez duela bere tokia hemen, ezta haren ideiek ere, eta halako probokazioak ez daitezen normaltasunez gerta», adierazi du Anita Lopepe EH Baiko eledunak. Salatu du Frantziako Poliziak denon diruarekin ordenu zerbitzua egin diola polemistari, bere dirua sinatzeko ekitaldirako.

«Salaketa sinbolikoaz haratago hasi behar gara antolatzen errealki faxismoaren kontra egiteko, eta antolakuntza komunista da faxismoari egiazki aurre egiteko modua», esan du Ipar Euskal Herriko GKSko Gabi Daraspek.

Zemmourrek zabaltzen dituen ideiak «atzerakoiak» direla eta Euskal Herrian ongi etorria ez dela erakutsi behar zaiola adierazi du LABeko Eñaut Aramendik.

Itxura guzien arabera, Eric Zemmour hautagaia izango da 2022ko Frantziako presidentetzarako hauteskundeetan. Ultraeskuindarra, arrazista, erreakzionarioa eta homofoboa da, eta Frantziaren burujabetza defendatzen du Europako Batasunaren aldean. Haren diskurtsoa «Frantziaren gainbeheraren» ingurukoa da, eta uste dute gai izango dela bigarren itzulira pasatzeko beharrezkoak dituen zenbait boto kentzeko Marine Le Peni. Analista anitzek diote 2017an François Fillonen alde egin zuten Errepublikanoetako hautesleak irensteko gai ere izanen da.

Polemistak ez du ez alderdirik, ez eta mugimendurik ere, baina haren aldeko sostengu taldeak sortu dira han-hemen. Ipsos etxeak joan zen astean plazaraturiko galdeketaren emaitzen arabera, botoen %16 lortuko lituzke, eta Marine Le Penekiko berdinduta geratuko litzateke edo hura gaindituko luke.

Polemistak, Suicide français liburuaren 400.000 ale saldu zituen. Musulmanen aurkako probokazioz eta gezurrez betetako entsegu bat da. Italiako egunkari bati esan zion bost milioi musulman Frantziatik deportatu behar zirela.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Euskal Hirigune Elkargoko batzarra, joan den abenduan, Baionako Arteen Hirian. ©BOB EDME

Ezinegonak agerian, elkargoko aurrekontuaren eztabaidan

Ekhi Erremundegi Beloki

Martxoaren 4ko batzarrean bozkatuko dute Euskal Hirigune Elkargoko 2023ko aurrekontua. 2026 arte hogei milioi euro emanen dituzte herrientzat. Lurralde desoreka salatu dute hautetsi batzuek
 ©JON URBE / FOKU

«Ez genuen espero, identifikazio saioa egitea beti ukatu baitigute»

Xabier Martin

Merinok ez zuen espero, 40 urte pasatuta, segadan parte hartu zuten poliziak identifikatzeko saio batera deituko zutenik. Fisikoki aldatu arren, Merino ziur dago aurpegiez: «Haien eskuetatik pasatu garenok badakigu».

Gregorio Eskuderoren aldeko manifestazioa, gaur, Orion. ©Gorka Rubio / FOKU

Gregorio Eskudero 70 urteko presoa Euskal Herriratzeko eskatu dute Orion

Berria

Eskuderori hirugarren gradua ezartzeko ere eskatu du Sarek. Orain, Dueñaseko (Espainia) kartzelan dago preso, lehen graduan.

Plaza Hutsan 350 lagun baino gehiago elkartu dira. ©SORTU

«Herrigintza aro berri bat pizteko oinarria» jarri du Sortuk Burlatan

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Plaza Hutsa bete dute 350 lagunek baino gehiagok, herrigintzaren eta estrategia independentistaren arteko lotura sakontzeko helburuarekin.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.