Klima larrialdia

NBE: «Oraindik klima hondamendirako bidean gaude»

Nazio Batuen Ingurumen Programak gaur aurkeztu duen txostenaren arabera, estatuek hartu dituzten azken konpromisoak urrun daude klima aldaketa bortitz bat saihesteko behar direnetatik. 2030erako isuriak erdira murriztu beharko liratekeela ohartarazi dute.

Manifestarak, Alemaniako Datteln hiriko ikatz lantegi baten aurrean protestan, joan den maiatzean. FRIEDEMANN VOGEL, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko urriaren 26a
18:58
Entzun

Ez da nahikoa. Hainbat estatuk karbono dioxidoaren isuriak zerora murrizteko konpromisoa hartu dute, eta 2030. urterako hainbat helburu ezarri, klima aldaketari aurre egiteko, baina NBIP Nazio Batuen Ingurumen Programak gaur aurkeztu duen txostenean jasotzen denez, konpromiso horiek beteta ere ezingo lirateke Parisko Hitzarmeneko helburuak lortu.

NBIPren lanak azaltzen duenez, estatuek berotegi gasen isuriak murrizteko iragarri dituzten azken konpromisoen eragina oso mugatua da. Konpromiso horien azken eguneraketa aztertu du lanak, eta aurretik hitzemandakoekin alderatu. Konpromiso berriekin isuriak %7,5 gehiago murriztuko lirateke, eta kopuru hori urrun gelditzen da Parisko Hitzarmeneko helburuak betetzeko beharko litzatekeen kopurutik. Lurraren berotzea mende amaierarako bi gradura mugatzeko, murrizketak %30ekoa beharko luke 2030ean, eta %55ekoa 1,5 graduko berotzea gainditu nahi ez bada. Egungo erritmoan, 2,7 gradu berotuko litzateke planeta 2100 urterako.

«Glasgowko (Eskozia) COP26 goi bilerarako astebete falta dela, oraindik klima hondamendirako bidean gaude», adierazi du Antonio Guterres NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak, txostenaren aurkezpenean. «Beroaldia hemen da, eta, txostenaren edukiak erakusten duenez, behar dugun lidergoa lo dago».

Karbono dioxidoaren isuriak zerora murrizteko egin dituzten promesak betez gero, 2,2 gradura mugatuko litzateke lurraren berotzea mendea amaitzerako. Oinarri bat litzateke, neurri gehigarriekin klima aldaketaren ondorio suntsitzaileenak saihesteko. Hala ere, adituek ohartarazi dute isuriak eteteko konpromiso horiek «zehaztugabeak» direla, eta bateraezinak 2030erako estatuek ezarri dituzten helburuekin. Hori dela eta, txostenaren egileak zuhur agertu dira.

Inger Andersen NBIPko zuzendariak nabarmendu du munduak «esnatu» egin behar duela «espezie gisa dugun berehalako arriskua» gainditzeko. «Herrialdeek helburu berriak lortzeko politikak jarri behar dituzte abian, eta neurriak hilabeteetako epean hartzen hasi». Zehaztasun handiagoa eskatu du karbono isuriak eteteko helburua lortzeko. Oraingoz, 49 estatuk eta EBko 27ek hartu dute karbonorik gabeko herrialde bilakatzeko konpromisoa. Berotegi gasen isurien erdiaren erantzule dira.

Txostenak argi dio, gainera, Lurraren berotzea 1,5 gradura mugatzeko ezinbestekoa dela orain artekoak baino konpromiso sakonagoak hartzea. Berotegi gasen isuriari dagokionez, beharrezkotzat jotzen du 2030a baino lehen isuri kopurua erdira jaistea.

Aldaketa hori bultzatzeko aukera ona iruditu zaie txostenaren egileei COVID-19aren ostean hainbat herrialdeek onartu dituzten ezohiko diru poltsak. Horiek ekonomia berdera bideratzea lagungarria litzateke, haien iritziz. Baina ez da halakorik gertatu. «Herrialde gehienetan aukera alperrik galdu da». Estatu aberats gutxi batzuk dira ekonomia berdera bideratutako inbertsioaren zatirik handienaren jabe.

Guterresen esanetan, herrialdeen isurien eta helburuak lortzeko gehienez beharko liratekeenen artean dagoen aldeak erakusten du munduan dagoen lidergoaren eta behar denaren arteko aldea zenbatekoa den. «Agintariek oraindik inflexio puntu bat ezar dezakete etorkizun berdeago baterantz, klima hondamendirantz beharrean. Erdibideko neurrien eta promesa hutsen garaia amaitu behar dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.