Indarkeria matxista

Karolina Sarasua iraindu eta mehatxatu zuten gazteak identifikatu ditu Poliziak

Adin txikikoak dira guztiak, eta, beraz, Adin Txikikoen Fiskaltzaren eskuetan gelditu da jazoerari buruzko ikerketa.

jarraia205108.jpg
2021eko urriaren 27a
10:35
Entzun

Espainiako Poliziak identifikatu egin ditu Karolina Sarasua Osasuna B taldeko jokalariari irain eta mehatxu sexista ugari egin zizkioten gazteak. Adin txikikoak dira guztiak, eta, beraz, Adin Txikikoen Fiskaltzaren eskuetan gelditu da jazoerari buruzko ikerketa. Urriaren 9an Osasuna B eta Nueva Montaña taldeek Santanderren (Espainia) jokatutako norgehiagokan jazo zen dena. «Bortxatu egingo zaitut», «altxa ezazu kamiseta titiak eta ipurdia erakusteko», «zure amak zakila zurrupatzen dit» etah halako irain eta sexu mehatxuak entzun behar izan zituzten Sarasuak eta gainerako jokalariek.

Jokalariei ez ezik, norgehiagokako epaileari ere egin zizkieten mehatxuak, eta neurketa amaitzean sare sozialen bitartez salatu zuen partida hartan jasan behar izan zutena. Irain eta sexu mehatxu guztiak paper batean zerrendatuta ageri ziren irudi bat zabaldu zuen, eta berehala zabaldu zen: 17.000 birtxiotze baino gehiago ditu egun txioak. Norbanako askoren eta askoren gaitzespen mezuak eta erasoa jasan behar izan zutenentzako babes mezuak gailendu ziren sareetan, eta jarrera horiek lotsagarri eta onartezin gisa izendatzeko baliatu zuten batzuek. «Mila esker guztioi laguntzagatik. Nahiko nuke horrelako irainak lehenbailehen amaiaraziko bagenitu; gaur bizi izan dudana ez diot inori opa», adierazi zuen Sarasuak, epailearen zerrenda birtxiotuz.

Protokoloen beharra

Hain justu ere, gertakariaren harira jasotako babes zabala nabarmendu zuen Sarasuak BERRIAri emandako elkarrizketa batean. Irainen egileak errealitate bat agerian jartzeko salatu zituela azaldu zuen Osasunako jokalariak, eta, bereziki, gaitz hori etorkizuneko jokalariek bizi behar ez izateko: «Futbolean aritzeko ilusioa duten 12-13 urtekoengan pentsatu dut, neuregan baino gehiago. Haiengatik egin nuen, gehienbat». Horregatik esan zuen «kito», eta horrelako jarreren aurkako neurriak hartzeko deia ere egin zien agintariei: «Debekatu egin behar zaie kirol instalazioetan sartze hutsa».

Urriaren 9an Santanderren gertatutakoak agerian utzi du irain eta mehatxuen kontrako protokoloen beharra; izan ere, Karolina Sarasuari egindako irain eta mehatxuek agerian utzi dute kirolean matxismoak tokirik baduela oraindik ere. Hori dela eta, gisa horretako erasoei aurre egiteko protokoloak behar direla nabarmendu dute zenbait eragilek, erasoa jasan duen hark salatzeko ardura bere gain hartu behar ez izateko.

Jarraitu irakurtzen: Karolina Sarasua: «Espero dut aurrerantzean, partidetan, lehen iraina edo mehatxua entzun orduko jokoa geratzea»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.