Hizkuntza eskubideak jomugan

CCOOk jarritako helegiteari EH Bilduk egindako kritikak gaitzetsi ditu sindikatuak

CCOOk azaldu du arriskutsua iruditzen zaiola «herri batekiko atxikimendua hizkuntzaren bidez bakarrik neurtzea», eta «euskara ez jakite hutsa eskuin muturrarekin» lotzeak elkarbizitza zailtzen duela.

Euskalgintzaren Kontseiluaren manifestazio bat, Iruñean, aurtengo uztailean. IñIGO URIZ / FOKU
2021eko urriaren 27a
12:50
Entzun

Astelehenean behin-behineko ordezko udaltzainen lan poltsari helegitea jarri zion CCOO sindikatuak, eta hori gaitzetsi zuen EH Bilduk. Sindikatuak ohar baten bidez jakinarazi zuenez, ez dago ados poltsa horretan sartzeko B2 mailako euskara gaitasuna eskatzearekin. Eusko Jaurlaritzari egotzi zion bere hizkuntza legedia urratu izana, eta ELAren eta LABen «presio baztertzaileetara makurtu» izana.

Horren aurrean, EH Bilduk salatu zuen EAJk «ezezkoa» eman diola legez euskara «baldintza gisa» jartzeari. Izan ere, lege bidez araututa egongo balitz, ezin izango litzateke CCOOk aurkeztu zuen gisako helegiterik jarri. Koalizioak gehitu zuen horrek ateak irekitzen dizkiela «Euskal Herriarekiko inolako atxikimendurik» ez duten pertsonei. Salatu zuen Polizia aukeratzeko erabiltzen diren irizpideek profil horretako pertsonak onartzen dituela, eta ondorio argi bat adierazi zuen: «Ideia ultraeskuindar eta autoritarioak dituzten kideak euskal polizia bera kolonizatzen ari dira».

Adierazpen horiei erantzun die gaur CCOOk. Lehen kritikari buruz, esan du arriskutsua iruditzen zaiola «herri batekiko atxikimendua hizkuntzaren bidez bakarrik neurtzea», eta «ultraeskuineko alderdi europarrei ongietorria emateko baieztapen bat» dirudiela.

Bigarren adierazpenari buruz, berriz, sindikatuak gaitzetsi du nahita lotzen duela euskararen ezjakintasuna mugimendu ultraeskuindar eta autoritarioekin: «Baieztapen hori elkarbizitza ahalbidetzen duen herri bat eraikitzetik urrun dago; zoritxarrez, identitate anitzak ezabatzetik gertuago dago», gehitu du sindikatuak.

Amaitzeko, esan du ez diotela eztabaidari uko egingo, eta euren apustua dela hizkuntza aniztasunean elkarrekin bizitzeko adostasunak lortzea: «Horretan askatasunez jardungo dugu, mehatxurik eta gezurrik gabe».

Helegitea

Helegite administratiboa CCOOren Herritarrekiko Zerbitzuen Federazioak jarri zuen. Sail horretako idazkari nagusi Cesar Merinok azaldu zuenez, hizkuntza eskakizun hori lan eskaintza publikoan sartzea Eusko Jaurlaritzaren 86/1997 dekretuaren kontrakoa da, zeina administrazio publikoan euskararen normalizazioa sustatzeko onartu baitzen. «Dekretu horrek dio hizkuntza eskakizunak leku bakoitzeko errealitatera egokitu behar direla. Kasu honetan, lan poltsa jakin bat eratu da, zeinetan B2 maila beharrezkoa den», argudiatu zuen. Euskara «puntuazioa kontuan hartzeko orduan meritua» izan beharko litzatekeela iritzi zion Merinok, eta ez «eskakizun baztertzailea». Lekuan lekuko administrazio publikoak irizpide propioak ezartzea defendatu zuen, eta haren esku geratzea zein hautagairi emango dioten postua, ezarritako irizpide horiek kontuan hartuta.

Irungo Udalak hamabi udaltzain postutarako ezarritako hizkuntza eskakizunekin gertatutakoa gogora ekarri zuen Merinok, eta orduko hartan EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzitakoak CCOOren argudioekin bat egiten duela adierazi: «Esan zuen lan eskaintzarako oinarriak herri bakoitzeko hizkuntza eskakizunetara egokitu behar zirela». Hautsak harrotu zituen Irungo lan eskaintzarekin gertatutakoak, maiatzean: auzitegiak bertan behera utzi zituen lan eskaintza horretarako ezarritako hizkuntza eskakizunak, euskaraz ez dakitenentzat «diskriminatzaileak» zirela argudiatuta. Euskalgintzako hainbat eragilek gogor gaitzetsi zuten ebazpena, eta, Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, elkarretaratzea egin zuten Bilbon, Auzitegi Nagusiaren aurrean. Eusko Jaurlaritzak esan zuen lan eskaintzak ez zuela legedia urratzen.

Euskara eskakizun moduan hartzeak kaleratzeak eragingo dituela argudiatuta ere justifikatu zuen CCOOk bere posizioa. Eskatutako maila ez duten udaltzainak «baztertu» egiten direla adierazi zuen Merinok; tartean, orain arteko lan eskaintzetan postua lortu dutenetako batzuk. Eskatutako maila dutenekin ere gauza bera gerta daitekeela ohartarazi zuen, ezin dutelako egiaztatu zer maila duten: «Ez diete aukera ematen maila egiaztatzeko proba bat egiteko. Baztertzea da hori».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.