CCOOk helegitea jarri dio udaltzainen lan poltsari, B2 maila eskatzen dutelako

Euskara maila «meritua» izan dadin nahi du sindikatuak. Kontseiluak gogoratu du administrazioek herritar denen hizkuntza eskubideak bermatu behar dituztela

Kontseiluak deituta maiatzean Bilbon egindako elkarretaratzea, Irungo Udaltzaingoaren lan eskaintzaren inguruan izandako polemikaren harira. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Julen Aperribai.
2021eko urriaren 26a
00:00
Entzun
Behin-behineko ordezko udaltzainen lan poltsari helegitea jarri dio CCOO sindikatuak. Herenegun ohar baten bidez jakinarazi zuenez, ez dago ados poltsa horretan sartzeko B2 mailako euskara gaitasuna eskatzearekin. Eusko Jaurlaritzari egotzi zion bere hizkuntza legedia urratu izana eta ELAren eta LABen «presio baztertzaileetara makurtu» izana. Eusko Jaurlaritzaren «noraezari» erantzun egingo diola ohartarazi zuen sindikatuak.

CCOOren Herritarrekiko Zerbitzuen Federazioak jarri du helegite administratiboa. Sail horretako idazkari nagusi Cesar Merinoren arabera, hizkuntza eskakizun hori lan eskaintza publikoan sartzea Eusko Jaurlaritzaren 86/1997 dekretuaren kontrakoa da, zeina administrazio publikoan euskararen normalizazioa sustatzeko onartu baitzen. «Dekretu horrek dio hizkuntza eskakizunak leku bakoitzeko errealitatera egokitu behar direla. Kasu honetan, lan poltsa jakin bat eratu da, zeinetan B2 maila beharrezkoa den», argudiatu zuen. Euskara «puntuazioa kontuan hartzeko orduan meritua» izan beharko litzatekeela iritzi dio Merinok, eta ez «eskakizun baztertzailea». Lekuan lekuko administrazio publikoak irizpide propioak ezartzea defendatu zuen, eta haren esku geratzea zein hautagairi emango dioten postua, ezarritako irizpide horiek kontuan hartuta.

Irungo Udalak hamabi udaltzain postutarako ezarritako hizkuntza eskakizunekin gertatutakoa gogora ekarri zuen Merinok, eta orduko hartan EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzitakoak CCOOren argudioekin bat egiten duela adierazi: «Esan zuen lan eskaintzarako oinarriak herri bakoitzeko hizkuntza eskakizunetara egokitu behar zirela». Hautsak harrotu zituen Irungo lan eskaintzarekin gertatutakoak, maiatzean: auzitegiak bertan behera utzi zituen lan eskaintza horretarako ezarritako hizkuntza eskakizunak, euskaraz ez dakitenentzat «diskriminatzaileak» zirela argudiatuta. Euskalgintzako hainbat eragilek gogor gaitzetsi zuten ebazpena, eta, Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, elkarretaratzea egin zuten Bilbon, Auzitegi Nagusiaren aurrean. Eusko Jaurlaritzak esan zuen lan eskaintzak ez zuela urratzen legedia.

Euskara eskakizun moduan hartzeak kaleratzeak eragingo dituela argudiatuz ere justifikatu zuen CCOOk bere posizioa. Eskatutako maila ez duten udaltzainak «baztertu» egiten direla adierazi zuen Merinok; tartean, orain arteko lan eskaintzetan postua lortu dutenetako batzuk. Eskatutako maila dutenekin ere gauza bera gerta daitekeela ohartarazi du, ezin dutelako egiaztatu zer maila duten: «Ez diete aukera ematen maila egiaztatzeko proba bat egiteko. Baztertzea da hori».

CCOOren mugimendua kezkaz ikusi du Euskalgintzaren Kontseiluak. Lanpostu publikoetan hizkuntza eskakizunak betetzearen garrantzia azpimarratu zuen Paul Bilbao idazkari nagusiak: «Herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatuko dituzten langileak kontratatu behar ditu administrazioak». Halaber, betebehar horrek garrantzi berezia du Poliziaren esparruan, Bilbaok esan zuenez, «kontuan hartuta oso esparru sentibera dela eskubideei dagokienez». Adibidez, gogoratu du atxiloketa bat dagoenean atxilotuak jakin egin behar duela zergatik atxiki duten, eta herritarrek eskubidea dutela gisa horretako komunikazio ekintzak euskaraz izan daitezen.

Bestalde, CCOOren helegitearen ondorioz hizkuntza eskubideen esparrukoa «judizializatzeak» sortzen dio benetako kezka Kontseiluari, Bilbaok azaldu duenez. «Botere judiziala nolabaiteko ofentsiba bat helarazten ari da euskaldunon hizkuntza eskubideen arloan. Kezkatzen gaitu afera hauek judizializatzeak; are, ikusita zer-nolako irakurketa murritzak egiten ari diren epaitegietan».

Izan ere, auzitegiek esku hartu dute aspaldian hizkuntz eskubideekin lotutako auzietan. Irailean, esaterako, EAEko Justizia Auzitegiak Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren esku utzi zuen udal aktak euskara hutsean bidaltzearen inguruan eman behar zuen ebazpena, Vox alderdi ultraeskuindarrak helegite bat jarri ondotik.

EH Bildu, haserre

EH Bilduk, ordea, salatu du EAJk «ezezkoa» eman diola legezeuskara «baldintza gisa» jartzeari. Izan ere, lege bidez araututa egongo balitz, ezin izango litzateke CCOOk aurkeztu duen gisako helegiterik jarri.

Koalizioak gehitu du horrek ateak irekitzen dizkiela «Euskal Herriarekiko inolako atxikimendurik» ez duten pertsonei. Polizia aukeratzeko erabiltzen diren irizpideek profil horretako pertsonak onartzen dituela salatu, eta ondorio argi bat adierazi du: «Ideia ultraeskuindar eta autoritarioak dituzten kideak euskal polizia bera kolonizatzen ari dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.