Albistea entzun

Aurrekontuak

Nafarroako Gobernuak aurten baino %30 gehiago inbertituko du 2022. urtean

Inoizko aurrekonturik handiena izango du, 5.273 milioi eurokoa, aurten baino %8,2 gehiago. Saiz kontseilariak espero du azaroaren 8rako akordioa lortzea EH Bildurekin.

Javier Remirez presidenteorde lehena eta Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, asteazken honetan, gobernu kontseilu ostean. jesus diges / efe
Javier Remirez presidenteorde lehena eta Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, asteazken honetan, gobernu kontseilu ostean. jesus diges efe Jesus Diges (Efe) Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2021eko urriak 28 09:18

Europako funtsen diruak arrastoa utzi du Hego Euskal Herriko gobernuen aurrekontu proposamenetan. Herenegun iragarri zuen Jaurlaritzak inbertsioa %50 handituko duela datorren urtean, eta asteazken honetan, Nafarroako Gobernuak iragarri du aurten baino %30 gehiago inbertituko duela. Horrenbestez, azken hamar urteetako inbertsiorik handiena egingo du. Bezperan, EH Bildurekin «akordio partziala» lortu eta gero, atzo inoizko aurrekonturik handiena aurkeztu zuen gobernuak: 5.273 milioi eurokoa, aurten baino %8 gehiago.

Haatik, hamar eurotik bat finantza gastuetara bideratuko da, eta zorraren zama handi hori aintzat hartuta, gastu muga 4.767 milioi eurokoa da. Irailean egindako lehen aurkezpenetik, 16 milioi euro izango ditu zerbitzuak eta inbertsioak finantzatzeko.

Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariak argudiatu du gastu mugaren igoera hori neurri batean langile publikoen %2ko soldata igoeraren ondorio dela, espero baitute zeharkako eragina izango duela eta zerga bilketa handituko duela. «Gainera, hainbat departamenduren eta enpresa publikoen diru sarreren aurreikuspenak doitu egin ditugu. Kalkulatutako kopuru horri kendu egin behar zitzaion argindar fakturaren eragina, bai energia elektrikoaren produkzioaren gaineko zergarena, bai argindarraren gainekoarena».

Kontseilariak espero du aurrekontuok «susperraldiaren oinarriak» jartzeko balioko dutela. Nabarmendu du «esfortzu bikoitza» eskatu dutela: alde batetik, «berehalakotasun handieneko beharrak antzemateko eta horiei aurre egiteko»; bestetik, gobernuko bazkideek, parlamentuan gutxiengoan direnez, gehiengoak bilatzeko. Bezperan erdietsi zuen aurreproiektuen gaineko akordioa EH Bildurekin, eta Saizek nabarmendu du oposizioko alderdien artean «adostasunera heldu nahi izan duen bakarra» izan dela.

Gobernu Kontseiluak onartu du aurreproiektua, eta, urtero legez, haren edukia helaraziko die Gizarte eta Ekonomia Kontseiluan bilduta diren gizarte eragileei eta Foru Erregimeneko batzordean bilduta diren tokiko erakundeei. Haien eskuetatik pasa ostean, lege proiektua bera azaroaren 8an onartzea espero du gobernuak, eta handik parlamentura igorriko luke, han bere bidea egin dezan. Ordurako, Saizek uste du erabateko akordioa lortuko dutela EH Bildurekin, haren esanetan, «negoziazioak aurreratuta» daudelako.

Zerga arloko neurriak

Asteartean, EH Bilduko Bakartxo Ruizek aipatu zuen zergen arloan ikuspegiak urrun daudela oraindik ere. Gaurkoan, gobernuak fiskalitaterako bere neurriak aurkeztu ditu. Errenta zergan, tarifaren %2ko deflaktazioa proposatu du. Norbanakoentzat zein sendientzat oinarrizko beharretara bideratutako gutxieneko errenta %5 handitu nahi du, eta 100 euroraino igo 30.000 eurotik beherako errenta dutenentzat. Sozietate zergan, enpresen kaudimenerako laguntzak zerga ordaintzetik at geratuko dira.

Navarra Sumako Javier Esparzaren esanetan, «moralaren aurkakoa» da aurrekontuak EH Bildurekin hitzartzea.

Gakoak

1. Finantza gastuak. 506 milioi eurokoak dira, eta hamar eurotik bat zorraren zama ordaintzeko da. %30 handitu da atal hori. Gobernuak dio interes tasa apalen ondorioz 11 milioi euro aurreztea lortu duela.

2. Ekarpena. 2020tik 2024 eperako ekarpenaren kalkulua hitzartzeke dute Madrilgo eta Nafarroako gobernuek, eta, horren zain, aurrekontuetan Txibiteren gobernuak bere gain hartu gabeko eskumenen gastuak finantzatzeko 2022an 573 milioi pagatzea proposatuko du.

3. Inbertsioak. 222 milioi euroko inbertsioa egingo du Nafarroako Gobernuak 2022an, azken hamarkadako kopururik handiena.

4. Europako funtsak. Aurrekontuetan jasota datorrenez, Europako funtsetatik 162 milioi helduko dira: 73 milioi euro pandemiari aurre egiteko React funtsetik, eta beste 89 milioi trantsizio ekonomikoa eta digitalizazioa bultzatuko duten Suspertze eta Erresilientzia Mekanismotik. Dena den, espero da finantzaketa hori handitzea, funts horretako diru gehiago esleitu ahala.

5. Gastu soziala. Hezkuntza, Osasuna eta Gizarte eskubideen departamenduek orotara aurrekontuaren %54 jasoko dute. Osasunak izango du aurrekonturik handiena, 1.261 milioi eurokoa, eta Hezkuntzak, bigarren handiena: 792 milioi eurokoa. Gizarte Eskubideak Departamenduak 528 milioi euroko aurrekontua du.

6. Udalak. Nafarroako udalek aurten baino hamasei milioi euro izango dituzte gastu eta zerbitzuak finantzatzeko: orotara, 270 milioi. Gainera, tokiko azpiegituretan 30 milioi euro inbertituko dira.

7. Errepideak. Errepide sarearen obretara eta mantentze lanetara 60 milioi euro bideratuko dira, aurten baino %25 (12,3 milioi) gehiago. Pirinioetako autobidearen eta Bideko autobidearen kanonak ordaintzeko beste 75 milioi euro jarriko dira.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©R. H.
Lehortearen eraginak, Fustiñanako zereal lurretan (Nafarroa). ©IÑIGO URIZ / FOKU

JATEN DUGUN LURRA

Jokin Sagarzazu

Hego Euskal Herrian erabilgarri dagoen uraren %80 nekazaritzan erabiltzen da, lurrak ureztatzeko. Jada hasiak dira labore batzuk beste batzuekin ordezkatzen eta ekoizpenean ur gutxiago baliatzeko teknikak erabiltzen.
 ©ADRIANA CLIVILLE
Auto baten estankotasuna probatzeko ganbera Suzukiren Hungariako lantegi batean. ©ZSOLT SZIGETVARY / EFE

Ura, ekonomiaren zainetan

Irune Lasa

Industrian, zerbitzuetan, ekonomiaren alor gehienetan bihurtu da ezinbestekoa ura erabiltzea. Eta badaude sektore batzuk ur kontsumitzaile oso handiak direnak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.