Martin Ugalderen mendeurrena

Laura Mintegi: «Gure kazetari kartzelatuak ere terroristatzat jo zituzten»

Laura Mintegik 'Martin Ugalderen garaia PENen begiradatik' hitzaldia eman du. Internet bidez zabaldu du BERRIAk.

2021eko urriaren 28a
11:00
Entzun

Euskal PEN elkarteko Laura Mintegik Martin Ugalderen garaia PENen begiradatik hitzaldia eman du Martin Ugalde kultur parkean. PEN Internationalaren sorburua (1921) eta filosofia azaltzen hasi da Mintegi.

Gogorarazi du PEN elkartea idazleen adierazpen askatasuna defendatzeko sortu zela, baina elkar ezagutzeko eta bakea sustatzeko ere erabili zutela azaldu du Mintegik. Kontatu du Alemaniako idazle askok naziak boterera heldu zirenean ihes egin behar izan zutela, eta adierazi du 1935ean, PEN elkartearen Bartzelonako bilkuran egoera salatu zutela. Naziek presio egin zuten Nobel saria ez ziezaioten eman Miguel Unamunori, haren inguruko agiri bat bultzatu zuelako. Ez zioten eman saririk, eta 1935. urte horretan ez zen Literaturaren Nobel saririk.

Mintegik kontatu du Martin Ugalderen familiak nola egin behar izan zuen ihes, frankistak Gipuzkoan eta gero Bizkaian sartu zirenean. Haren aita Venezuelara joan zen Bretagne ontzian. Ugalde, bitartean, Nafarroa Beherean zegoen, ikasten. 1940. urtean, 19 urterekin, Frantziako agintariek Gurseko (Okzitania) kontzentrazio esparruan sartu zuten Ugalde. Gero, Andoainera (Gipuzkoa) itzuli zen.

Gerra amaituta, PEN talde asko zabaldu ziren munduan. Mintegik azaldu du PEN taldeak ez direla estatuen arabera sortzen, baizik eta hizkuntza edo kulturaren arabera. Zentro bakoitzaren pisua bera da: boto bana dute. Azaldu du Euskal Herrikoak presentzia handia duela, eta Espainiak ez duela.

Andoainera itzulita, nekez lor zezakeen lana, «gorri separatista» etiketatu zutelako. Horregatik joan zen Venezuelara. Han elkartu zen familia berriz, banandu eta 11 urtera. Erbestean sortu zuten Euskal PEN elkartea, eta Iparraldean edo Euskal Herritik kanpo zeuden idazleekin osatu behar izan zuten, Hegoaldekoak «arriskuan ez jartzeko». 1950. urtean onartu zuten taldea nazioartean, inolako eztabaidarik gabe. Miarritzen (Lapurdi) jarri zuten egoitza.

1952. urtean, ordea, taldea itzali egin zen.

Elkarteak eginiko lana gogorarazi du Mintegik. Wole Soyinka idazle nigeriarra kartzelatu zutenean haren alde eginiko kanpainak aipatu ditu. «Nigeriako agintariek hura terroristatzat jo zuten, halakoetan beti egiten den bezala. Gure kazetari kartzelatuak ere terroristatzat jo zituzten». Euskaldunon Egunkaria eta Egin kasuak gogorarazi ditu horren harira.

Ehungarren urteurrena

Denboraren joana gero eta gehiago ari da atzera kontaketa estutzen, ezinbestean. Bi aste baizik ez dira falta Martin Ugalde kazetari eta idazlea jaio zela 100 urte betetzeko. 1921eko azaroaren 11n jaio zen, Andoainen. Hura oroitzeko, urte osorako programa dago martxan udaberriaren hondarretik, kazetariaren familiarekin eta hainbat erakunde eta eragilerekin elkarlanean: tartean dira Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Andoaingo Udala, Hondarribiko Udala, Jakin, Euskal Idazleen Elkartea, Elkar, BERRIA eta Martin Ugalde kultur parkea.

Ugalde omentzea da helburu, funtsean, eta, hura hizpide, hitzaldi ziklo batek bidea hasi zuen orain bi aste, urriaren 14an. Nerea Azurmendik Martin Ugalde, historia egin zuen kazetaria hitzaldia eman zuen. Hitzaldi sortak joan den astean izan zuen segida: Iñaki Uriak lekukoa hartu zion Azurmendiri, eta Martin Ugalde eta Egunkaria hitzaldia eman zuen. Gaur dute hirugarrena.

Beste hitzordu batzuk

Hitzaldi zikloak gaur zortzi izanen du amaia, azaroaren 4an. Anjeles Iztueta arituko da hizketan; Martin Ugalde eta politika hitzaldia emanen du, hain zuzen ere.

Hitzaldiez gainera, udaberritik kazetariaren inguruko erakusketa bat egon da ikusgai Hondarribian (Gipuzkoa) eta Donostiako Koldo Mitxelenan, eta abenduaren 4ra arte bisitatu ahalko da Andoaingo Bastero kulturgunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.