Migratzaileak

Migratzaileen karabanan zihoan migrante kubatar bat hil dutela salatu dute Mexikon

Migratzaile kubatarra karabanatik aldendu omen zen. Gerora topatu zuten, hilda. Zenbat aktibistaren arabera, Mexikoko Guardia Nazionala hainbat migratzaileri eraso egiten aritu da azken orduotan.

jarraia205349.jpg
Nagore Arin.
2021eko azaroaren 2a
11:54
Entzun

AEBetara bidean da migratzaileen karabana. Mexikoko hegoaldean dago, eta hamar eguneko nekeari ezbehar baten samina gehitu behar izan diote bertan diren guztiek. Migratzaile kubatar baten heriotza salatu dute, eta gertatu dena ikertzeko eta argitzeko eskatu diete giza eskubideen alde lan egiten duten eragile eta erakundeei. Salatu dutenaren arabera, migratzaile kubatarra karabanatik aldendu zen apur bat, aurreratu egin zen. Gerora topatu zuten, hilda, gorputzean su armekin eragindako hainbat lesio zituela.

Ministerio Publikoak agiri batean azaldu duenez, ikerketa bat ireki dute zer gertatu zen argitzeko, eta esan dute migratzaile kubatarraren heriotzaren erantzule edo erantzuleak zein izan diren ikertuko dutela. Gertatutakoari buruzko zenbait adierazpen egin ditu Irineo Mujica Pueblo Sin Fronteras taldeko kideak ere. AEBetara bidean den migratzaileen karabana horretan dago, eta, adierazi duenez, Mexikoko Guardia Nazionala hainbat migratzaileri eraso egiten aritu da azken orduotan. Xehatu duenez, gutxienez 13 zauritu dituzte dagoeneko, eta erantsi du tiroz zauritutako zenbait migratzaile osasun zentroetara eraman behar izan dituztela.

Hala, gertakarien inguruan erantzun bat emateko eskatu dio Pueblo Sin Fronteras taldeko kideak NBE Nazio Batuen Erakundeari, eta azaldu du CNDH Giza Eskubideen Batzorde Nazionalaren aurrean ere kexa bat aurkeztu duela. Mexikoko Guardia Nazionalaren izenean, aldiz, ohar bat plazaratu dute. Bertan, onartu egin dute agente batzuek tiro egin ziotela ibilgailu bati. Antza, hainbat migratzaile zeuden ibilgailu horren barruan, eta haiei oldartzera zihoazelako egin zieten tiro. Kontatu dutenez, horietako bat hil eta beste lau migratzaile zauritu zituzten, baina ez dute zehaztu horietako bat migratzaile kubatarra den edo ez.

Ibilbide gogor eta nekeza

Bost mila migratzaile inguru doaz migratzaileen karabana horretan. Amerika Erdialdeko herrialdeetakoak eta Haitikoak dira migrante horietako asko eta asko, eta, geldialdi baten ostean, astelehenean ekin zioten berriz ibilbideari. Ehun kilometro baino gehiago egin dituzte dagoeneko, eta Mexiko Hiria jarri dute hurrengo helmuga gisa. Era horretan, haien migrazio egoera erregularizatu nahi dute, eta ondoren iparraldeko mugara iritsi.

Eskualdean aurrez inoiz izan gabeko migrazio bolada batean daude urte hasieratik, eta, Mexikon soilik, dokumentaziorik gabeko 147.000 migratzaileren fluxu bat hauteman dute urtarriletik abuztura bitartean –2020ko hirukoitza–. AEBen eta Mexikoren arteko mugan izandako atzipenen datuek ere inoiz ikusi gabeko zenbakiak ekarri zituzten iaz: 1,7 milioi etorkin baino gehiago hauteman zituen CBP Aduanen eta Mugako Babesaren Bulegoak.

Irailaren hasiera aldean Mexikoko agintariek migratzaileen lau karabanen aurrerapena zapuztu ondoren jarri zen abian azken karabana hau. Guatemalarekin muga egiten duen Chiapasko Tapachula udalerritik abiatu ziren, eta, ordutik, kilometroak egin eta egin ari dira etorkizun hobe baten bila. Orduan, NBE Nazio Batuen Erakundeko eta GKE Gobernuz Kanpoko Erakundeetako hainbat agentziak kritikatu egin zuten segurtasun indarren operazioetan karabana horiek desegiteko indarra erabili izana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.