Albistea entzun

Hezkuntza

Eskola publikoari «lehentasun osoa» emateko eskatu dute Bilbon

Manifestazioa egin dute, Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak deituta. Eskola «bakarra, publikoa, euskalduna eta inklusiboa» aldarrikatu, eta pribatuari «mugak jartzeko» eskatu dute.

Manifestazioaren hasiera, Bilbon.
Manifestazioaren hasiera, Bilbon. @EHIGE1 Tamaina handiagoan ikusi

Gotzon Hermosilla -

2021eko azaroak 6

Herritar ugarik bat egin dute Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformaren deialdiarekin, eta manifestazioa egin dute Bilboko kaleetan «euskal eskola bakarra, publikoa, euskalduna eta inklusiboa» aldarrikatzeko, eta eskola publikoarentzat «administrazioaren lehentasun osoa» eskatzeko.

Manifestazioa Bizkaiko Hezkuntza Ordezkaritzatik abiatu da, Bilboko Kale Nagusian, eta Arriaga plazan amaitu da, Hezkuntza publikoaren alde. Pribatizazioari ez! goiburupean. Deialdiak eragile askoren babesa zeukan: sindikatu, elkarte eta talde askok bat egin dute deialdiarekin, eta 127 ikastetxe, haur eskola eta guraso elkartek ere atxikimendua azaldu dute. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk ordezkaritza bana bidali dute mobilizaziora.

Manifestazioaren bukaera ekitaldian, antolatzaileek adierazi dute hezkuntza sistema dualak «eskola publikoaren kaltetan» jokatzen duela, «segregazioa, bi mailako ikasleak eta gizarte haustura sortzen dituelako». «Hezkuntza ezin da merkatuaren menpe egon», azaldu dute; «hezkuntzarako eskubidea ezin da egon familien ahalmen ekonomikoaren baitan».

Manifestazioaren antolatzaileen esanetan, eskola publikoa da «inklusiboa den bakarra, gizarte kohesioari ekarpen handiena egiten diona eta gehien euskaldundu eta euskalduntzen duena». Horregatik, uste dute sare publikoa eta sare pribatu edo itundua ezin direla parekatu «tratamendu politikoan eta babes mailan».

Aukera baliatu dute eskaera zehatzak egiteko: eskola publikoarentzat «lehentasun osoa» galdegin dute, «eskola bakarra, publikoa, euskalduna eta inklusiboa» aldarrikatu dute, hezkuntza pribatu edo itunduari «mugak jartzeko» eskatu dute, ikastetxeen publifikazioa ahalbidetuko lukeen araudi adostu baten alde egin dute, eta «euskarazko murgiltze eredua orokortzea» proposatu dute: «Ezin da diru publikoarekin finantzatu euskaldundu ez eta integrazioaren kontra jokatzen duten ikastetxe pribatuak».

Hezkuntza akordioa

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hezkuntza akordio berria egiteko ahaleginak ere hizpide izan dituzte manifestazioaren deitzaileek. Haien ustez, eztabaida horretan gogoeta egin behar da hezkuntza sareez, finantzazioaz, murgiltze ereduaz eta segregazioaz: «Ez dugu nahi egungo sistema duala legitimatuko duen akordiorik, eskola publikoa sistemaren erdigunea bihurtuko duena baino».

«Interpelazioa» egin dute Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformako kideek: alde batetik, Eusko Jaurlaritzari, «egoera diskriminatzaile honetara iristeko egin dituen hezkuntza politikengatik»; eta, beste aldetik, sare pribatuko ikastetxeei, «beren pribilegioak mantendu eta segregazioa areagotzen laguntzen dutelako».

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari, berriz, «denona eta denontzat den eskola publikoaren alde egin eta eskola segregazioaren kontrako eta gizarte kohesioaren aldeko konpromiso argia agertzeko» eskatu diote.
Manifestazioa jendetsua, koloretsua eta jai girokoa izan da. Mobilizazioaren buruan, pankarta bat eraman dute Hezkuntza publikoaren alde. Pribatizazioari ez leloarekin; ondoren, Haurreskolak partzuergoaren pankarta joan da, eta atzetik, manifestariak, horietako asko familiak umeekin. Eskola batzuek eta Ikasle Sindikatuak ere pankartak eraman dituzte.

Ibilbide osoan oihuak etengabeak izan dira: «Gora eskola publikoa», «Hemen gaude, publikoaren alde», «Pribatua puztu, zerbitzuak hustu», «Pribatuaren esku, herria estu», «Publikoa, sare bakarra» eta aniztasunaren aldeko eta segregazioaren kontrako oihuak izan dira gehien errepikatu direnak.

Manifestazioa Kale Nagusian barrena joan da Plaza Zirkularreraino, eta handik Arriaga plazara egin du. Arriagan, pailazo talde batek egin ditu girotze lanak, eta gero, zenbait eskola publikotako kideek agiria irakurri dute. Arriaga plaza txiki gelditu da manifestazioan zihoan jende guztia sartu ahal izateko, eta manifestari askok zubitik ikusi behar izan dute ekitaldia. Amaitutakoan, Plaza Zirkularrerainoko tarte guztia oraindik ere jendez beterik zegoen.

Manifestazioa hasi aurretik, EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteko Lurdes Imazek eta Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformako Maribel Lopez de Luzuriagak adierazpenak egin dituzte. Esan dutenez, hezkuntza akordio berri batez eztabaidatzen ari den honetan, abagune egokia da «sistema eraldatzeko» eta eskola publikoa «hezkuntza sistemaren ardatz bilakatzeko, Europan gertatzen den bezala.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Mugimendu feministako bi kide ikertzen ari dira desobedientziagatik

Irati Urdalleta Lete

Ertzaintzak dio oztopatu egin dietela ziztatutako neska bat artatzea; feministek ukatu egin dute
Bilboko konpartsek egindako agerraldia, atzo. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Maia:«Prentsaren bidez izan dugu PPren erabakiaren berri»

Iñaut Matauko Rada

Maiak PPri egotzi dio koalizioa uzteko modua ez dela «egokia» izan. Esan duenez, Nafarroan zentro-eskuinaren liderra UPN izan da «historikoki», eta ez Alderdi Popularra, Telladok esan bezala
Irunen izandako sexu erasoa salatzeko elkarretaratzea, atzo. ©JON URBE / FOKU

Nafarroan zazpi gizon atxilotu dituzte indarkeria matxistagatik

Irati Urdalleta Lete

Horietatik bosti tratu txarrak egozten dizkiete, eta beste biri, sexu abusuak. Adin txikiko mutil batek salatu du ziztatu egin dutela Donostian

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...