Abenduaren 6an jakinen du Oier Oak lurralde debekua kenduko dioten ala ez

Preso ohiaren kasua azaltzen duen 'Zigor bat gehiago' dokumentala estreinatu dute, eta ikusgai dago albistearen barruan. Atzo izan zuen auzi saioa Parisko Zigor Auzitegian.

Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko azaroaren 8a
17:24
Entzun

Parisko Zigor Auzitegiak abenduaren 6an jakinaraziko dio Oier Oa euskal preso ohiari Frantziako Estatuan egoteko 2015ean eman zioten lurralde debekua kenduko dioten ala ez. Debekua kentzeko egiten duen hirugarren eskaera da; aitzineko bietan, eskaeraren kontra agertu zen epaitegia. Atzo ere, debekua ez kentzeko eskatu zuen auzitegiko prokuradore nagusiak. Sortzez donostiarra izanik ere, Lapurdin errotua da Oa azken urteetan; Larresoron (Lapurdi) du familiaren bizilekua, emaztearekin eta hiru semeekin batera. Baina Frantziako Poliziak atxilotu zuen iazko azaroan, lurralde debekua urratzea leporatuta, eta, ordutik, Zugarramurdin (Nafarroa) bizi da. Otsailean epaituko dute lurralde debekua urratzeagatik. Bernat Etxepare lizeoko ikasleek ekitaldi andana antolatu dute haren sostenguz.

2012ko otsailean atxilotu zuen Oa Frantziako Poliziak, Angelun (Lapurdi), eta, lau urteko espetxe zigorra beteta, 2015eko uztailean aske gelditu zen. Frantziako lurraldean bizitzeko debekua eman zioten orduan. Hasieran Donostian bizitzen gelditu zen, baina laster Larresorora (Lapurdi) itzultzea erabaki zuen, familiarekin bizitzera. «Familia bizia oso pisutsua bilakatzen ari zen. Normaltasunez elkartzeko ezintasun horrek anitzetan eragiten zuen espetxean nengoenean baino antsietate eta ezinegon handiagoa. Denok bareago eta seguruago egoteko, Donostiatik Larresorora joatea erabaki genuen, arrisku guziak geure eginez», adierazi zion BERRIAri martxoan. Urteetan bizi izan da horrela, iazko azaroan atxilotu zuten arte. Bernat Etxepare lizeoko barnetegian ari zen lanean, zaindari gisa, baina egun hartan ez zen lanera iritsi. Larresorotik Baionara bidean, errepide kontrol batean gelditu, eta, Frantziako Estatuan bizitzeko zuen debekuaren ondorioz, komisariara eraman zuten. Biharamunean gelditu zen aske. Bere egoera konpondu bitartean, Zugarramurdin bizi da, lagun batzuek utzitako etxe batean.

Martxoan, hitzordua izan zuen Baionako prokuradorearen bulegoan, eta hark zigor proposamen bat egin zion, Frantziako Estatuan egoteko duen debekua urratzeagatik: lau hilabeteko espetxe zigorra, gibelapenarekin. Oak ez zuen onartu, eta, beraz, epaitua izan beharko du. Otsailean du zita Baionako auzitegian, Parisko auzitegiaren erabakia iritsi artean Baionako auzia gibelatzea onartu baitzuten. Igor Uriarte euskal preso ohiaren aurrekaria dago hor: maiatzean kendu zion lurralde debekua Parisko Zigor Auzitegiak, eta irailean, Baionakoak ez zuen zigortu debekua ez errespetatzeagatik. Erabaki horrek bere kasuan eragina izatea espero du Oak. «Aurkeztu dugun txostenean ageri da nola lurralde debekua kontraesanez betetako neurri bat den. Baikor naiz egoera alda dadin».

Uriarteren aurrekariaz gain, beste bi argudio plazaratu dituzte Parisen: Europako Batasuneko herritarrek Shengen espazioaren barnean duten joan-etorrietarako eskubidea eta familiarekin egoteko eskubidea. «Larresorotik Zugarramurdira hamabost minutu izanik autoz, egunerokoan kudeatzeko errazagoa zitzaigun Donostiara joatea baino. Baina horrek dakartzan konplikazioekin, batez ere bikotekidea ibili delako semeen jarduera eta istorio guziak berak bakarrik kudeatzen. Eta gero, semeen afektibitatearen aldetik, ez da erraza izan: beren kirol, dantza edo kultur ateraldietan aitak ezin zuela parte hartu ikusteak sortzen zien halako pena bat», adierazi dio Hitzari. «Urte hau, azken batean, beste zigor urte bat izan da. Astelehenean dena ongi aterako balitz ere, baduzu halako samin bat, urte bat iragan duzulako halako baldintzetan eta zigor bat jasaten, zentzurik ez zuenean».

Zigor bat gehiago

Urte osoan babes andana jaso du Oak. Martxoan, izenpe bilketa bat abiatu zuten herritar eta hautetsi batzuek, eta Frantziako Gobernuari eta Europako Batasuneko arartekoari bidali zieten. Bernat Etxepare lizeoko ikasleak ere mobilizatu izan dira, eta elkarretaratze bat baino gehiago egin izan dituzte barnetegiko zaindari ohiaren egoera salatu eta babesa erakusteko.

Oak ezarritako helegitea aztertzeko auzi saioa dela-eta ere, ikasleek hartu dute iniziatiba. Ostiralean elkarretaratzea egin zuten Larresoroko herriko etxe aitzinean, eta, ondoren, bi ikasle ohik prestatu duten Zigor bat gehiago dokumentala zabaldu zuten. Atzo arratsetik BERRIAko webgunean da ikusgai dokumentala. Horrez gain, Oier lizeora Korrika ere antolatu dute ikasleek. Atzo eguerdian, lasterkaldia egin zuten Hiriburun (Lapurdi), Oa atxilotu zuten lekutik Etxepare lizeoraino. Bertan, elkarretaratzea ere egin zuten ondoren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.