Euskal presoak

Euskal presoak gerturatzeko eskatu dio Europako Kontseiluak Espainiari

Torturaren Prebentziorako Batzordeak txosten bat argitaratu du, eta, besteak beste, Espainiari eskatu dio presoak «beren senideengandik gertuago» dauden espetxeetara eramateko.

Etxerat-en mobilizazioa bat, Donostian, urruntze politikaren kontra. ANDONI CANELLADA, FOKU
jon olano
2021eko azaroaren 9a
11:31
Entzun

Europako Kontseiluaren menpeko Torturaren Prebentziorako Batzordeak txosten bat argitaratu du, iazko irailean eginiko bisita baten harira. Dokumentuan, batzordeak Espainiari eskatu dio «arriskuen ebaluazio egoki batean oinarrituta presoak beren senideengandik gertuago» dauden kartzeletara eraman ditzatela; Euskal Herrira bertara edo Euskal Herritik gertuago dauden Espainiako espetxeetara.

Batzordeak ETAren desegitea (2018) eta haren jarduera armatua behin betiko eten izana (2011) hartu du oinarri bere eskaria egiteko. Txostena ondu dutenek gogorarazi dute euskal presoak «Euskal Herritik oso urrun» dauden presondegietan egon izan direla: «Urte luzeak daramatzate kartzelan, eta gehienak modulu itxian edo lehen graduan daude». Egoera hori aldatu egin da azken hilabeteetan, jada ez baitago euskal presorik lehen graduan. 132 orrialdeko agiri bat da batzordeak zabaldutakoa, eta paragrafo bakarrean egiten zaie aipamena euskal presoei.

Espainiako Barne Ministerioak Torturaren Prebentziorako Batzordeari erantzun dio Espainiako Gobernuak «egokitzat» jo duela espetxe politika «aldatzea», aldaketa «nabarmenak» eginda «beren banaketa geografikoan eta bizitza erregimenean».

Batzordearen ordezkaritza bat Brievan, Castello II-n, Soto del Realen, Estremeran, Sevillan, Picassenten eta Alacanten izan zen, eta, txostenean nabarmendu badute ere Espainiako agintarien jarrera «bikaina» izan zela, beharrezkotzat jo dute Espainiako Poliziari eta Guardia Zibilari gomendio bat egitea: «Transmititu dezatela mezu irmo bat: atxilotuekiko tratu txarrak legez kanpokoak eta ez-profesionalak direla, eta dagokien zigorra izango dutela».

Izan ere, «pertsona gehienek esan bazuten ere tratu zuzena jaso zutela», ordezkaritzak «tratu txarrei lotutako salaketa kopuru esanguratsu bat» jaso zuen: «Baita adingabeen aldetik ere, nagusiki [Espainiako] Polizia Nazionalari eragiten ziotenak». Alde horretatik, batzordeak gogorarazi du debekatuta dagoela 18 urtetik beherakoak inkomunikatzea.

«Oso garrantzitsua»

Batzordearen txostenean jasotakoak nabarmendu dituzte zenbait eragilek, Etxerat euskal presoen senide eta lagunen elkarteak, besteak beste: «Oso garrantzitsua iruditzen zaigu euskal presoak haien ingurura hurbiltzeko Torturaren Prebentziorako Batzordeak eginiko eskaera; izan ere, hori baita euskal gizarteak duela urte askotatik eskatzen duena». Ildo berean, Joseba Azkarraga Sare plataformako bozeramaileak esan du jada sarritan zuzendu zaiola Torturaren Prebentziorako Batzordea Espainiako Gobernuari, «espetxe politikan izaten jarraitzen duen jarrerarengatik; preso guztiekiko, baita [Espainiako] Estatu osoan ere».

EH Bilduko legebiltzarkide Josu Arzuagaren iritziz, berriz, «inkomunikazioa eta bere ondorio zuzena, tortura, Espainiako sistema judizial eta punitiboaren kalitatearen neurgailua» da: «Ez da bilatu ez egia, ez justizia ETAren biktimentzat, baizik eta zigorra eta mendekua. Txosten hau ezin argigarriagoa da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.