Diesel eta gasolina autoen salmenta 2040rako amaitzea adostu dute 34 estatuk

Bat egin dute zenbait auto ekoizlek, ibilgailu floten jabe diren enpresa batzuek eta hainbat eskualdek ere.

Taxi elektriko bat, autoaren bateria kargatzen, Indonesiako Jakarta hiriburuan. BAGUS INDAHONO, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko azaroaren 10a
13:50
Entzun

Zero isuriko ibilgailuak soilik saltzeko konpromisoa hartu dute 34 estatuk Glasgown, Nazio Batuen Erakundearen klima larrialdiari buruzko COP26 goi bileran. Aurkeztu duten akordioaren arabera, 2040. urterako amaituko dituzte diesel eta gasolina ibilgailuen salmentak, eta helburu hori 2035era aurreratuko dute «merkatu nagusietan».

Sinatzaileen artean dira Herbehereak, Danimarka, Irlanda, Austria, Zipre, Polonia, Norvegia, Lituania, Luxenburgo, Kanada eta Zeelanda Berria, besteak beste. Guztien artean, munduko ibilgailu merkatuaren %15 inguru hartzen dute. Aldiz, akordiotik kanpo gelditu dira ibilgailu gehien kontsumitzen dituzten herrialdeak: AEBak, Txina eta Japonia. Konpromisoa ez sinatzea erabaki dute Espainiak, Frantziak eta Alemaniak ere. Bultzatzaileek espero dute akordioarekin bat egingo duten estatuen zerrenda luzatuz joatea egunak aurrera egin ahala.

Konpromiso bera hartu dute hainbat eskualde eta hirik. Bartzelonak, Londresek eta New Yorkek, besteak beste. Eta akordioarekin bat egin dute 11 ibilgailu ekoizlek ere. Horien artean daude General Motors, Ford, Mercedes-Benz eta Volvo.

COP26ko presidentetzaren iritziz, akordioak argi uzten du ibilgailu ekoizpena hamarkada honetan elektrizitatera bideratzea lortzen ez duten enpresek merkatuan duten kuota galduko dutela.

Garraioak isurtzen du urtero atmosferan pilatzen diren berotegi gasen bosten bat, eta, horietatik, %90 inguru dagokio errepide bidezko garraioari. Horrenbestez, adituek garrantzi handia aitortzen diote ibilgailuek erregai fosiletatik elektrizitatera jauzi egiteari. Soilik energia berriztagarrien bidez lortutako elektrizitatearekin ibiliko litzatekeen auto batek isurien %80 murriztuko lituzke erregai fosilekin dabilen auto baten aldean. Murrizketa %50 ingurukoa litzateke egungo energia ereduarekin.

Aldaketa sakonagoa

Ekintzaile ekologistek, berriz, nabarmendu dute garraioan aldaketa sakonagoa behar dela. Era guztietako ibilgailu pribatuak alboratu eta hiriak eta herriak bizikletentzako, oinezkoentzako eta garraio publikorako egokitzeko eskatu diete agintariei. Hain justu, garraio publikora bideratutako inbertsioa handitzeko mobilizazioa egin dute gaur goizean Glasgown.

«Begi bistakoa da: ezin dugu gure itxaropena auto elektrikoen esku utzi. Oinarrizko aldaketa bat behar dugu mugikortasunean, eta asko dugu irabazteko arlo horretan", adierazi du Jools Townsend Sustainable Transport Alliance taldeko ordezkariak. Era horretan «komunitate osasuntsuagoak eta zoriontsuagoak» lor daitezkeela babestu du, baita «aukera berdintasun handiagoa» ere, «milioika auto ekoizteak dakartzan isuririk eta ingurumen arazorik gabe».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.