Hezkuntza

Eusko Legebiltzarrak Euneiz unibertsitate pribatua sortzea onartu du

Unibertsitateak EAJren, PSE-EEren, PP+C's-en eta Voxen babesa jaso du. EH Bilduk Euskal Unibertsitate Sistemaren Legea aldatzeko lege proposamena aurkeztuko du, «irabazi asmoa duten unibertsitate pribatuak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako unibertsitate sistematik kanpo uzteko».

Euneizek izango duen eraikina, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2021eko azaroaren 11
13:36
Entzun

Azken pausoa eman du European University Gasteiz (Euneiz) unibertsitate pribatuak: Eusko Legebiltzarrak Euneiz unibertsitate pribatu gisa onartzeko legea onartu du. EAJk, PSE-EEk, PP+C's-k eta Voxek alde bozkatu dute; aldiz, aurka agertu dira EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IU.

Legeak jasotzen duenez, teknologia berrien eta kirol eta osasun zientzien arloetako ikasketak eskainiko ditu. Teknologia berrien eta ekonomia digitalaren esparrua entretenimenduaren, bideo jokoen eta joko aplikatuen industriara bideratua egongo da; osasun zientzien esparrua, berriz, kirol zuzendaritzaren eta berregokitzearen eremuetara egongo da bideratuta, batez ere. Hasieran, bi fakultate izango ditu: Osasun Zientzien Fakultatea eta Teknologia Interaktibo Berrien Fakultatea. Hasieran, bi fakultate izango ditu: sustatzaileen arabera, batez beste 8.000 euro inguru ordaindu beharko dira. Legeak ez du zehazten zein gradu eta graduondoko eskainiko dituzten, eta zenbat izango diren ere. Josean Kerejeta enpresariak eta haren Baskonia-Alaves kirol taldeak bultzatu du unibertsitatearen sorrera.

Gorka Alvarez EAJko legebiltzarkideak nabarmendu du Euneizek «ondorio positiboak» izango dituela: «Euskadin beste erreferente bat izango dugu prestakuntzaren, talentuaren, nazioartekotzearen eta ikerkuntza gehi garapena gehi berrikuntzaren arloetan». Eta hala erantsi du: «Euneizeko proiektua positiboa, erakargarria eta aberasgarria da, ez bakarrik Gasteizeko hiriarentzat, baizik eta Araba eta Euskadi osoarentzat ere bai». Halaber, eskatu du unibertsitate pribatua eta publikoa aurrez aurre ez jartzeko, «elkarren osagarri izan behar baitira»: «Ez bilatu, beraz, publikoaren eta pribatuaren arteko liskarra: osagarritasun eta lankidetza eredu baten alde egin, etorkizuneko erronkei gaitasun handiagoz erantzuteko. Lan egin dezagun harremanak sendotzeko, unibertsitate guztiak guztion onurako baitira». Haren esanetan, egin dituzten proposamenak gehituta, abuztuan Espainiako Gobernuko Unibertsitate Ministerioak onartutako errege dekretuaren eskakizunetara egokituko da Euneiz.

EH Bilduren izenean, Ikoitz Arresek esan du gaur bi aukera zeudela mahai gainean: batetik, «euskal unibertsitate sistema blindatzea, euskal unibertsitate sistema defendatzea eta babestea eta euskal unibertsitate publikoaren aldeko dekantazio bat egitea »; bestetik, berriz, «unibertsitate sistemara irabazi asmoa duten unibertsitateei sartzeko alfonbra gorria jartzea». Aurretik erantzuna jakina zela nabarmendu du: «Badakigu EAJk eta PSEk, duten gehiengo absolutuaz baliatuz, Euneiz unibertsitate proiektuak bere abala lortuko duela Legebiltzar honetan. Horregatik, Euskal Herria Bildun saiatu gara proiektu honetan baino euskal unibertsitate sisteman jartzen fokua, eta, bereziki, Euskal Herriko Unibertsitate publikoaren babesean». Esan duenez, koalizioak Euneizen lege proiektuari aurkeztutako zuzenketekin unibertsitate sistema bera aldatu nahi dute: «Unibertsitate sistemaren eta unibertsitatearen publikoaren finantzaketa blindatzea da guk bilatzen duguna». Gainera, ohartarazi du Euneizek ere diru publikoa jasotzeko aukera izango duela. Eta iragarpen bat egin du: Euskal Unibertsitate Sistemaren legea aldatzeko proposamen bat aurkeztuko dute gaur, «irabazi asmoa duten unibertsitate pribatuak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako unibertsitate sistematik kanpo uzteko, eta, hala, finantzaketa publikoa jasotzeko aukera ukatzeko».

Elkarrekin Podemos-IUk irmoki egin du Euneizen aurka, Iñigo Martinez legebiltzarkidearen hitzetan, «unibertsitate publiko baten aldeko apustu sakon bat» egiten dutelako, eta Euneizek ez dituelako unibertsitate izateko gutxieneko baldintzak betetzen: «Ez zuen betetzen aurreko errege dekretuan agertzen ziren baldintzak, eta are eta gutxiago [Espainiako Gobernuko] Unibertsitate Ministerioak duela gutxi onartu eta abuztutik indarrean dagoen errege dekretukoak». Gainera, Euneizek dirua irabazteko asmoa duela gaitzetsi du, eta edonork ezingo duela bertan ikasi: «Eliteko unibertsitate bat martxan jarriko da Gasteizen. Hori berri on bat izango da dirudunentzat eta 8.000 euro ordain ditzaketenentzat, baina ez herritar guztientzat».

PP+C's-k eta Voxek, aldiz, proiektua babestu dute. Carmelo Barrio PP+C's koalizioaren legebiltzarkidearen irudiko, «hezkuntza eta kultur bizitza aberastuko du». «Hiri hau [Gasteiz] oraindik eta handiagoa egiten da unibertsitate ekarpen honekin». Aukeratzat du unibertsitate berria sortzea.

PSE-EEk ez du hitza hartu taldeen txandan. Behin alde bozkatuta, boto azalpena egiteko hitz egin du Jose Antonio Pastor legebiltzarkideak. Esan du Euneizek legea betetzen duela, eta ez du begi onez ikusi EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk irabazi asmokoa dela kritikatu izana: «Esadazu zein ekimen pribatu abiatzen den porrot egiteko asmoz. Bat ere ez».

Prozesuan argi-ilunak

Ezin liteke uka itzalak izan dituela gaur egunera arteko prozesuak: besteak beste, EHU Euskal Herriko Unibertsitateak txosten bat egin zuen Euneizen aurka, eta Unibasq Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak ere beste bat. Iñaki Heras Unibasqeko zuzendariak Eusko Legebiltzarreko hezkuntza batzordean esan zuenez, batzorde tekniko batek egin zuen txosten hori, eta ez zuen horri buruzko balorazirik egin nahi izan. Aldeko txostena ere egin zutela azaldu zuen.

Eusko Legebiltzarrean hainbat hilabeteko prozesuaren ostean iritsi da gaurko bozketa. Eusko Jaurlaritzak lege proiektuari baizkoa eman ostean, Euneiz onartzeko lege proiektuari ekarpenak egiteko Hezkuntza batzordean agerraldiak egin zituzten hainbat hezkuntza eragilek. Horretarako aukera izan zuten, besteak beste, haren sustatzaile Eusteiz 2018 SA enpresak, EHU Euskal Herriko Unibertsitateak, Mondragon Unibertsitateak eta Deustuko Unibertsitateak.

Agerraldi horien bidez ezagutu ahal izan ziren proiektuaren xehetasunak eta gainerako eragileen iritziak. Jordi Roche izango da unibertsitateko presidentea, eta, hark azaldu zuenez, kirolari eta eduki digitalen diseinuari, garapenari eta merkaturatzeari lotutako bost gradu, gradu bikoitz bat eta lau master eskaini nahi dituzte, Gasteizen bost urterako alokatu duten Salburuko eraikin batean. Baskoniaren eta Alavesen kirol hirian finkatzeko asmoa dute gero. Langileei dagokienez, ziurtatu zuen 400 postu baino gehiago sortuko dituztela, lan kontratua zuzenean egingo dietela, ez dituztela azpikontratatuko, eta gehienak mugagabeak izango direla. Maiatzean oraindik hasi gabe zeuden horiek aukeratzen, baina, Rocheren arabera, pentsatua zuten zein izan daitezkeen. Aztertuta zituzten izan ditzaketen diru sarrerak ere: ikasleek 8.000 euro ordaindu beharko dituzte batez beste. Diru laguntza publikorik, berriz, ez dute jasoko, Rocheren esanetan. Ikasleentzat bekak egongo direla ere azpimarratu zuen. Euskararekiko «konpromisoa» dutela ere nabarmendu zuen Rochek. Haren hitzetan, ikasleek euskaraz ikasteko aukera izango dute, betiere hautu hori gutxienez hamabost lagunek egiten badute.

Kezkatuta agertu ziren, ordea, egun Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan finkatuta dauden hiru unibertsitateak. Ohartarazi zuten Euneiz irabazi asmoko unibertsitatea izango dela, orain artekoak ez bezala.

Unibertsitate «elitista»

Legebiltzarraren erabakia salatzeko, Euskal Herriko Unibertsitateko gehiengo sindikalak eta ikasle antolakundeek Euneiz unibertsitate elitista gelditu! lelopean elkarretaratzea egin dute Eusko Legebiltzarraren parean. ELA, LAB, Steilas, CCOO, CGT/LKN, ESK, Ikasle Kontseilua eta Ernai izan dira protesta antolatu dutenak. Nabarmendu dute hartutako erabakiarekin diru publikoaren kontrako «eraso larria» bete dutela EAJ, PSE, PP, Ciudadanos eta Vox alderdiek.

Elkarretaratzean esan dute Euneizek Euskal Herriko unibertsitateetan jada eskaintzen diren ikasketa batzuk «bikoiztu» egingo dituela, eta «atzerriko familia dirudunen ikasleei zuzenduta» egongo dela unibertsitatea. Esan dutenez, matrikula 8.000 euro izango da batez beste, urteko. Uste dute gizartearen eskaerak ez duela «justifikatzen» ikasketa berri hauen eskaintza. «Ikasketa berrien eskaera antzematen bada, unibertsitate publikoaren bidez eskaintzea dago, beharrezkoa den finantzaketa emanez». Diru publikoa zein ikasleak lortzeko EHUri Euneizek zekarkion «lehiaz» ohartuta, zuzendaritzari jarrera irmoa eskatu zioten, baina horren inguruan unibertsitateak «epeltasuna» ageri duela ere kritikatu dute.

Euskararen trataerak ere kezkatzen ditu EHUko sindikatuak eta ikasleak. Izan ere, Euneizen inguruan egindako txosten ofizialetan ez da zehazten ikasketetan euskarak zein presentzia izango duen. Horrez gain, langileen lan baldintzak nolakoak izango diren ez dira publikoak oraindik, antolatzaileen hitzetan. «Gaurko erabakiak argi uzten du hezkuntza unibertsitarioari dagokionez alderdien lehentasunak hezkuntza pribatuan daudela», amaitu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.