Hezkuntza «negozioa» denean

Gasteizen Euneiz unibertsitate pribatu berria eraiki nahi dute, eta Eusko Legebiltzarrean lege proiektuari ekarpenak egiteko agerraldiak egiten hasi dira. Mesfidantza eragin du proiektuak, eta ohartarazi dute kaltegarria izan daitekeela unibertsitate publikoarentzat. Aurkako txosten bat egin du Unibasqek.

Euneiz unibertsitatearen eraikina, Buesa Arenaren inguruan, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2021eko apirilaren 27a
00:00
Entzun

Bost gradu, gradu bikoitz bat eta hiru master, hainbat iturriren arabera, urtean 8.000 euro inguruko ordaindu beharko direnak. Zenbaki horien bidez deskriba daiteke Gasteizen ireki nahi duten Euneiz unibertsitate pribatuaren jarduna. Kirolari eta eduki digitalen diseinuari, garapenari eta merkaturatzeari lotutako ikasketak eskaini nahi dituzte irailetik. Sustatzaileek ez dute urruti helburua: Eusko Jaurlaritzak dagoeneko baiezkoa eman dio lege proiektuari, eta Eusko Legebiltzarraren babesa baino ez zaio falta. Atzo beste urrats bat egin zuten aurrera, Euneiz onartzeko lege proiektuari ekarpenak egiteko Hezkuntza batzordean agerraldiak egiten hasi baitziren. Unibasqen eta Steilasen txanda izan zen. Itzalak ere izan ditu horraino iristeko prozesuak: besteak beste, EHU Euskal Herriko Unibertsitateak eta Unibasq Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak txosten bana egin zuten Euneizen aurka. Iñaki Heras Unibasqeko zuzendariak atzo esan zuenez, batzorde tekniko batek egin zuen txosten hori, eta ez zuen horri buruzko balorazirik egin nahi izan. Aldeko txostena ere egin zutela azaldu zuen.

Ikusi gehiago:Unibertsitate publikoak ikasleak galtzen ari dira etengabe, pribatuen mesedetan

Eta nor dago Euneizen atzean? Josean Kerejeta enpresariak eta bere Baskonia-Alaves kirol taldeak bultzatu du sorrera. Eusteiz 2018 SA-k sustatu du onartzeko eskaera, eta Iñigo Sanchez da haren administrari bakarra —Alavesen administrazio kontseiluko kidea da—. Gainera, bidelagun izango ditu Enti —Bartzelonako Unibertsitatera atxikitako zentroa— eta Euses —Gironako Unibertsitatera eta Rovira i Virgili Unibertsitatera atxikitako zentroa—. Euneizek eskaintzeko asmoa duen ikasketen antzekoak dituzte, baina ez dago argi zein egitekoa izango duten.

Unibertsitate komunitatearen barruan kontrakotasun handia eragin du egitasmoak; gaitzespen irmoa agertu dutenetako bat da Patxi Azpillaga, EHUko irakasle eta Steilaseko kidea: «Unibertsitate hau, jakina, negozioa egitera dator». Unibasqek eta EHUk ere aurkako txostenak egin dituzte. 2019ko apirilaren 4an Euneizen kontrako txostena egin zuen unibertsitate sistemaren ebaluatzea, akreditatzea eta ziurtatzea helburu duen Unibasqek. Hainbat arrazoi eman ditu. Ikasketen eskaintzari dagokionez, esan du bi ikasketa adarrek ez dutela «ageriko erlaziorik», ikasketa horietako batzuk beste unibertsitate batzuek eskaintzen dituztela... «Proposatutako eskaintza unibertsitate bati atxikitako zentro bati dagokio, unibertsitate bati baino gehiago», ebazten du. Baina kritikak ez dira mugatzen ikasketetara. Ikerketa garatzeko plana «maila hasiberriegian» dagoela nabarmendu du. Irakasleen kasuan, berriz, «kontratatzeko proposamenak» ageri dira, baina ez dago loturarik sozietatearen eta irakasleen artean, eta, beraz, «ez dago bermerik irakasle horiek kontratatu ahal izateko». Espazioan ere gabeziak sumatu dituzte: «Alokatutako espazioek [2.200 metro koadroko eraikin bat] ez dirudite nahikoa direnik». Egitasmoak piztu duen kontrakotasunaz galdezka, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailera jo du BERRIAk. Legebiltzarraren esku utzi du azken erabakia, baina ziurtatu du Euneizek zuzendu egin dituela Unibasquen txostenek agerian utzitako gabeziak. Bigarren txosten bat ere egin zuen Unibasquek, Euneiz unibertsitate pribatu gisa onartzeari buruz. Oraingoan, alde agertu zen.

Beste traba bat ere izan dezakeEuneizek, Espainiako Gobernuaren Unibertsitateak Sortzeko, Aitortzeko eta Baimentzeko Errege Dekretua. Izan ere, behin hura onartuta, unibertsitateek hainbat baldintza bete beharko dituzte: besteak beste, gutxienez hamar gradu, sei master eta hiru doktoretza programa eskaini beharko dituzte, eta jakintzaren bost arloetatik —Arteak eta Humanitateak, Zientziak, Osasun Zientziak, Gizarte Zientziak eta Ingeniaritza eta Arkitektura— hiru behintzat ukitu beharko dituzte. Egun, Euneizek ez ditu baldintza horiek betetzen, baina zirrikitu bat irekitzen du legeak, eta jada martxan dauden unibertsitateek bost urte izango dituzte irizpide gogorrago horietara egokitzeko. Azpillagaren irudiko, aukera hori baliatu nahi du Euneizek, eta horregatik dute «presa» unibertsitatea onartzeko.

Baina zailtasunak zailtasun, itxura guztien arabera, unibertsitateak lortuko du aurrera egiteko behar duen adinako babesa. Horrek EHUri eragin diezaiokeen kalteaz ohartarazi du Azpillagak. Haren irudiko, epe laburrean ez da «konpetentzia» izango, baina epe luzerako eskaintza publikoa «ahuldu» dezake: «Unibertsitate publikoarekin utzikeria arrisku bat egon daiteke; horrek bai, horrek kezkatzen gaitu».

Zenbat buru, hainbat aburu

Proiektuak hainbat erakunde eta alderdi politikoren babesa jaso du, tartean Arabako Foru Aldundiarena eta Gasteizko Udalarena. Horrela deskribatu zuen Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak duela lau urte: «Proiektu modernoa, berritzailea eta, gainera, nazioarteko proiekzioa duena, mundura irekitako proiektu bat. Horrelakoa da zehazki Araba; beraz, gure lurraldearekin bete-betean bat egiten duen proiektua da». Antzera mintzatu zen Gorka Urtaran Gasteizko alkatea ere: «Gasteiz ere lehen mailako unibertsitateak dituzten hirietan egongo da kokatua».

Baina bada bestelako jarrera duenik. «Enpresari baten interesak eta etekin ekonomikoa. Hori soilik dago Euneizen atzean», kritikatu du Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide Iñigo Martinezek Eusko Legebiltzarrean.

EH Bilduk, berriz, gaur-gaurkoz, ez du«aurretik posizio finkaturik», Ikoitz Arrese legebiltzarkide eta hezkuntza idazkariak azaldu duenez, eta legearen tramitazioan parte hartzeko asmoa erakutsi du. Haren hitzetan, «dekantazio argi bat» egiten dute EHUren eta irabazi asmorik gabeko Mondragon Unibertsitatearen eta Deustuko Unibertsitatearen alde: «Kasu honetan, jabetzen gara bestelako eredu bat planteatzen duela unibertsitate honek, baina, oraingoz, ez daukagu erabakitako posturarik, prozesua hasieran besterik ez dagoelako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.