EUSKAL PRESOAK

Jose Manuel Gil (C's): «Oraindik egiten dira ongietorriak»

Euskal presoei egiten zaizkien harrera publikoen aurka mintzatu da eskuin espainiarreko taldea Eusko Legebiltzarrean, eta halaber egin du Voxek. Pankartak eta pintaketak ongietorrien pare jarri ditu Gilek. EH Bilduk ez du bat egin legez bertzeko proposamenarekin: Arkaitz Rodriguezek gogorarazi du aurten bi ongietorri publiko baino ez direla egin.

Eusko Legebiltzarreko irudi bat, irailekoa. Han eztabaidatu dute ongietorriei buruz, gaur. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2021eko azaroaren 11
13:57
Entzun

«Oraindik egiten dira ongietorriak. Biktimak umiliatzen segitzen dute. Eta ez dira gertakari bakanak». Halaxe adierazi du Jose Manuel Gil Ciudadanoseko legebiltzarkideak gaur Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran egindako hitzartzean, eta horien adibide jarri ditu, euskal presoei egiten zaizkien harrerez gain, hainbat pankarta eta pintaketa. «Jarrera antidemokratiko hauen aurka egin behar dugu». Gainerako talde parlamentarioei ongietorrien aurka egiteko proposatu die Gilek legez bertzeko proposamen batean, eta halaber egin du Voxek.

PSE-EEk, Elkarrekin Podemosek eta EAJk bat egin dute harrera publikoen aurkakotasunarekin. Ordea, Eneko Andueza PSE-EEko eledunak eta Elkarrekin Podemoseko Lander Martinezek Gili leporatu diote gaia berriro mahai gainera ateratzea, eta hori aldebakarrez egitea. Anduezaren ustez, «estrategia oportunista» bat da Ciudadanosek eta PPk sustatu dutena, Espainiako Gobernuaren aurka egitea helburu duena; Martinezentzat, «alderdikeriatan erortzen» ari dira PP eta Ciudadanos. EAJko Iñigo Iturratek ere salatu du legez bertzeko proposamena, «egindako bidean atzera» egiten duelakoan. Hiru talde horiek egindako erdibideko zuzenketa batekin egin du aitzinera proposamenak, azkenean.

EH Bilduk hasieratik adierazi du ez duela proposamenaren alde eginen, eta ez du erdibideko zuzenketaren alde bozkatu. Arkaitz Rodriguez legebiltzarkideak gogorarazi du aurten egin diren 25 ongietorritatik bi baino ez direla izan publikoak. Are, adierazi du ongietorriak ez direla «omenaldiak», euskal presoei egiten zaizkien «harrera» ekitaldiak baizik. Rodriguezek Espainiako Estatuak eragindako biktimak gogoratu ditu, eta ohartarazi du oraindik «aitortzarik» gabe daudela: «PPk segitzen du frankismoari gorazarre egiten, eta Guardia Zibilari ere egiten zaio gorazarre urriaren 12an, 1.589 tortura kasu dituzten arren». Estatuak eragindako hilketa eta tortura kasuen «ardura» hartzeko eskatu die hala daukatenei, eta Urriaren 18ko Adierazpenaren gisako bat egiteko proposatu die. PPri eta Ciudadanosi leporatu die ez direla ari «bakearen eta elkarbizitzaren eraikuntzaren» alde: «Hala balitz, ez zenukete segituko kontu hau desitxuratzen. Eta ez zenituzkete ekarriko proposamen kriminalizatzaileak, kartzelak betetzen segitzeko asmoz, horiek husteko garaian».

Gainerako taldeek EH Bilduren jarrera gaitzetsi dute. Iturrate (EAJ): «Giza eskubideak urratzea bidegabea dela eta gaizki dagoela esatea oinarrizko printzipioa da gizarte demokratiko guztietan. Eta hori onartzea ezinbesteko baldintza da partekatutako edozein proiekturentzat. Hain sinplea, eta, zoritxarrez, konplikatua».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.