Pentsioak

Escriva: «Ez dago ezer berririk» pentsioak kalkulatzeko sistemari buruz

Pentsioa kalkulatzeko epea «luzatuko» duela dio Espainiako Gobernuak eta Europako Batzordeak Next Generation funtsak jasotzeko akordioak. Promesa hori aurretik bazegoela nabarmendu du ministroak.

Jose Luis Escriva Espainiako Gizarte Segurantzako ministroa, asteazkenean. FERNANDO ALVARADO / EFE
Iker Aranburu.
2021eko azaroaren 11
17:11
Entzun

Harrituta azaldu da Jose Luis Escriva Espainiako Gizarte ministroa pentsioen erreformari buruzko azken eztabaidarekin. «Ez dago ezer berririk. Ezer ere ez, ezer ere ez». Hitz horiekin amaitu nahi izan du debatea, pentsioen zenbatekoa kalkulatzeko kotizazio urte gehiago kontuan hartzeari buruzkoa. Gai hori sindikatuekin eta patronalekin datorren urtean negoziatuko dutela gogorarazi du, eta asmoa ez dela, inondik ere, pentsio guztiak jaistea.

Apirilean, Next Generation funtsak jaso ahal izateko asmoz Europako Batzordera bidalitako akordioaren lehen testuan jada agertzen zen kotizazio epea zabalduko zela, eta Escrivak berak probako baloi bat bota zuen, 25 urtetik 35era zabaltzeko aukera aipatuta —aurten azken 24 urteak dira, baina 2022. urtean 25 izango dira, 2011n PSOEren orduko gobernuak epea hamabost urtetik 25era zabaltzeko indarrean jarritako erreformaren ondorioz—.

Baina Escrivaren baloiak bote okerra eman zuen, Unidas Podemos gobernu koalizioko kide txikiak hitz gogorrekin baztertu zuelako, batez besteko pentsioak %6 jaits zitezkeelako. Ondorioz, beste zirriborro batean, udan, «kotizazio epea lan bizitzaren errealitate berrietara egokitzea» baizik ez zen aipatzen. Behin betiko akordioan berriro agertzen da «luzatu» hitza, baina ez du kopururik aipatzen, ezta zer beste aukera sortuko den ere. Izan ere, Escrivak hizpidera ekarriko duen gai bat da langileek aukera izatea beren kotizazio urterik txarrena pentsioa kalkulatzeko epetik ateratzea.

«Lan harremanak aldatu dira»

Historikoki, kalkulurako epea luzatzeak pentsioak txikitzea esan nahi izan du, ohikoa izan delako lan bizitzan aurrera eginez gero enpresan gora egitea eta soldatak handitzea. Baina azkenaldian, Atzeraldi Handiaz geroztik batez ere, ugaritzen ari dira lanpostua galdu duten adineko langileak, baina baita lan bizitza oso gorabeheratsua dutenak ere. Azken bi talde horiei kalte baino mesede egingo lieke kotizazio epea luzatzeak, betiere urterik kaskarrenak kentzeko aukera badute. Escrivak gaur aipatutako kalkuluek diote langileen %30 leudekeela egoera horretan. Hortaz, «ez gabiltza pentsioen gastua txikitu nahian, baizik eta sistema aldatu nahian, lan harremanak aldatu direlako».

Escrivak, Elena Calviño Ekonomia ministroak, eta Isabel Rodriguez bozeramaileak ere nabarmendu dute kotizazio epeei buruzkoak gizarte eragileekin negoziatuko dituztela. Oso erantzun ona ez duela jasoko aurreratu daiteke, CCOOk eta UGTk berriro baieztatu dutelako ez daudela kalkulurako epea luzatzearen alde. Gainera, eztabaida orain zabaltzea deitoratu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.