KPI-a

Inflazioak %5,2ra egin du salto, erregaiek bultzatuta

XXI. mendeko inflazioaren marka berdindu urrikoak, energiaren garestitzearen eskutik. Soldatak prezioen oso azpitik igotzen ari dira, eta negoziazio kolektiboa zailduko dute datorren urtean

Argindarra izan da inflazio handiaren arduradun naguia. JAVIER LIZON / EFE
Iker Aranburu.
2021eko azaroaren 12a
09:19
Entzun

Beste garai bateko zenbakietara itzuli da inflazioa. Urrian, Hego Euskal Herrian, prezioak duela urtebete baino %5,2 garestiago zeuden. Halako igoera soilik behin ikusi da mende honetan, 2008ko udan —%5,2 2008ko uztailean—, petrolioaren gorakadak inflazioaren sukarra bat-batean igo zuenetik; orduan berehala jaitsi zen, Lehman Brothersen porrotak Atzeraldi Handiari atea ireki ziolako, eta harekin inflazio txikiaren eta inflazio negatiboaren aro luze bat zabaldu zuelako.

Orduan bezala orain ere energia izan da prezioak igotzearen arduradun nagusia. Petrolioa izan zen 2008an, eta gasa eta argindarra 2021ean. INE Espainiako estatistika erakundearen arabera, argindarra, gasa eta beste erregaiak %47,3 garestitu dira azken urtean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %49,6 Nafarroan. Argindarra bera %62 garestitu da azken urtean Espainian —INEk ez du ematen Hegoaldeko daturik—.

Igoera horren zati handi bat urrian gertatu da, eta horri esker hilabetean izan den %1,8ko inflazioaren erdia elektrizitateari lepora dakioke.
Are gehiago, bere eragina handiago izango zatekeen baldin eta Espainiako Gobernuak argindarraren faktura jaisteko zenbait neurri hartu izan ez balitu, hala nola, BEZ eta argindarraren gaineko zerga jaistea. Neurri horiek gabe, Espainian %6,1era iritsiko zatekeen inflazioa (%5,4ean geratu da).

Gas eskari handia eta eskaintza txikia izan da argindarra garestitzearen arrazoi nagusia, baina baita petrolioaren garestitzearena ere, hura ordezkatu duelako argindarra sortzeko iturri gisa. Petrolioaren prezioa bikoiztu egin da azken urtean —40 dolarretan salerosi zen iazko urrian, eta 80tik gora aurtengoan—, eta horren ondorioz gasolina inoizko garestien izatera igaro zen urrian, 1,50 eurotik gora salerosi zelako Euskal Herriko gasolindegi gehienetan.

Energiaren garestitzeak bete-betean eragiten die ekoizpen kostuei, baina oraingoz ez du isla zuzena izan beste produktu eta zerbitzu askoren inflazioan. Horrela, elikagaiak duela urtebete baino %1,1 garestiago daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %2,1 garestiago Nafarroan. Jantzien prezioa, berriz, %0,8 handitu da Nafarroan, eta %1,1 beste hiru lurraldeetan.

Soldatak, azpitik

Hurrengo hilabeteetan iazko mailaren oso gainetik jarraituko dute prezioek, neurri handi batean iaz koronabirusak eragindako krisiaren errebote baten ondorio direlako: iaz asko jaitsi zen eskaria, eta aurten berreskuratu denean, ekoizpen sistema ez da gai izan hari erantzuteko. Baina ez da baztertu behar igoera pixkat apaltzea, badirudielako goia jo duela energiaren prezioak. Gasa merkatu egin da Errusia Europa mendebaldeko biltegiak motel betetzen hasi denetik, eta argindarra ez da urriko marketara ailegatu.

Edonola ere, ez da jaitsiera ikusgarririk espero, eta horrek erosteko ahalmen galera ekar dezake herritar gehienentzat. Horrela, 2021ean indarraldian dauden lan hitzarmenetako langileen soldatak %0,91 igo dira batez beste irailera arte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Aurten berritutakoen batezbestekoa apur bat handiagoa da: %1,27 hain zuzen.

Igoera apala da, eta iaz inflazio negatiboa izatearen ondorio dela nabarmendu zuen Tomas Arrieta Lan Harremanen Kontseiluko presidenteak, urriaren amaieran Berria-ri eskainitako elkarrizketan. Izan ere, hitzarmen gehienetan aurreko urteko KPIa hartzen da erreferentzia gisa eta, hortaz, aurtengo gorakada handia ez lukete datorren urtera arte berreskuratuko. Eta hor sor daiteke arazo bat datorren urteko negoziazio kolektiboan, enpresa eta sektore askotan soldaten igoera handi baterako erresistentzia handiak egon daitezkeelako. Pentsioak, %2,5 dira igotzekoak, eta %2 soldata publikoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.