Gasolina inoizko garestien dago, petrolioak errekorra oraindik urruti duen arren

2012ko martxoan jo zuen goia Brent upelak, 95,8 euroan, eta orain 72,5 euroan dago. Gasolina orduan baino garestiagoa da gaur: hiru eta sei zentimo artean

Aste honetan gasolina erosi dutenek duela urtebete baino 30 zentimo gehiago ordaindu dute litroa. EFE.
Iker Aranburu.
2021eko urriaren 13a
00:00
Entzun
Denak argindarraren kontagailuari begira ari zirela, beste energia iturri baten kontagailua markak hausten ari da: gasolina. Azken egunotan inoizko preziorik garestienean saltzen ari da gasolina Hego Euskal Herrian, 1,51 euroan batez beste Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 1,466 euroan Nafarroan. Ez da urruti gasolioa, errekorrera iristeko zentimo batzuk falta zaizkion arren.

Igoerak lotura du Brent upelaren garestitzearekin, baina inondik ere ez da automatikoa, hura oraindik ez delako iritsi 2012ko martxoan izan zuen mailara —eta ordukoa da petroliorik garestiena, eurotan neurtuta—. Hilabete horretan, batez beste, 95,84 euroan salerosi zen Europan erreferentzia den petrolio upela; aste honetan, berriz, 72,5 euroan dago. Hau da, ia %25 merkeago.

Brent upela laurden bat merkeagoa dagoela gasolina garestiago egoteak ez du derrigorrez esan nahi petrolio konpainien irabazi tartea ere %25 handitu denik. Dibisen arteko gorabeherak gertatu dira —dolarretan egiten dira gastu batzuk, eurotan besteak—, zerga igoera bat izan da, eta kostu batzuk handitu egin zaizkie —soldatak, tarifak...—. 2012ko martxotik, esaterako, inflazioa %10,1 handitu da Hegoaldean.

Konfinamenduen ondoren ekonomiak berriro martxa hartu zuenetik ari da gora egiten petrolioaren prezioa, ekoizle nagusiek iturria erabat irekitzen ez dutela baliatuta. 2020. urteko udaberrian 30 dolarretik behera salerosi ondoren, azken astean 80 dolarreko marka hautsi du, lehen aldiz 2018az geroztik. Atzo arratsaldean 83,5 dolarretan salerosten ari ziren.

Nazioarteko merkatuetan petrolioaren prezioa dolarretan zenbatzen den arren. Euskal Herrian prezioak alderatzeko ariketa egokia da eurotan duen balioari erreparatzea, euroaren eta dolarraren arteko truke tasaren aldaketa dela medio. Dibisen arteko gorabeherak oso ongi atzematen dira petrolioaren merkatuan ere. Horrela, dolarretan, Brent upelak 2008ko maiatzean jo zuen goia, upela 140 dolarrean salerosi baitzen. Baina ahul zegoen orduan dolarra, eta indartsu euroa: ondorioz, upel horrek 81 euro balio zuen.

Lehman Brothersen porrotaketa Atzeraldi Handiaren hasierak hondoratu zuen petrolioaren prezioa, baina indarrez suspertu zen 2010ean, ekonomia shock egoeratik atera zenean. Europan, ordea, W itxurakoa izan zen krisi handiaren irteera: Greziaren egoerak bultzatuta, EB krisi ekonomiko eta existentzialean sartu zen berriro, eta euroaren balioa amildu ahala, petrolioaren benetako kostua handitu egin zen. 2012. urteko martxoan goia jo arte: hilabete horretan, Espainiako Trantsizio Energetikorako Ministerioaren arabera, batez beste, 1,445 euroan salerosi zen gasolina Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 1,369 euroan gasolioa. Nafarroan, berriz, 1,429 eta 1,342an, hurrenez hurren.

Berez, erregaien preziorik garestienak ez ziren orduan etorri, handik hilabete batzuetara baizik. Nafarroan irailaren 5ean iritsi zen —1,498 euro gasolinak, 1,411 euro gasolioak—, eta egun bat geroago Hego Euskal Herriko beste hiru lurraldeetan —1,484 euro eta 1,411 euro—. Kopuru horietako batzuk gainditzen ari dira azken egunotan. Igandean, batez beste 1,51 euro balio zuen gasolinak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 1,466 euro Nafarroan.

2019ko zerga igoera

Nafarroak izan zuen, ordea, berezitasun bat: 2012an Iruñeko gobernuak 2,4 zentimoko gainsaria ezartzen zion erregaiari, osasun gastuak finantzatzeko. Osasunerako zentimoa deitutako neurri hori baliogabetu egin zuen Europako Batasuneko Auzitegiak, eta Nafarroako Parlamentuak kendu egin zuen 2014ko urtarrilaren 1ean.

Baina 2014an kendutakoa 2019ko urtarrilaren 1ean itzuli zen, Espainiako Gobernuak harmonizatu egin zituelako hidrokarburoen gaineko zergaren tasak, erkidegoen arteko lehia eteteko. Horren ondorioz, 2019ko urtarrilaren 1ean gasolina eta gasolio litroa 4,8 zentimo garestitu ziren Hego Euskal Herri osoan.

Espainiako Gobernuak gasolioaren gaineko zerga igotzeko asmoa du, erregai horrek gasolinak pagatzen duen zergarekin parekatzeko. 2020an egiten saiatu zen, baina aurrekontuak onartzeko EAJren botoa behar zuen, eta jeltzaleek baldintza gisa jarri zuten halakorik ez egitea, Euskal Herriko autogintzari kalte handia egingo ziola argudiatuta.

2018ko urrian izan zen Brent upela oraingo mailan, 73 euroan. Baina orduan erregaiak ez ziren oraingo kopurura iritsi: gasolina 1,341 eurora heldu zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta 1,303 eurora Nafarroan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.