Polonia-Bielorrusia muga

Lukaxenkok dio ez duela «gatazkarik nahi» Poloniako mugan

Bielorrusiako presidenteak erronka jo dio EBri: onar ditzala bere eremuan sartu nahi duten migratzaileak. Irak bere herritarrak aberriratzen hasiko da ostegunean.

Milaka migratzaile Bielorrusiaren eta Poloniaren arteko mugan, gaur. OKSANA MANCHUK / EFE
ander perez zala
2021eko azaroaren 15a
13:59
Entzun

Migratzaileen egoera oraindik bideratzeko dagoen arren, badirudi Aleksandr Lukaxenko Bielorrusiako presidentea atzera egiten hasia dela, oraingoz bada ere. Europarako gas hornikuntza eteteko mehatxua ezerezean geratu ostean —Errusiaren konpromisoari esker—, Lukaxenkok gaur adierazi du ez duela «gatazkarik nahi» Poloniako mugan, eta herrialde bizilagunari egotzi dio «krisi baten beharra» izatea «barne arazoak» ezkutatzeko. Horrekin batera, Bielorrusiako aire konpainia Belaviak jakinarazi du Afganistango, Irakeko, Siriako eta Yemengo herritarrek ezingo dutela Europa ekialdeko herrialdera bidaiatu Arabiar Emirerri Batuetatik —aurrez Turkiatik debekatu zieten—, joan den astean beste konpainia batzuek inposaturiko debekuarekin bat eginez.

Iragan asteartetik larrialdi egoeran da Polonia, hainbat migratzaile mugan elkartu baitira EB Europako Batasunean sartzeko. Ekialde Hurbileko bidaia agentzien laguntzarekin, turista bisak jasota iristen dira Bielorrusiara, eta, Europako Batzordearen ustetan, Minskek laguntza ematen die bi estatuen arteko mugara ailegatzeko; beste modu batera esanda, Lukaxenko migratzaileak baliatzen ari dela talde komunitarioa desegonkortzeko.

Egoera hori ikusirik, Poloniako Gobernuaren erreakzioa izan da muga militarizatzea, eta migratzaileei sarrera debekatzea; horretan Bruselaren babesa izan du, baita NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearena ere. Are, Mateusz Morawiecki lehen ministroak atzo jakinarazi zuen Letoniarekin eta Lituaniarekin hizketan ari dela NATOri «neurri zehatzak» eskatzeko; horretarako, 4. artikulua erabiliko lukete, kontsultetara deitzeko balio duena «lurraldearen osotasuna, independentzia edota segurtasuna mehatxupean» dagoela uste denerako.

Beste aukera bat litzateke Poloniaren eta Bielorrusiaren arteko muga ixtea, Morawieckik hizpidera ekarri zuenez. Baina, oraingoz, ez da berehalako neurri gehigarririk espero; ezta migratzaileak onartzea ere, nahiz eta Lukaxenkok hori egiteko erronka jo dion gaur talde komunitarioari. «2.000 eta 3.000 pertsona har ditzake. Poloniarrek ez badute korridore humanitarioa ahalbidetzen, Belaviak Municheraino eraman ditzake», adierazi du Bielorrusiako presidenteak, Bavariako Gobernuaren (Alemania) eskaintzari erreferentzia eginez.

Kontrako norabidean, Irakek gaur jakinarazi du bere herritarrak aberriratzen hasiko dela, eta lehen hegazkina ostegunean aterako dela; hori bai, erabakia «borondatezkoa» izango da, eta, beraz, badirudi ez dutela inor behartuko itzultzera. Irakeko Atzerri Ministerioaren eledun Ahmed al-Sahafek ez du xehetasunik eman operazio horren inguruan, baina azaldu du «571 irakiar» daudela Poloniaren eta Bielorrusiaren artean.

Varsoviaren arabera, 4.000-5.000 migratzaile inguru daude mugan, eta hori gurutzatzeko 118 saiakera izan dira egunotan; azkena atzokoa izan zen, poliziez osaturiko hesi bat igarotzen ahalegindu baitziren 60 iheslari. Bien bitartean, zeropeko tenperaturak jasaten ari dira, eta jada 11 lagun hil dira —iragan larunbatean 14 urteko gazte bat— Kuznicaren (Polonia) eta Bruzgiren (Bielorrusia) arteko mugako pasabidean.

Eremu horretan izatearen arrazoia politikoa eta militarra izan daiteke, NATOrentzat oso sentibera den Suwalki korridorearen ondoan baitago; 90 kilometrokoa da, eta Kaliningradoko oblasta (Errusia) Bielorrusiarekin lotzen du. Aldi berean, lurreko pasabide bakarra da Baltikoko herrialdeak EBkoekin lotzen dituena, eta, hortaz, NATOrekin; mugaren parte hori itxiz gero —edo Errusiak okupatuz gero—, Estonia, Letonia eta Lituania lurretik bakartuta geratuko lirateke.

Hain justu, NATOko idazkari nagusi Jens Stoltenberg Errusiara begira jarri da gaur migratzaileen aferaz aritzean, eta hango gobernuari eskatu dio «tentsio goraldirik» ez eragiteko. Horrekin batera, Poloniaren eta Bielorrusiaren arteko krisia Ukrainarekin lotu du, argudiatuta atentzioa desbideratu nahi duela azken herrialde horrekiko mugan bildu dituen militarretatik.

Stoltenbergen aurretik, AEBetako Estatu idazkari Antony Blinkenek ideia bera aipatu zuen, iragan asteburuan; horren aurrean, Errusiako Gobernuaren bozeramaile Dmitri Peskovek gaur erantzun die egoeraren «interpretazio okerra» egin dutela.

Migrazio bideak, «kontrolpean»

Lukaxenkoren hitzak entzun ostean, Josep Borrell EBren diplomaziaburuak adierazi du aireko migrazio bideak «kontrolpean» daudela Europako Batzordearen, hamar bat aire konpainiaren eta 30 bat herrialderen arteko lankidetzari esker: «Aztertu behar dugu nola konpon dezakegun arazo hau. Hasteko, aireko bideei galga ezarri behar zaie; hori ez dago erabat egina. Egunotan [migratzaileen] jatorriko herrialdeekin eta gurutzatzen dituztenekin hitz egin dugu, eta fluxua kontrolpean dago».

Adierazpen horrekin batera, Borrellek baieztatu egin du talde komunitarioak Bielorrusiaren aurkako zigor gehiago onartuko dituela; izan ere, goizean, hori egiteko esparru legala adostu dute EBko estatu kideetako Atzerri ministroek.

Orain arte, talde komunitarioak 116 norbanakoren —besteak beste, Lukaxenko— eta hamabost erakunderen aurkako neurriak onartu ditu; besteak beste, EBn sartzeko debekua —aire konpainiei ere bai— eta estatu kideetan dituzten ondasunak izoztea.

Bruselak iazko abuztuan Bielorrusian egin zituzten presidentetzarako bozen ondoren hartu zituen erabaki horiek: Lukaxenko izan zen garailea —botoen %80—, baina Europako Batzordeak «iruzurtzat» jo zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.