Txina-AEB

Taiwanen geroa izan dute hizpide Bidenek eta Xik

Txinako presidenteak ohartarazi zion AEBetakoari Taiwanen independentziaren alde egitea «suarekin jolastea» dela. Hiru ordu eta erdiz egon ziren bilduta bi buruzagiak.

Joe Biden, Etxe Zuriko bere bulegoan, Txinako presidentearekin izandako bileraren une batean. SARAH SILBIGER, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko azaroaren 16a
11:44
Entzun

Mendebaldeko eta Ekialdeko bi potentzia handienen arteko bilera telematikoa izan da. Iruditeria bera ere argigarria izan da: iluntzea planetaren mutur batean eta eguna argitzen bestean; bi mutur, bi jarrera kontrajarri aurrez aurre. Hain zuzen ere sokaren bi ertzak gerturatu asmoz egindako bilera izan da AEBetako estatuburu Joe Biden eta Txinako presidente Xi Jinpingena. Hiru ordu eta erdi luzatu da batzar telematikoa, espero baino gehiago, baina ez du, hala ere, tentsioa baretzeko balio izan.

Gai andana jorratu dituzten arren, Taiwan izan dute bi aldeek hizpide nagusi. Xik aukera baliatu zuen ohartarazteko Taiwanen independentziaren alde egitea «suarekin jolastea» dela, eta Pekinek gogor erantzungo lukeela, halakorik gertatuz gero: «Taiwango agintariak behin baino gehiagotan ahalegindu dira AEBen babesa lortzen independentzia eskuratzeko, eta AEBetan batzuek Taiwan baliatu nahi dute Txina kontrolatzeko. Oso joera arriskutsua da», esan zuen estatuburuak.

Bidenek, bere aldetik, giza eskubideen defentsa egin zuen, eta kezka agertu Pekinek Tibeten, Hong Kongen eta Xinjiangen «gutxiengoen aurka» bultzatutako politiken inguruan. Ez da lehen aldia Etxe Zuriak gutxiengoan eskubideak urratzea egozten diola Asiako potentziari, baina hark ukatu egin ditu salaketak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.