Euskara

XVIII. mendeko merkataritzan euskara erabiltzen zela azaleratu dute Euskaltzaindiak kaleratutako gutun bildumek

Euskaltzaindiak bi liburu aurkeztu ditu; Jose Ramon Minondo goizuetarraren gutunak daude horietan bildurik. Oiartzungo Olaberria burdinolaren harira bidalitako idazkiak dira, eta bistakoa da euskararen erabilera.

Euskaltzaindiako ordezkariak, gutun bilduma aurkezten. EUSKALTZAINDIA
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko azaroaren 16a
18:58
Entzun

Iraganeko garaietan eta euskararentzat bereziki ilunak ziren aldietan ere, euskara erabili egiten zen esparru sozialez haragoko giroetan. Hala berretsi dute Euskaltzaindiak Nafarroako Gobernuaren laguntzaz argitara atera berri dituen bi liburuek. Biak ala biak XVIII. mendearen hondarretik XIX. mende hasierara bitartean Jose Ramon Minondo goizuetarrak idatzitako gutunetan daude oinarriturik. Merkataritza kontuei buruzkoak dira idazkiak, 300dik gora, Oiartzunen jarduten zuen burdinola batean girotuak. Zehazki, Jose Ramon Minondo Goizuetarraren Gutunak. Olaberria (Oiartzun). 1790-1807. Edizioa eta Jose Ramon Minondo Goizuetarraren Gutunak. Olaberria (Oiartzun). 1790-1807. Hizkuntza Azterketa izenburupean kaleratu dituzte lanak. Gaur aurkeztu ditu Euskaltzaindiak, Iruñean eginiko agerraldi batean.

Euskaltzaindiako lehendakari Andres Urrutiaren esanetan, orain argitaratu diren gutunek balio dute ondorioztatzeko «euskara ez zela soilik esparru sozialetan erabiltzen». Hain zuzen, jakinarazpenak emateko gutunetan ere euskaraz aritzen zirela erakusten dute gutunok. Urrutiak azaldu duenez, gainera, Minondo «normaltasunez eta naturaltasunez» aritzen da gutun horietan, erabilera ohikoa zen seinale. Era berean, ezaugarri berberean jarri du arreta Mikel Arregi Euskarabideko zuzendariak ere, gaurko agerraldian. Nabarmendu du, hain justu, testuak ez direla erlijiosoak, eta argitu du: «Hori ez da hain ohikoa antzinako idazkietan».

Halaber, Urrutiak zehaztu du gutun horiek euskararentzat momentu «zaila» zen garai batean idatziak direla. «Jose Ramon Minondok gutur hauek idazten zituelarik, Espainiako Novísima recopilación lege testuen bildumak merkatariei debekatu egiten zuen gaztelaniaz idatzia ez zen liburu oro editatzea». Alegia, bistakoa da euskarak jazarpen sakona jasan zuen XVIII. mendearen bukaeratik XIX. mendearen hasierara bitartean, eta, oztopo horiek eduki arren, euskaraz egiten zuen Minondok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.