Albistea entzun

TORTURA

Torturagatik zigortutako polizia bat saritu izana justifikatu du Madrilek

EH Bilduko diputatu Jon Iñarrituri erantzunez, Espainiako Barne Ministerioak argudiatu du legediak baimendu egiten diola Hector Moreno Garcia komisarioari Polizia Merituaren Zilarrezko Domina ematea. Pentsioa %15 handitu diote kondekorazioari esker.

Jon Iñarritu EH Bilduko diputatua, joan den maiatzean, Espainiako Kongresuan.
Jon Iñarritu EH Bilduko diputatua, joan den maiatzean, Espainiako Kongresuan. FERNANDO VILLAR / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2021eko azaroak 17

Jon Iñarritu Espainiako Kongresuan EH Bilduk duen diputatuak galdera egin dio Espainiako Gobernuari Hector Moreno Garcia komisarioari emandako Polizia Merituaren Zilarrezko Dominari buruz. Koalizioak azaldu duenez, izan ere, torturak eragiteagatik zigortu zuten Moreno, eta Jose Maria Aznarren (PP) gobernuak indultatu egin zuen gero. Espainiako Barne Ministerioak justifikatu egin du kondekorazioa, ordea. Legea eskuan argudiatu du polizia hori saritu izana, «Merezimendu Zibilaren Aginduko Legediaren 7. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren».

EH Bilduk salatu duenez, Moreno Garciak jasotzen duen sari ekonomikoa «polizia agente batek bizitzan jaso dezakeen bereizketarik handiena da» egun. Guztira, bizitza osoan jasoko duen pentsioa %15 handitu diote jaso berri duen kondekorazioari esker.

Jon Iñarritu diputatuak salatu du «erabat kontraesanezkoa» eta «zentzugabea» dela «Billy el Niño eta beste polizia torturatzaile frankista batzuei dominak kenduko dizkietela iragartzea, eta, aldi berean, antzeko gertaerengatik zigortutako polizia torturatzaileei gorazarre egitea». Diputatuak salatu du «torturaren biktimak umiliatzea» dakarrela torturengatik zigortutako agenteak kondekoratzeak: «Bigarren mailako biktimak daudela begi bistan geratu da berriz ere».

Iñarrituk gogoratu du Morenorena ez dela «gertaera bakan» bat: «Agerian uzten du estatuak hainbat hamarkadatan izan duen jokabidea, torturengatik zigorrak gauzatu direnean: indultua, kondekorazioa eta kargu hobetzea».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Euskal Hiriguneko biltzarra, joan den abenduan. ©GUILLAUME FAUVEAU

Euskal Elkargoa gainditu beharra

Ekhi Erremundegi Beloki

Euskal Hirigune Elkargoak bost urte beteko ditu igande honetan. Ipar Euskal Herriak izan duen lehen instituzio propioa eraikitze fasetik politika publikoak ontzera iragan zen 2020ko hauteskundeen ondotik, baina, anitzen ustez, bere mugak erakutsi ditu jadaneko.
Izadi haurraren alde joan den azaroan Burlatan egindako jaialdi bat. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Amarik gabeko urtebetetze eguna

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Maria Lizarraga eta Iñigo Gutierrez euskal presoen alaba Izadik bihar beteko ditu 3 urte. Kartzelatik atera beharko du orduan, Espainiako espetxe legediak hala aginduta, eta amarengandik bereizi. Gutierrez atzo atera zen espetxetik, hirugarren graduan.
Aurreneko lerroan, ezkerretik, Gorka Urrutia, Beatriz Artolazabal eta Jose Ramon Intxaurbe, atzo. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Espainiako segurtasun indarren lana balioesteko eskatu diote Jaurlaritzari

Gotzon Hermosilla

Txosten bat egin dute ETAk Guardia Zibilean eta Espainiako Polizian eragindako sufrimenduaz

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.