Hizkuntza eskubideak jomugan

EH Bilduk epaileengana jo du, Iruñeko udal egutegia ez delako elebiduna

Egutegiak elebiduna behar luke, euskararen ordenantzan jasoa dagoenez. Araua urratu dutela gaitzesteko, EH Bilduk bi helegite aurkeztu ditu Nafarroako Administrazio Auzitegian.

Iruñeko Udalaren 2021. urteko egutegia. IRUñEKO UDALA
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko azaroaren 18a
18:16
Entzun

Enrique Maia buru duen udalak beste behin zokoratu du euskara; berriz ere, euskarazko hitzak ez dira ageri gaztelaniakoen parean. Iruñeko Udala 2022. urteari so ari da azkenaldian, eta, ohi denez, berea da udal egutegia diseinatzeko ardura. Euskararen ordenantzan jasoa dagoenez, ezinbestekoa da egutegi horiek elebidunak izatea. Ordea, Udalak kontra egin dio betebeharrari; araua urratu, eta bi egutegi mota argitaratzeko hautua egin du. Gaztelaniazkoa bata, euskarazkoa bestea. Iruñeko Udaleko EH Bilduk irmoki salatu du Enrique Maiaren taldearen jokabidea, eta auzitara jo dute: bi helegite aurkeztu dituzte Nafarroako Administrazio Auzitegian. Egutegien auziari dagokio lehenbizikoa; bigarrena, hizkuntz eskubideen beste urraketa batzuei.

EH Bilduren esanetan, Navarra Sumak euskarri elebidunen kontra egiteak asmo argia du atzean, eta hori da «okerrena». «Navarra Sumak modu kontzientean eta interesatuan egiten du, konfrontazioa sustatzeko, hiri honetako errealitate linguistikoetako bat diskriminatuz», salatu du EH Bilduk ohar batean. Izan ere, azaldu dutenez, gaztelaniazko bertsioa eta euskarazkoa euskarri bereizietan azaltzeak ezinbestean uzten du euskarazkoa ahulduago. Hain zuzen, berdin gertatu zen Twitter kontuekin ere. Udalak uko egin zion lehendik sortua zen kontuan mezu elebidunak argitaratzeari, eta bigarren kontu bat sortu zuen euskaraz aritzeko, artean jarraitzailerik gabekoa.

Halaber, EH Bilduk nabarmendu du Udalak berriz ere euskara bazter uzteko asmoa duela zenbait ekinbidetarako: hala nola informazio seinale, kartel eta plaka batzuk egiteko. «Hiriko hizkuntza koofizialetako batekiko ez ezik, hitz egiten duten pertsonekiko eta Nafarroako Administrazio Auzitegiaren irizpideekiko –euskararen ordenantzarekiko– ere errespetu falta lotsagabea da», salatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.