Turkia

Turkiak aske utzi du Omar Suleiman abeslaria

Asteazkenean atxilotu zuten, terrorismo delitua egotzita. Ez dute zehaztu deliturik leporatzen dioten orain. Etxera itzuli da, eta Turkian bizitzen jarraitzeko asmoa iragarri du.

Souleyman, kontzertu batean. RAPH_PH - EOTR010918-19
jon ordonez garmendia
2021eko azaroaren 20a
09:47
Entzun

Turkiak aske utzi zuen atzo gauean Omar Suleiman jatorri siriarreko abeslari kurdua. Albiste agentzien arabera, iluntzean geratu zen libre, hainbat orduz atxilotuta egon ostean. Ez dute zehaztu karguren bat leporatzen dioten.

AFP agentziako argazkilari batek ikusi ahal izan zuen Suleiman, aske geratu ondoren. Haren arabera, etxera itzuli da. Han zituen zain familia, lagunak eta jarraitzaile batzuk. «Turkia maite dut. Europarrek asiloa eskaini didate, baina hemen geratu nahi dut», esan zuen, argazkilariaren arabera.

Asteazkenean atxilotu zuen Turkiak. PKK alderdiarekin lotura edukitzea leporatu diote folk elektronikoaren nazioarteko izarrari eta terrorismo delitua leporatu zioten. France Press agentziak zabaldu duenez, duela gutxi YPG Herriaren Babeserako Unitateek kontrolaturiko eremu batera eginiko bidaia baten inguruan galdekatu dute.

Suleiman Haseke eskualdean jaio zen, duela 55 urte. Arabiar sunita izanda ere, arabiarrez eta kurdueraz abesten du, eta beti mintzatu da eskualdean bizi diren talde etnikoen arteko elkarbizitzaren alde. Sirian gerra hasi zenean, okindegi bat jarri zuen Urfa hirian, iheslari pobreei ogia doan emateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.