Migratzaileak

Migratzaile bat hilik atzeman dute Bidasoa ibaian

11:00etan aurkitu dute gorpua, Endarlatsan. Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gizonezkoa eta gaztea da. Migrazioen bidean aurten Euskal Herrian hildako zazpigarren pertsona da. Irungo Harrera Sareak elkarretaratzera deitu du biharko: 12:30ean, San Juan Plazan.

Hainbat pertsona migrante, Bidasoa ibaiaren gaineko Santiago zubia oinez zeharkatzen, joan den martxoan. GORKA RUBIO / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2021eko azaroaren 20a
14:10
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, pertsona baten gorpua atzeman dute gaur Bidasoa ibaian, Irungo uretan (Gipuzkoa), Endarlatsa inguruan, Nafarroarekin mugan. Padel surfa egiten ari zen kirolari batek atzeman du, 11:00ak aldera, eta, larrialdi zerbitzuei abisua eman ondotik, suhiltzaileak eta Ertzaintza bertaratu dira lekura, baita helikoptero bat ere. 12:00ak aldera atera dute gorpua uretatik.

Poliziak ikerketa abiatu du hildakoa identifikatzeko eta gertaturikoa argitzeko: Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, migrantea da hildakoa, gizonezkoa eta gaztea, eta «hain segur» jatorri afrikarrekoa. Oraindik ez dute gorpua identifikatu, baina hildako pertsonaren identitatea bilatzea erraztu dezaketen hainbat dokumentu atzeman dituzte hilotzak aldean zeramatzan paperetan. Gorpuari autopsia eginen diote orain, eta horretarako Donostiako Auzitegi Patologiako Zerbitzura eraman dute. Segurtasun Sailak jakinarazi du ez daukala kriminalitate zantzurik.

Urtea hasi zenetik, zazpi pertsona hil dira migrazioen bidean Euskal Herrian: batek bere buruaz bertze egin zuen, hiru Bidasoa ibaian hil dira, eta bertze hiru trenak harrapatuta hil ziren Ziburun (Lapurdi), urri hasieran.

«Gertatu da»

Irungo Harrera Sareak oroitu du azaroaren 8an iragarri egin zutela «baldintzak betetzen ari zirela migratzaileak Europako iparralderako migrazio-bidaian beharrezkoak ez ziren arriskuak hartzera bultzatzeko». Eta arrazoia zutela ohartarazi du gaur: «Gertatu da». Protestara deitu dute biharko: Irungo San Juan plazan elkartuko dira, «solua eta salaketa» egiteko. Astelehenean ere eginen dute protesta, Ipar Euskal Herriko taldeekin batera: 19:00etan giza kate bat eginen dute, kandelekin eta argiekin, «mugaren biktimen eta Europako migrazio politiken omenez», Santiago zubian bat egingo duten «Bidasoaren bi ertzetatik» abiatuta.

Harrera Sareak salatu duenez, alde batetik, «gero eta modu zorrotzagoan itxi» dituzte Irun eta Hendaia arteko mugak, eta, bertzetik, «hirira trantsitu egoeran iristen diren pertsona talde bati eskaintzen zaion harrera eskasa» da: «Egun, Irungo dispositiborako sarrera baimentzen eta kudeatzen duten pertsonek bakarrik ezagutzen dituzten 'irizpideak' ez dituzte betetzen». Gaitzetsi dutenez, asteon «gutxienez» hamar pertsonari ukatu diote dispositiborako sarbidea, eta etxe partikularretan hartu dituzte «diru publikoz Gurutze Gorriak kudeatzen duen [Espainiako] Barne Ministerioren zentroan tokiak egonik». Deitoratu dute erakundeak pertsona migranteen bizitzekin «jolasten» ari direla, «Frantziara iristeko eta haren ertza 100 metrora ikusita, duten etsipenaren baitan»: Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Aldundia eta Irungo Udala aipatu dituzte zehazki. «Kalean lo egin behar izatearen perspektibaren aurrean igerian pasatzeko arriskua hartzera laguntzen ari dira, izan ere, behin eta berriz esaten dugu pertsonekin jolasten dutela elkarlanerako zantzurik gabe erakunde bakoitzaren irizpide eta eskumenetan babestuz». «Gehiago» egiteko eskatu diete «bide segururik ez izateak eragiten dien sufrimendua arintzeko, murrizteko»: «Eta orain ere ez digu balio erakundeetako ordezkarien aldetik kexak eta aiene bizigabeak entzuteak mugako itxierari buruz, pertsonen bizitzaren garrantziari buruz, edo galerek eragindako minari buruz, hori saihesteko beren esku dagoen guztia egiten ez dutenean».

Azken urteotan ugaritutako kontrolen ondorioz migrazio bide arriskutsuak hartzen dituzte maiz migranteek, eta, migranteen harrera sareek ohartarazi ohi dutenez, horren ondorioz gertatu ohi dira ezbehar hilgarriak. Atzo bertan gertatu zen bertze istripu bat: migratzaile bat zauritu zen trenak botata, Donibane Lohizunen (Lapurdi).

Europari eskea

Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendariak Europari luzatu dio galdea: «Zoritxarrez, halako gertakariak pasatu egingo dira Europak trantsituan dauden pertsonentzat bide seguruak sortzen ez dituen bitartean». Zehaztu du migranteek «soilik etorkizun hobe bat» bilatzen dutela, eta «errealitate» horri «erantzun egoki» bat ematea «betebehar bat» dela Europako, nazioarteko zein «barne» zuzenbidean. Legarretaren erranetan, «kezka» sortzen die «pertsonek Europaranzko ametsaren bidean bizitza galtzeak», eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakunde instituzional eta sozialek «fenomeno migratorioei erantzun ordenatu eta elkartasunezkoa» emateko «sistema» bat osatua dute, baita euren «eskumenetatik harago» ere.

Irungo Harrera Sareak zabal dezakeen mezuari aitzinatu zaio Legarreta, «bere diskurtsoarekin etorriko balitz ere», eta salatu du ez duela «laguntzen» errealitate ezberdinak «nahasteak», hala nola trantsituan dauden migranteena, nazioarteko babesa eskatzen dutenena, etxegabeena edota Hego Euskal Herrian dauden edo gelditu nahi duten migranteena: «Desorientatu eta espektatiba distortsionatuak sor ditzake bestelako beharrak dituzten kolektibo batzuetan dauden pertsonentzat».

Gipuzkoako Aldundiak ere gaitzetsi du migrantearen heriotza. «Atsekabe eta sumindura sakona» adierazi ditu Markel Olano ahaldun nagusiak: «Gipuzkoatik nire elkartasun eta hurbiltasun osoa helarazi nahi nieke haren senideei eta hurbilekoei; nahi nuke lurralde solidario baten sentimendua helaraztea, Europarako bidean pertsona bat modu bidegabean hil izanagatik izugarri tristetzen eta sumintzen den lurralde baten sentimendua».

Jose Antonio Santano Irungo alkateak eskatu du «birplanteatu» daitezela «mugako» kontrolak, migranteak «bizitza arriskuan» jartzera bultzatzen baitituzte. Europari ere galdegin dio «drama eragotzi» dezala, eta Frantziako Gobernuari ere luzatu dio eskaera: «Beharrezkoa da Frantziak ulertzea ezin diogula mugako pasabidea inori itxi, eta are gutxiago euren bidean jarraitzeko teman amore ematen ez dutenentzako tranpa hilgarri bat bilakatzen bada». Gaurko heriotza «sakonki» dolutzen duela erran du Santanok: «zinez tristea» dela eta «inpotentzia erraldoia» eragiten duela ikusteak jendeak «bizitza arriskuan» jartzen duela Poliziaren kontrolak saihesteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.