Migratzaile bat zauritu da trenak botata, Donibane Lohizunen

Baionako ospitalera eraman dute. Espainiako eta Frantziako poliziek migratzaileen kontrako kontrola ipinia zuten Dantxarineko mugan

Trena, Donibane Lohizunetik igarotzen. GUILLAUME FAUVEAU.
jon ordonez garmendia
2021eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Beste ezbehar bat gertatu zen atzo goizean migrazioen Euskal Herriko bidean. Goizeko bostetan Hendaiatik atera zen lehen trenak 25 urteko migratzaile bat lurrera bota zuen Donibane Lohizune eta Getaria artean (Lapurdi). Sud Ouest egunkariak jakinarazi zuenez, trenaren ufakoak bota zuen migratzailea, eta, kolpearen ondorioz, arin zauritu zen. Iturri beraren arabera, migratzailea trenbidearen alboan zegoen trena iritsi zenean. Lurrera erori, eta izterrean hartu zuen kolpea. Baionako ospitalera eraman, eta osasun zerbitzuek artatu zuten.

Ez da azken asteetan gertatu den gisa bereko lehen istripua. Urriaren 12an, hiru migrante hil ziren, eta beste bat larri zauritu zen, Ziburun (Lapurdi), trenak harrapatuta. Salbu atera zenak emandako esplikazioen arabera, poliziaren kontroletatik «ihesi» zebiltzan, eta «ikusiak ez izateko» zihoazen trenbidetik.

Herenegun, hain zuzen, Espainiako eta Frantziako poliziek migratzaileen kontrako beste kontrol bat ipini zuten Dantxarinean, albiste agentziek atzo goizean jakinarazi zutenez. 24 pertsona eta 19 ibilgailu atzeman zituzten.

Eragileen haserrea

Elkartasuna Larhun kolektiboak maiz salatu du migranteen egoera. Gutun bat bidali zien joan den astean Hego Lapurdiko hamar auzapezei eta Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariari, Hendaia eta Baiona artean «beste drama bat gertatu aitzin» migranteen segurtasuna berma dezatela eskatzeko. «Ez gaitzazue bakarrik utzi. Ezer eginen ez bagenu, arriskuan daudenei laguntza ez emateaz hobendun bihurtuko ginateke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.