Etxebizitza eskubidea

Etxebizitza eskubidearen aldeko protesta jendetsua egin dute Baionan

Antolatzaileen arabera, 8.000 pertsona inguru bildu dira. Azken urteetan okertu egin da egoera, eta aterabideak atzematera deitu dute.

San Andres plaza, manifestazioa hasi aitzin. LOGEMENT ETXEBIZITZA, @LOGEMENTEH
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko azaroaren 20a
16:05
Entzun

Manifestazio jendetsua egin dute gaur Baionan, etxebizitza eskubidearen alde eta espekulazioaren kontra. San Andres plazatik abiatu da protesta, eta aniztasuna izan da parte hartzaileen artean. 30 bat eragilek babestu dute mobilizazioaren deialdia, horien artean, Ipar Euskal Herriko ezkerreko alderdi guziek, sindikatu nagusiek, eta eragile sozial andanak. Etxebizitzaren arazoa areagotu egin da azken urteetan Ipar Euskal Herrian, eta botere publikoei neurriak hartzeko eskatu diete. Etiketa politiko ezberdinetako hautetsi andanak parte hartu du protestan. Horien artean izan da Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria ere.

Anita Lopepe EH Baiko bozeramailearen hitzetan, Ipar Euskal Herriko gizartearen «oihu bat» bezala ikusi behar da manifestazioa «sentiarazteko populazioaren biziki esparru zabalak arazoekin direla etxebizitza bat atzemateko. Eta konpreniarazteko hautetsiei populazioa prest dela neurri ausartagoetarako». Bere hitzetan, «urte luzeertan izan den imobilismo edo utzikeriari» aterabideak atzeman behar zaizkio. «Gure iduriko behar da erotua den merkatu hori interbentzio publikoarekin arautu eta neurri ausartagoen bila joan, posible izan dadin oraino hemengo jendearentzat hemen bizitzea eta hemen etxebizitza bat atzematea» Prekarietatean bizi diren pertsonak laguntzen ditu Atherbea-k: «Sistema liberal honetan osoki baztertuak dira», salatu du Pantxika Ibarboure egiturako zuzendariak. Tresna politikoen bidez etorriko dira aterabideak bere ustez ere.

«Garrantzitsua zen mobilizatzea», Argitxu Dufau LAB sindikatuko kidearen hitzetan. «Biziki zaila zaigu etxebizitza duin bat lortzea gure herrian. Alta, alternatiba batzuk proposaten ditugu eta presio egin nahi dugu horiek plantan ezarri ditzaten». Manifestazioaren balorazio baikorra egin du Xebas Cristy Alda mugimenduko kideak. «Helburua zen erakustea jende anitz kezkatua dela etxebizitzaren gaiari buruz, eta gauzak aldatzea nahi dutela. Hautetsiei eta botere publikoei erakutsi nahi diegu neurriak hartu behar dituztela. Indar harreman bat sortu nahi dugu, ondoko hilabeteetan aldarriak eta proposamenak plararatzen ditugunean jakin dezaten sostengu azkar bat gibelean. Hastapen bat baizik ez da».

Askotariko aldarrikapenak eta mezuak entzun dira manifestazio guzian zehar. Etxebizitza eskubide bat dela oihukatu dute batzuek, Euskal Herria ez dela salgai besteek, eta baita etxebizitza urririk izan behar dela ere. Manifestazioa Paulmy etorbidera iritsi denean, giltzak eskuetan hartu eta airean astindu dituzte manifestariek. Euskal Hirigune Elkargoaren eta Baionako suprefeturaren artean egin dute ekintza sinbolikoa. Izan ere, manifestazioaren antolatzaileek eskatzen dituzten neurritako batzuk Euskal Elkargoak berak hartu litzake, hala nola, bizitoki turistikoei konpentsazio baldintza ezartzea; baina, beste batzuentzat legedi aldaketa beharrezkoa da, eta hori Frantziako Asanbleari dagokio.

Ibilbidean zehar, Espainiako atearen parean, eskuorriak airean bota dituzte ezezagun batzuek espekulazioa «bide oroz» borrokatzeko gomita eginez. Euskaraz eta frantsesez idatzitako testuan adierazi dute instituzioek eta legeek ez dutela «hondamendia gelditzeko indarrik», eta «erosten gaituztenak kanporatzera» deitu dute. «Agentziak, bankuak, eraikuntza enpresak, bide bazterretako publizitateak... ahal bezain usu kolpatu beharko ditugu».

Merkatuari koadroa

Manifestazioa Lauga gelan bukatu da, eta ekitaldia egin dute bertan. Jean Daniel Elixiri eta Maialen Elosegi mintzatu dira antolatzaileen izenean, eta azpimarratu dute «denek» jasaten dituztela etxebizitza krisiaren ondorioak: «behar handienetan direnek, klase ertainak, hemen sortu direnek, hona bizitzera etorri direnek, hemen ikasten edota lan egiten dutenek». Eskaintza eta eskaeraren arteko «diskurtso eroek» erakusten dute, haien hitzetan, «merkatua koadratuko duten neurriak» beharrezkoak direla. Bi elementu azpimarratu dituzte hori lortzeko: mobilizazio herritarra eta ausardia politikoa.

Eta aterabideak badira antolatzaileen ustez, horietako batzuk herriko etxeek eta Euskal Elkargoak berehala har ditzaketenak. «Botere publikoek askoz ere parte hartze handiagoa izan behar dute merkatuan», egin dute aldarri. «Etxebizitza bat izateko eskubideak, bi etxebizitza izatea baino lehentasun handiagoa du. Bigarren etxebizitzen kontra borrokatzen segitu behar dugu. Etxebizitza horiek, bertan bizi nahi dutenei lapurtuak zaizkie». Egoeraren larritasunaz abisua eman nahi izan dute, halaber. «Soldata edo lan-kontratu mugagabea izateak Ipar euskal Herrian etxebizitza aurkitzea ez du segurtatzen. Alokairuek eta lurren prezioek lurraldean atxemaiten diren soldatekin ez dute deus ikustekorik. Orain arte babestua zela uste zuen biztanleriaren zati oso bat mehatxatua sentitzen da. Eta hori, bizitzako istripuak, langabetuak, prekarioak, ikasleak, baztertuak eta estatusik gabekoak aipatu gabe. Neurri indartsurik gabe, biztanleriaren zati handi bat etxerik gabe edo gaizki aterbetua geldi liteke».

Gaurko protestan milaka pertsona bildu izana eskertu dute, eta deialdia zabaldu dute 32 eragileek elkarlanean segitzeko borondatea dutela jakinarazi dute. «Lan kolektiboa, batasuna eta lankidetza behar ditugu, merkatu libreari eta haren ondorioei aurre egiteko. Bakoitzak bere herrian bizitzeko eskubidea ukan behar du». Besta giroan bukatuko dute aldarrikapen eguna, Xiberoots, Foisi Jaunak eta Sheep'n'beer taldeen kontzertuekin.

Ikusi gehiago:Bizitoki bat helburu

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.