Bizitoki bat helburu

Etxebizitza eskubidearen aldeko protesta eginen dute gaur Baionan. Azken urteetan okertu da egoera, eta aterabideak atzematera deitu dute

Bikote bat etxebizitza iragarkiei begira, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2021eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Manifestazioa eginen dute gaur arratsaldean Baionan, etxebizitza eskubidearen alde eta espekulazioaren kontra. EH Baik plazaratu zuen protestaren proposamena, apirilean, eta ordutik dozenaka eragile batu dira deialdira. Hala, protesta babestu dute Ipar Euskal Herriko ezkerreko alderdi nagusiek, sindikatu gehienek eta eragile sozial andanak. Horrez gain, 2.000 pertsonak baino gehiagok izenpetu du mobilizaziorako deia: besteak beste, 116 etxegabek. 15:00etan hasiko da mobilizazioa, Baionako San Andres plazatik. Gako sorta bat eskuan parte hartzeko eskatu dute antolatzaileek; «erabakitzeko boterea dutenei bertan etxebizitza eskubidea bermatzeko premiaz ohartarazteko gisan», denek batera giltzak altxatzera deituko dituzte mobilizazioan.

Ipar Euskal Herrian ez da berria lurraren eta etxebizitzaren inguruko kezka. Azken hamarkadetan presente izan den problematika bat da, forma eta eduki ezberdinetako aldarrikapen eta ekintzen bidez plazaratu izan dena, Euskal Herria ez da salgai! lelopean nagusiki. «Mugimendu abertzalean beti presente izan den gaia da, eta manera ezberdinetako erantzunak eman dira. Baina ez da lortu egoera aldatzea», esplikatu du Nikolas Blain EH Baiko kideak.

Azken hilabeteetan laborantzako lurren problematika aipatu da gehien, Lurzaindiak eta ELBk lurren salmenta espekulatiboaren kontra Arbonan (Lapurdi) abiatutako okupazioak ikusgaitasuna eman baitio gaiari. Bi eragileen osagarri, herritar talde bat ere antolatu da BOST kolektiboaren inguruan, eta Ipar Euskal Herriko sarea ere osatu dute beste eremu batzuetako proiektuen kontra mobilizatu diren herritarrekin. Gizartean kontzientzia piztu eta mobilizazioetara deitzea da OSTIA sarearen helburu nagusia.

Baina, etxebizitzaren problematika ere lehen lerroan da azkenaldian Ipar Euskal Herrian. COVID-19aren pandemiak eragindako osasun krisiaren ondorioz 2020ko udaberrian izan zen konfinamenduaren ondotik, egoera okertu egin dela diote gehienek. Ipar Euskal Herriko herritarrek baino erosahalmen handiagoa duen jendeak merkatuan eragin du, eta prezioen igoera handia izan da. Bigarren etxebizitzen kopurua etengabe emendatzen ari da, eta bizitegi anitz turismora bideratzeak ere alokairuan ezarriak diren etxebizitzen kopurua apaldu du. Eskaria eskaintza baino altuagoa da, eta gero eta zailagoa bilakatu da Ipar Euskal Herriko herritarrentzat etxebizitza bat lortzea. «Azken urteetan gauzak larritu dira: prekaritatean bizi direnak emendatu dira. Garai batean aipatzen zen gazteentzat arazo bat zela, baina, gaur egun, adin guzietako jendearentzat da zaila etxebizitza lortzea», laburbildu du Blainek.

Duela urte bat ezarri zuten plantan EH Baiko Etxebizitza Batzordea, eta etxebizitza eskubidearen aldeko «kanpaina iraunkorra» abiatzea erabaki zuten. Alde batetik, Euskal Hirigune Elkargoak landu duen BTP Bizitegien Tokiko Plana izan da, eta herriarteko hirigintza planak berrituko dituzte heldu den urtean. «Erabaki anitz hartuko dira ondoko hilabeteetan». Karrikako egitasmoak ere egin dituzte, izan prentsaurreko, salaketa, elkarretaratze, edo okupatzeak, eta ondoko hilabeteetan horiek «ugaritzeko» borondatea agertu du Blainek. Azkenik, herritarrei hitza eman nahiko liekete. «BTPan ez zaie iritzirik galdetu. Hiru bilkura publiko antolatu ditu EH Baik herritarren hitza entzuteko; haien sentimendua eta pertzepzioa zer diren jakin nahi dugu». Iragarri du herritar foro bat antolatuko dutela 2022aren hasierarako.

BTP planean elkargoak egin duen diagnostikoa azpimarratu du Blainek, egoeraren argazki orokorra erakusten baitu. Etxe hutsen kopuruan ezarri du garrantzia: «Ipar Euskal Herriko bizitokien %21 bigarren etxebizitzak dira; badira 41.000 bizitoki urtean gehienez ere lau hilabetez okupatuak direnak». Diagnostikoarekin bat eginik ere, plana bera «anbizio gutikoa» zela ebatzi zuen EH Baik. Hala ere, EH Baiko hautetsi batek baino gehiagok aldeko bozka eman zuen.«Ez dugu adostasun kolektiborik lortu. Denek ez dute egoera berdin bizi. Batzuek basoa erdi hutsa ikusi dute, eta besteek, erdi betea».

Egoiliar estatutua

BTP planean etxebizitza gehiago eraikitzea erabaki zuten; ez zaio egokia. «Gero eta etxebizitza gehiago egiten dira Ipar Euskal Herrian, baina ez dugu galdera egiten nola eta norentzat diren proiektu horiek». Donibane Lohizuneko (Lapurdi) proiektu baten adibidea hartu du: 500.000 euro etxebizitza bakoitzeko. «Hori ez da donibandarrentzat egina. Tokiko hautetsiek dituzten dosierretan ezin dugu duela hamar urte bezala aritu». Lur publikoa denean, Herriko Etxeak metro karratuaren prezioa finkatzen ahal dio promotoreari, adibidez. «EPFL Lurraren Erakunde Publikoa ez da aski baliatua, eta ez da epe luzerako lur erreserbarik. Hautetsiek, anitzetan, sei urteko planak egiten dituzte, hauteskundeez pentsatuz». Gauzak desberdin egin daitezkeela erakusteko, Uztaritzeko (Lapurdi) herriko etxearen adibidea hartu du; hango hautetsia da Blain. Hirigintza plana berritzearekin, eraikigarri gisa ezarriak ziren 400 lur eremuri izaera aldatu diete, merkatutik kenduta. Laster eginen diren hirigintza plan berrietan «ausardia» erakustera deitu du.

Azkenik, Blainek oroitarazi du Egoiliar Estatutua sortzea proposatu duela EH Baik: «Ideia da Etxebizitza bat erosi aitzin lurraldean bizi behar dela». Oraindik ez dute definitu zenbateko epea eskatuko luketen erosteko ahalmena lortu aitzin, baina egin dituzten herritar kontsultetan bost eta hamar urteko epeak aipatzen dituzte. Hala ere, Euskal Elkargoak ez du ahalmenik halako neurri bat hartzeko; Frantziako Asanbleak lege bidez onartu beharko luke.

Bizitegi turistikoak

Orain dela urte bat sortu zen Alda mugimendua, auzo herrikoietako herritarrak babesteko helburuarekin. Diagnostiko bat egitea izan zen hartu zuten lehen lana, herritarrei oro har eta auzoetako zenbait «erreferenteri» galdeketak eginik. Etxebizitzari lotutako arazoak agertu ziren nagusiki. «Baionako Gaskoien plazan lokala ireki dugunetik, telefono zenbaki bat ezarri dugu jendeak bere arazoen berri emanez dei gaitzan: jasotzen ditugun eskaeren %70 etxebizitzei lotuak dira. Askok deitzen gaituzte alokairu kontratua bukatzear dutelako eta etxetik kanporatuak izateko arriskua dutelako, eta ez dute gaitasun ekonomikorik beste etxebizitza bat eskuratzeko», esplikatu du Ainize Butron Alda-ko kideak. «Etxebizitza sozialen eskaera ere biziki azkarra da. Ipar Euskal Herrian 11.000 eskaera daude urtero. Batez beste 22 hilabete itxaron behar dira. Akitania Berria eskualdean 11 hilabetekoa da batezbestekoa. BTPan etxebizitza sozial kopurua emendatzea erabaki dute, baina horrek ez dio eskaerari erantzuten».

Arazoari aterabidea emateko, bost proposamen egin ditu Aldak: alokairuen prezioa mugatzea, etxebizitza sozialak bermatzea, etxe hutsak berritzea, bigarren etxebizitzak gelditzea eta urte osoko alokairuak lehenestea. Horren harira, Airbnb-ren gisako plataformen kontrako kanpaina bat abiatu dute. Uztailean kanpadendak ezarri zituzten Urruñan (Lapurdi), hirigune elkargoak bertan duen egoitzaren aitzinean, eta geroztik Airbnb plataforman alokagai emanak izan diren etxebizitza batean baino gehiagotan sartu dira, dituzten aldarrikapenei ikusgaitasuna emateko. Euskal Hirigune Elkargoa neurri indartsuak hartzera bultzatzea da helburua.

Konpentsazioa da horietako bat. Frantziako hiri nagusi batzuetan jadanik hartu dute neurria. Urte osoan turismora bideratua den bizitegi bat alokatzen duen jabeak beste bizitegi bat proposatu beharko du urte osoko alokairurako. «Horrelako neurri bat zorrotz eramana bada, bide emango luke etxebizitza andana parke pribatura itzultzeko». Gaur egungo plataformetan diren iragarkiak kontatu zituen Alda-k; kontaketa horren arabera, urte osoan turismora bideratuak diren bizitegiak sei eta zazpi mila artean dira. «Badakigu datu hori errealitatetik urrun dela; dexente gehiago dira». Butronek baieztatu du Euskal Elkargoak gaitasuna duela konpentsazio neurri hori hartzeko. Bilkurak izan dituzte, eta nota juridiko bat ere egin zieten, nola egin lezaketen esplikatzeko.

Beste arazo bat ere ikusi du Alda-k. Airbnb bezalako plataformetan diren bizitegi anitz ez dira turismo bizitegi gisa erregistratuak. Miarritzen (Lapurdi) alokagai ziren etxebizitza bat baino gehiago okupatu dituzte azken asteetan, eta Angeluko (Lapurdi) herriko etxea ere alokagai ezarri zuten Airbnb-n. Emaitza batzuk lortu dituzte: Miarritzeko jabeak hitzeman du bere esku diren etxebizitza guziak erregistratuko dituela, eta Miarritzeko herriko etxeak ultimatuma eman dio Airbnb-ri: abenduaren 18rako alokagai dituen etxebizitza guziak erregistratuak ez badira, prozedura irekiko dio. Gisa bereko gatazka izan zuten Frantzian, Parisko herriko etxearen eta plataformaren artean. Airbnb 8 milioi euroko isuna ordaintzera kondenatua izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.