Edizio independentea

Mundu osoko 300 editore baino gehiago bilduko dira bihartik aurrera Iruñean

Editore Independenteen Nazioarteko Topaketak egingo dituzte bihartik ostiralera bitarte, Baluarten. Argitaletxe Independenteen Nazioarteko Aliantzak eta Editargi elkarteak antolatu dute egitasmoa.

Editargi elkarteko, Nafarroako Gobernuko eta Iruñeko Udaleko ordezkariak, topaketen aurkezpenean, Iruñean. NAFARROAKO GOBERNUA
Ane Eslava.
2021eko azaroaren 22a
12:06
Entzun

Bihar abiatuko dira Edizio Independentearen Nazioarteko Topaketak, Iruñeko Baluarte auditoriumean. Ostiralera arte, mundu osoko 300 editore baino gehiago batuko ditu egitasmoak, sektorearen egoeraz eztabaidatzeko, eta globalizazioaren testuinguruan edizio independentearen nondik norakoak birpentsatzeko. Gaur inauguratuko dituzte topaketak, 18:00etan, baina jarduerak bihar hasiko dira. Nafarroako Gobernuak 110.000 eurorekin lagunduko du egitasmoa. Esteka honetan irakur daiteke egitaraua osorik.

Argitaletxe Independenteen Nazioarteko Aliantzak antolatu ditu topaketak, Editargi Nafarroako Editoreen Elkartearekin batera. Sare horrek munduko 55 herrialdetako 750 editore independente baino gehiago biltzen ditu. Iruñekoak laugarren topaketak izango dira; aurretik, Dakarren egin zituzten, 2003an; Parisen, 2007an; eta Lurmutur Hirian, 2014an.

Aritz Otazu Editargiko lehendakari eta Mintzoa argitaletxeko editoreak Nafarroako Hitza-ri azaldu dionez, bilgunea antolatzeko prozesua duela bi urte hasi zen: Txalaparta argitaletxea eta Editargi elkartea Nazioarteko Editoreen Aliantzan daude, eta, topaketak egiteko aukera zabaltzen hasi zenean, Iruñera etortzea proposatu zioten sarearen gaztelaniazko lerroa gidatzen duenari, Paulo Slachevskyri. 2019ko abenduan egin zuen bisita, Silvia Aguilera editorearekin batera, eta BERRIArekin ere izan ziren. «Etorri zen, ikusi zuen hemen zer azpiegitura eta aukera ditugun, eta ez hori bakarrik: Nafarroaren historia ezagutu zuen. Horrek harrapatu egin zuen, eta esan zigun hautagaitza aurkez genezakeela». Hala egin zuten, eta proposamenak aurrera egin zuen.

Baina zertan datza editore independentea izatea? Otazuk azaldu duenez, beren estatutuetan jasoa dutenarena arabera, sozietate bat independentetzat jotzeko ezinbestekoa da kapitalaren erdia baino gehiago liburuetatik ateratakoa izatea; %51 gutxienez, alegia. «Badaude, adibidez, noizbehinka liburuak argitaratzen dituzten talde multimediak. Ez dira txarrak, inola ere ez, baina ez dira gu bezalakoak. Gainera, azken batean, editore independente bat zera da, zernahi talde politiko edo erakunderen esanetara jokatzen ez duena», erantsi du.

Bi helburu nagusi

Topaketek bi ardatz izango dituzte, Otazuren hitzetan: batetik, «Nafarroa mapan kokatzea», edizioaren munduan zein oro har; eta, bestetik, datozen urteetarako «bide orriak zehaztea». Gainera, balioko dute editoreen lana aitortzeko ere: «Jendeak batzuetan uste du argitaletxe txikien lanak halamoduzkoak direla, eta argitaletxe handietan, berriz, kalitatea bermatuago dagoela. Ez da horrela».

Egitaraua ere bi bloketan banatu dute, goizez eta arratsaldez. Goizez, 09:00etatik 14:00etara, sektorearen etorkizuna zehazten duten gai nagusiak jorratzeko eztabaidak egingo dituzte; antolatzaileek zehaztu dutenez, landuko dituzten gaien artean izango dira «dependentziak eta interdependentziak, liburuaren ekologia, desberdintasunak, menderatze harremanak, hizkuntza gutxituetan argitaratzea, editatzeko askatasuna eta teknologiaren eragina, besteak beste».

Arratsaldez, 16:00etatik 18:00etara, tailerrak eta topaketak egingo dituzte, profesionalen artean aliantzak sortzeko. Jarraian, 18:00etatik 19:30era, argitaletxeen arteko topaketak egingo dituzte. Gainera, Nafarroako inprenta enpresen arteko bilkurak ere egingo dituzte, mundu osoko argitaletxeekin harremana izan dezaten.

Osasun egoerak azken asteetan okerrera egin duenez, etortzekoak ziren editore batzuek atzera egin dute. Hori dela eta, batzuek modu telematikoan parte hartuko dute. Saio guztiak Baluarten izango dira, eta Internet bidez ere ikusi ahal izango dira.

Edizioaren azoka, Gazteluko plazan

Topaketak Nafarroako V. Edizio Azokarekin batera egingo dituzte. Editargik antolatzen du azoka, eta Iruñeko Gazteluko plazan egingo dute, aste honetan bertan, ostegunetik igandera. Nafarroako argitaletxeek erakusmahaiak jarriko dituzte, eta, horrez gain, 22 liburu aurkezpen izango dira, bai eta zenbait tailer, hitzaldi eta kontzertu ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.