Itxialdia hasi du Austriak, laugarren oldea geldiarazteko

Txertoa derrigorrezkoa izango da otsailaren 1etik aurrera. Neurri hori bera eztabaidagai da Alemanian. Biztanleriaren %68 dago txertatuta han, eta kutsatzeen erritmoa markak hausten ari da azken egunetan. 386 kutsatu ditu Alemaniak, 100.000 biztanleko.

Austriako Gobernuak hartutako neurri murriztaileen kontrako manifestazioa, joan den larunbatean, Vienan. CHRISTIAN BRUNA, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko azaroaren 22a
12:22
Entzun

Hutsik daude kaleak Austrian, herrialdeko gobernuak itxialdia ezarri baitu herrialde osoan, koronabirusaren laugarren olatu bat saihesteko. Herritarrek mugatua dute etxetik irteteko aukera. Soilik lanera edo eskolara joateko, ariketa egiteko edota oinarrizko produktuak erosteko atera daitezke kalera. Jatetxeak, museoak, kultur ekintza eta ikuskizunak berriro ere itxita daude Austrian.

Europako Batasuneko estatuetan COVID-19aren kontrako txertoak eskuragarri daudenetik itxialdia ezarri duen bigarren herrialdea da. Letoniak neurri bera hartu zuen urriaren 21ean, kutsatzeen azkartzea geldiarazteko.

Austriak 1.102 kutsatu atzeman ditu 100.000 biztanleko azken zazpi egunetan, eta zenbait eskualdetan COVID-19ak jotako gaixoz bete dira erietxeak. Ondorioz, ebakuntza eta tratamendu ugari atzeratu behar izan dituzte. «ZIUetan [zainketa intentsiboetarako unitateetan], langileak muturreko egoeran daude; jada ezin dute gehiago», adierazi du Wolfgang Muckstein Osasun ministroak. «Erabakimenez jokatu behar dugu». Gaineratu du herritar «guztientzako» behar direla ospitaleak.

Vienak joan den ostiralean iragarri zituen neurri murriztaileak, kutsatzeen erritmoak azken egunetan hainbat aldiz markak hautsi ostean. Bost egun lehenago, soilik txertatu gabekoentzako neurriak hartuko zituela adierazi zuen, baina mugak herritar guztiei ezartzea erabaki du azkenean. Hasiera batean, abenduaren 12ra arte egongo dira indarrean, baina horiek luzatzeko aukera izango du azaroaren amaieran, egoerak hala eskatzen duela uste badu.

Konfinamendua iragartzearekin batera, txertoa derrigorrezko bihurtzea erabaki du Austriako Gobernuak. Otsailaren 1etik aurrera izango da herritar guztientzako betebeharra. Herrialde hartan, biztanleen %66 daude txertatua, eta kopuru hori ez da nahikoa izaten ari birusaren delta aldaera geldiarazteko.

Gobernuak hartutako neurriek herritar asko haserretu dituzte, eta larunbatean manifestazio jendetsua egin zuten Vienan, FPO eskuin muturreko alderdiak deituta —40.000 manifestari inguru, Poliziaren arabera—. Koronabirusaren existentzia ukatzen zuten leloak, «diktadura» salatzen zutenak, txertoen kontrakoak eta «askatasuna» aldarrikatzen zutenak ikusi ziren. Manifestazioak izan ziren Bruselan eta Herbehereetako zenbait hiritan ere, estatu horietan kutsatzeen azkartzea eteteko hartu dituzten neurri murriztaileen kontra.

«Txertatuta, sendatuta ala hilda»

Austriaren antzeko proportzioa du Alemaniak herritar txertatuei dagokienez: %68. Eta han ere kezkatuta daude agintariak, herrialdea ez baita gai izaten ari koronabirusa geldiarazteko. Intzidentzia tasa 386 da 100.000 biztanleko- Duela hilabete eskas, 85 zen.

Egoera horretan, mezu argia bidali die Jens Spahn jarduneko Osasun ministroak Alemaniako herritarrei: «Ziurrenik, negu honen amaieran, zinikoki esan den bezala, txertatuta, sendatuta ala hilda egongo dira». Ohartarazi du birusaren delta aldaerarekin egoera hori «oso-oso probablea» dela, eta txertatzera deitu ditu biztanleak.

Angela Merkel Alemaniako jarduneko kantzilerrak joera «dramatikoa» dela aitortu du gaur CDU alderdi demokristauaren bilera batean, ZDF herrialdeko telebista publikoaren arabera. Bileraren ostean, Paul Ziemiak alderdiko idazkari nagusiak adierazi du «orain arte ezagutu gabeko egoera» pairatu dezakeela Alemaniak, kutsatzeen abiada moteltzen ez bada.

Berlingo Charite unibertsitate klinikako ikerlari buru Leif Erik Sanderrek adierazi duenez, «kutsatzearen bidezko immunitatea lortzea ez da eztabaidarako aukera bat», horrek Alemaniako osasun sistema «geldiaraziko» lukeelako, baita «bosgarren, seigarren eta zazpigarren olatu bat eragin» ere. «Inork ez du halakorik nahi».

Alemaniako txertatze maila Europako apalenetakoa dela ikusita, txertoa derrigorrezko bihurtzea eztabaidagai da herrialdean. Sanderrek ez du uste eztabaida horretarako garaia denik, halako neurri batek ez lukeelako eraginik izango erabakigarritzat jotzen dituen hurrengo asteetan. «Orain helburuak laugarren olatu bat eragoztea izan behar du, eta derrigorrezko txertoak ez du hori lortuko». Haren esanetan, harremanak gutxitzea eta txertoen errefortzuak dira orain gakoa. Dena den, txertatzeko «betebehar morala eta solidarioa» nabarmendu du, ez delako «erabaki pertsonal bat».

Alemanian gaixotasunen ikerketarako eta kontrolerako ardura duen zentroa ere, Robert Koch institutua alegia, ez da txertoa derrigorrezkoa bihurtzearen aldeko, printzipioz. Institutuko presidente Lothar Wielerek ZDF kate publikoari adierazi dionez, «azken aukera» izan behar du: «Ez du gutako inork halakorik nahi». Baina argitu du «gainerako ahalegin guztiak egin badira» Osasunaren Mundu Erakundeak derrigortasuna aztertzea gomendatzen duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.