Garraioa

Hiruk mobilizazioak egingo ditu, «garraioaren egoera larria salatzeko»

Garraiolari autonomoen sindikatuak ez du bat egingo, ordea, abendurako patronalak deitutako grebarekin.

Hiruk bidesarien aurka egindako protesta, Idiazabalen, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / FOKU
Iker Aranburu.
2021eko azaroaren 22a
12:33
Entzun

Larunbatean batzarra egin zuen Hiruk, Altsasuko Iortia kulturgunean. Euskal Herriko garraiolari autonomoen sindikatuko 70 kide inguru batu ziren, eta mobilizazio egutegi propioa antolatzea erabaki zuten, uste baitute sektorea egoera «larrian» dela.

Gasolioaren prezioaren igoerak haien irabazi tarteak txikitu izana da garraiolarien kezka nagusietako bat. Hori ikusita, kamioilari autonomoek eskatu diete administrazioei derrigorrezkoa egin dezatela fakturak gasolioaren prezioaren arabera berrikustea. Hau da, erregaia garestitzen denean, kargatzaileek haiei ordaintzen dietena ere handitzea.

Gainera, beste eskaera batzuk egin dituzte, hala nola har ditzala lan baldintza kaskarrei aurre egiteko neurriak, kooperatiba faltsuak kontrolatzea, ordainketak hilabete baino gehiago ez atzeratzea, azpikontratazioak eragoztea, eta gutxieneko tarifa baten azpitik lan egitea debekatzea.

Erretiratzeko adina 60 urte izan dadin laguntzak ematea, gaixotasun profesionalak dituzten garraiolariak erretiratzeko aukera handitzea, eta lanbidean hasi nahi dutenentzat Lanbide Heziketa abian jartzea ere eskatuko du Hiruk.

Bidesarien aurka

Errepideetako bidesariekin ere oso haserre dago Hiru, eta, horregatik, Bidegiren egoitzara iritsiko den martxa batekin hasiko dituzte mobilizazioak, gaur zortzi. Horren bidez, «2018tik bidegabeki kobratu zaizkien bidesariak» itzultzeko erreklamazioak eramango dituzte garraiolariek.

Gipuzkoako Foru Aldundiak joan den hilean eten zuen N-1 eta A-15 autobideetan kamioiek ordaindu beharreko bidesaria, epaitegiek hala behartuta. Edonola ere, Markel Olanoren gobernuak hasia du hirugarren foru arau baten eztabaida, eta asmoa du 2023rako N-1eko eta A-15eko tarte guzti-guztiak ordainpeko egiteko garraio astunarentzat.

Gipuzkoako diputazioak ez ezik, Bizkaikoak eta Nafarroako Gobernuak ere badute asmoa errepide bizkorretan kamioilariei bidesariak jartzeko.

Sindikatuak uste du errepideak konpontzeko dirua biltzea ezin dela kamioilarien bizkar jarri, eta bideak publikoak direnez, zergen bidez jasotakoarekin ordaindu behar direla.

Mobilizazioak bai, lanuztea ez

Abenduan, beste bizpahiru elkarretaratze egingo dituzte. Batetik, ibilgailuen martxak Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren aurrean, «administrazioaren utzikeria, laguntzarik eza, kamioiei bidesariak ezartzea eta zerga presioa areagotzea salatzeko». Bestetik, kontzentrazioak Confebasken eta Nafarroako enpresarien egoitzaren aurrean, garraiolariaren gastuen igoeraren neurri berean tarifak berritu daitezela eskatzeko.

Hiruk ez du bat egingo, ordea, abenduaren 19tik 22ra Espainiako garraiolarien patronalak eta haren euskal bazkideek deitutako lanuztearekin. Batzarrean parte hartu zutenek nabarmendu zuten grebara deitu dutenak direla, hain justu, «gaur egun garraioa egoera larrian egotearen eta hainbat gidari baldintza kaskarretan lanean jardutearen erantzule nagusiak». Enpresa handiek euren interesak garraioaren beharren gainetik jarri dituztela uste du sindikatuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.