Oinarrizko errenta

Oinarrizko errenta eskatzeko ekinaldiak 7.500 sinadura bildu ditu bi hilabetean

Urtarrilaren 7ra arteko epea dute 10.000 sinadurara heltzeko. Azpimarratu dute, hala ere, eztabaida «eremu publikora» zabaltzea dela helburua.

Eusko Legebiltzarraren aurrean egin dute agerraldia Gasteizen. BERRIA
aitor biain
2021eko azaroaren 22a
12:51
Entzun

Baldintzarik gabeko oinarrizko errenta eskatzeko ekinaldiak 7.500 sinadura bildu ditu dagoeneko. Irailean jarri zuten martxan bilketa, eta bi hilabeteko epean helburua lortzear dago. Izan ere, 10.000 sinadura bildu beharko dituzte gutxienez Eusko Legebiltzarrak eskaria aintzat hartu eta eztabaida onartzeko. Urtarrilaren 7ra arteko epea dute horretarako.

Ekinaldia lan erditan da, eta, orain, balantzea egin nahi izan dute sustatzaileek. Bilbon, Donostian eta Gasteizen agerraldi bana egin dute, azalpenak emateko. Adierazi dutenez, bi hilabete hauetan proposamena herritarrengana iristeari eman diote lehentasuna, eta, horretarako, dozenaka hitzaldi eta mahai ingurutan parte hartu dute. Kalean ere izan dira, informazioa ahoz aho zabaltzen. «Milaka pertsonarekin informazioa eta esperientziak trukatu eta eztabaidatu dugu. 50.000 triptiko baino gehiago banatu ditugu».

Pozik daude orain artekoarekin, nola sinadura kopuruarekin hala jasotako laguntza ekonomikoarekin. Izan ere, 12.000 euro inguru lortu dituzte sarean egindako mezenasgo kanpaina bati esker. «Diru horri esker, herritarren artean hedapen handiagoa izango duen kanpaina bat egin dezakegu», zehaztu dute sustatzaileek. Sinadurei dagokienez ere, 7.500 horietatik 2.000 inguru dira webgunearen bidez, modu elektronikoan jasotakoak –gainerakoak eskuz jaso dituzte–. 80 erakunde baino gehiago ere atxiki dira ekinaldira.

Hala ere, azpimarratu dute ez direla konformatuko 10.000 sinadurako gutxieneko kopuruarekin; ahalik eta gehien bildu nahi dituzte. «Aise gaindituko dugu helburu hori, ziur gaude», azpimarratu dute sustatzaileek. Izan ere, nabarmendu dute helburu nagusia oinarrizko errenta agenda politikoan jartzea dela, gaiari buruz eremu publikoan eztabaidatzea. «Helburua ekimenari buruz hitz egitea da, ez gure proposamena zehatz-mehatz onartzea». Horregatik, uste dute «egokia» izan dela egitasmoa herri ekinaldi legegile gisa aurkeztu izana, besteak beste gaur arteko bidean «pertsonen eta erakundeen arteko harreman sare bat» eraikitzea lortu dutelako. «Orain arte harremanik ez genuen jende askorekin egoteko aukera izan dugu; asko dira hurbildu zaizkigunak. Eta denek esan digute eztabaidatzeko gaia dela, edo, gutxienez, aintzat hartu beharrekoa, pobreziari aurre egiteko tresna izan baitaiteke».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.