Albistea entzun

ZORU ETIKO BATEN ESKE

Sinadurak biltzen hasi dira baldintzarik gabeko oinarrizko errenta eskatzeko. Ekinaldiaren xedea da proposamena Eusko Legebiltzarrera eramatea han eztabaidatzeko eta lege izaera emateko. Sustatzaileek uste dute inoiz baino arrazoi gehiago dagoela gaur egun tresna hori eskura izateko.
Atzo Gasteizen egin zuten bilketari hasiera emateko ekitaldia.
Atzo Gasteizen egin zuten bilketari hasiera emateko ekitaldia. RAUL BOGAJO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Biain -

2021eko irailak 19

Krisi ekonomiko oro abagune berri bat izan da konponbiderako neurri berriak azaleratzeko, eta COVID-19arena ez da salbuespena izan, milaka lagun geratu baitziren inolako diru sarrerarik gabe egun batetik bestera. Alde horretatik, bada, oinarrizko errenta ez da proposamen berria, baina azken urteetan gero eta indar handiagoa hartu du, baita Euskal Herrian ere.

Hain zuzen ere, baldintzarik gabeko oinarrizko errenta eskatzeko herri ekinaldi legegilea erregistratu zuen herritar talde batek Eusko Legebiltzarrean, iragan otsailean. Eta, orain, ekinaldiak beste urrats bat egin du aurrera: sinadurak biltzen hasi dira, ganberak eskaera aintzat hartu eta eztabaidatu dezan. Hori da proposamena lege bihurtzeko lehen pausoa, hain zuzen: 10.000 sinadura bildu beharko dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lau hilabeteko epean. Atzo egin zituzten bilketaren hasierako lehen ekitaldi publikoak Gasteizen, Bilbon eta Donostian.

Ekinaldiaren sustatzaileen esanetan, pobrezia amaitzeko eta pertsona guztientzako eskubideetan aurrera egiteko tresna da oinarrizko errenta. Eta uste dute «orain inoiz baino beharrezkoagoa»dela tresna hori eskura izatea. Izan ere, irizten diote COVID-19aren krisiak inoiz baino ageriago utzi dituela sistemaren ahuleziak. «Kolpe bat eman dugu mahaian, eta nahikoa dela esan: pobrezia amaitzeko benetako lege bat behar dugu», adierazi du Iosu Balmaseda sustatzaileetako batek. «Presazkoa da, eta ezin gara beste alde batera begira egon. Ahalik eta azkarrena jarri behar da martxan».

Gutxieneko errenta

Proposamenak jasotzen du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritar orok jasoko lukeela diru laguntza herritar izate hutsagatik. 900 euro litzateke errenta hori 18 urte baino gehiagoko herritarrentzat; 4 eta 18 urte bitartekoentzat 450 euro, eta 14 urtetik beherakoentzat 270 euro (errenta osoaren %30).

Euskal Herrian badago oinarrizko errenta gaur egun, baina ez da unibertsala, eta, are gutxiago, baldintzarik gabekoa. Herritar guztiei soldata bat ematera iritsi gabe, inor diru sarrerarik gabe ez geratzeko laguntza baino ez da, muturreko pobreziatik ihes egiteko sortutako gizarte laguntza bat, alegia. Hiru sistema daude indarrean: DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta da Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoa; gizarteratze errenta da Nafarroakoa; eta RSA gizarteratzeko gutxieneko diru sarrera Ipar Euskal Herrikoa.

Irizten diote, ordea, errenta horien ereduak «porrot» egin duela, eta bestelako neurriak behar direla. Bada, horregatik egiten dute oinarrizko errentaren aldeko hautua. «Gaur egungo politikekin alderatuz gero, gu ziur gaude, eta egin diren ikerketek ere hala adierazten digute, oinarrizko errenta neurri eraginkorra dela muturreko pobrezia amaitzeko», nabarmendu du Balmasedak. Aitortu du, halere, ez dutela non begiratu, munduan inon ez baitago martxan halako laguntza sistemarik. Baina argi du: egingarria izateaz gain, bideragarria ere bada. «Teknikoki ikusi da posible dela oinarrizko errenta EAEn martxan jartzea. Horretarako borondate politikoa baino ez da behar».

Borondate hori badagoela uste du, eta azaldu du hala jaso zutela legebiltzarreko alderdiekin egindako bilkuretan. Galdera da, ordea, noiz emango den pausoa. «'Argi daukagu lehenago edo beranduago baldintzarik gabeko errenta errealitate bilakatuko dela. Ez daukagu argi edo ez gaude horren ados, ordea, martxan jartzeko unea hau denik', esan ziguten bilera horietako batean. Beraz, hemen auzia ez da posible den edo ez; kontua da nahi den ala ez».

Helburua gainditzea xede

Ekinaldia lege bihurtzeko, baina, legebiltzarrean eztabaidatu beharko dute aurrena, eta, horretarako, herri ekinaldi legegilearen lehen oztopoa gainditu beharko dute: gutxieneko sinadura kopurua biltzea. Otsailean ekinaldia erregistratu ondotik, hauteskunde batzordeak onespena eman berri diete, eta lau hilabete izango dituzte orain. Internet bidez nahiz herriz herri egingo dituzten ekitaldietan sinatu ahalko da.

«Baikorrak gara, eta gure helburua ez da legeak ezartzen dituen 10.000 sinadura biltzea. Kopuru hori aise gainditu nahi dugu, legebiltzarrera indar handiagoz iritsi eta eztabaidari oinarri sendo batekin ekiteko», azaldu du Balmasedak. Eta, adierazi du, horretarako, herri, auzo eta izkina guztietara iristen ahaleginduko direla, proposamena azaldu eta ezagutarazteko. Bada, herritarrei dei egin die herriz herri egingo diren bilkuretan parte hartzeko.

Informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara:
www.rentabasica.eus

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Jaurlaritako kideak, gaurko gobernu kontseiluaren ostean. ©David Aguilar (Efe)

Eusko Jaurlaritzak %50 handituko ditu inbertsioak 2022an

Jokin Sagarzazu

Inoiz baino diru gehiago gastatuko du datorren urteko aurrekontuetan: 13.108 milioi euro. «Susperraldi ekonomikoa» bultzatzea izango du xede.

Gaur Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan egindako elkarretaratzea. ©Jaizki Fontaneda / Foku

Enplegu publikoak finkatzeko eskatu du ELAk

Irune Lasa

Langile publikoak mobilizazioetan dabiltza gaur Hego Euskal Herriko hiriburuetan, ELA sindikatuak deituta, enplegu publikoak finkatzea eskatzeko. Euskal alderdiei dei egin diete, boto erabakigarria dutelako Madrilen hartzear dauden erabakietan.  

Nadia Calviño Espainiako Ekonomia ministroa eta Paolo Gentiloni Europako Batzordeko Ekonomia komisarioa, atzo, Madrilen. ©KIKO HUESCA / EFE

PSOEk ez du aldatu nahi itunen lehentasuna, lan erreforma berrian

Xabier Martin

Diaz Lan ministroak dio enpresa ituna sektorekoaren gainetik utzi nahi duela PSOEk, eta horrek prekaritatea betikotzen duela. Espainiako liberalismoa bultzaka ari da azaleko erreforma baten alde

Enrique Maia, udaletxean, iragan uztailaren 6an ©Jesus Diges / EFE

Enrique Maiaren «oso larria» finantzaketa eredua aldatzea

Joxerra Senar

Iruñeko alkatearen iritziz, Iruñeak hiritartasun gutuna izateagatik jaso ohi duen milioi kopurua galtzea «urratu handi bat».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.