Brasil

Gutxienez zortzi hilotz aurkitu dituzte Rio de Janeiron, Poliziarekin tiroketa bat izan ostean

Mangladietan aurkitutako hildako batzuek tortura zantzuak zituzten. Salgueiro favelako bizilagunek uste dute gorpu gehiago aurkituko dituztela.

Poliziako adituak Rio de Janeiro (Brasil) kanpoaldean aurkitutako gorpuak aztertzen, atzo. ANDRé COELHO / EFE
Paulo Ostolaza.
2021eko azaroaren 23a
11:15
Entzun

«Gorpu guztiak mangladira bota zituzten; batzuk, tortura zantzuekin. Sarraski bat izan denaren itxura guztia du». Horiek dira lekuko batek Brasilgo Globo TV telebista kateari atzo egindako adierazpenak. Rio de Janeiro (Brasil) estatuko Poliziak gutxienez zortzi hilotz aurkitu ditu hiriaren kanpoaldeko mangladi batzuetan, ustez, Salgueiro favela txiroan izandako tiroketa bat ikertzen ari zirela. Hango bizilagunek Globo TVri azaldu diotenez, uste dute gorpu gehiago azalduko direla, tiroketa «bortitza» izan zelako.

Beste telebista kate batek, berriz, identifikatu gabeko gorpuak maindire zurietan bilduta erakutsi ditu, zingiraren ertzean. Brasilen ohikoa da giza eskubideen aldeko eragileek salatzea Poliziaren hilketa bidegabeak eta gehiegizko indarkeria, bereziki faveletan jarduten duten narkotrafikatzaileen aurka egiten dutenean.

Poliziak azaldu duenez, larunbatean hasi ziren istiluak, patruilatzen zebilen polizia bat hil zutenean. Horren ondorioz, Rioko Poliziaren operazio berezietarako taldeak igandean ekin zion favelaren aurkako sarealdiari: «Unitate berezia igandean sartu zen Salgueirora, larunbateko erasoan parte hartu zuen lagun bat, zaurituta, han ezkutatu zelakoan». Azaldu dutenez, gunea «egonkortzea» zen haien helburua.

Poliziak ez die erantzun hango bizilagunek egozten dizkieten akusazioei, eta ohar bidez esan duten bakarra da zortzi gorpu aurkitu dituztela, baita bi pistola, munizioa eta drogak ere.

58 tiroketa

Fogo Cruzado giza eskubideen aldeko taldearen datuen arabera, Rio de Janeiroko estatuan hiru hildako edo gehiago utzi dituzten 58 tiroketa izan dira jada 2021ean. Haietatik 43 Poliziaren operazioetan gertatu dira.

Oraingoz, larriena Jacarezinho favelan maiatzean gertatutakoa da: 28 hildako eragin zituen narkotrafikoaren aurkako sarealdi hark. Operazio hura zela eta, bi polizia inputatu zituzten, «modu irregularrean» jokatzeagatik. Salaketak zioenez, inputatutako poliziek etxe batean zaurituta eta armarik gabe zegoen gizon bat hil zuten. Horren ostean, gainera, hilotza ezkutatu zuten Poliziako adituak heldu aurretik, eta esan zuten pistola bat, kargagailu bat eta granada bat zituela hildakoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.