AEB-ak

42 urte kartzelatuta igaro dituen gizon bat absolbitu eta askatu dute

Egilea bera zela adierazten zuen frogarik ez zegoen arren, Kevin Stricklandi bizi guztiko kartzela zigorra ezarri zioten 1978an, Missourin, hiru pertsona tiroz hiltzea egotzita. Ziurrenik ez du kalte ordainik jasoko. Estatu horretako fiskaltza kontra agertu da.

Kevin Strickland, epaiketan.
Igor Susaeta.
2021eko azaroaren 24a
10:53
Entzun

1978an Kansas Cityn (Missouri, AEB) hiru pertsona tiroz hiltzea leporatuta, Kevin Stricklandi bizi guztiko kartzela zigorra ezarri zioten. 18 urte zituen. Berak beti esan izan du errugabea dela. 42 urte pasa espetxean igaro eta gero, Missouriko epaile batek agindu du absolbitu dezatela. Strickland atzo geratu zen aske. «Ez nuen uste egun hau iritsiko zenik», adierazi zuen epaitegitik atera zenean.

Etxe batean gertatutako krimen harekin lotuko zuen ebidentzia fisikorik ez zegoen arren, Strickland zigortu egin zuten, eta sententzian zehaztu zuten, gainera, 50 urte igaro arte ezin izango zuela eskatu baldintzapean aske uzteko. Etxe hartan zegoen pertsona bat onik atera zen, eta, gerora onartu zuenez, polizia batek presio egin zion adieraz zezan Strickland zela hilketen egilea.

Epailearen agindua heldu baino egun batzuk lehenago, Stricklandekin hitz egin zuen The Washington Post egunkariak. «Onena espero dut, baina okerrena aurreikus dezaket», adierazi zuen, ezkor. Midwest Innocence Project elkartea arduratu da haren defentsaz, eta epailearen erabakiaren ondoren «pozez zoratzen» zegoela adierazi zuen Tricia Rojo Bushnell abokatuak: «Pentsatzen genuen ebidentzia ikusiko zuen edozein epailek ondorioztatuko zuela Strickland errugabea dela, eta, hain zuzen, hori gertatu da».

Gogoratu zuen, nolanahi ere, Missouriko agintariek ez diotela kalte ordainik emango, estatu horretan DNA frogen bidez absolbitu dituztenei soilik ematen baitizkiete kalte ordainak.

Fiskala, kontra

Eric Schmitt Missouriko fiskal nagusia absoluzioaren kontra agertu da, eta adierazi du uste duela Stricklandek hil zituela hiru pertsona haiek. Datorren urteko hauteskundeetan, Alderdi Errepublikanoarekin AEBetako senatari izateko aurkeztuko da. Haren laguntzaile Andrew Clarkerentzat, Stricklandi 1979an egindako epaiketa justua izan zen, eta iruditzen zaio azkeneko lau hamarkadetan «erantzukizunak saihesten» aritu dela. Mike Parson Missouriko gobernadorea ados agertu da fiskaltzak adierazitakoarekin; Strickland absolbitua izan aurretik esana zuen, gainera, ez dela «lehentasunetako bat» izango hari barkamena eskatzea.

Missourin modu bidegabean luzatutako kartzelaldirik luzeena izan da Stricklndena. 1989an sortutako AEBetako Absoluzioen Erregistroa Nazionalaren arabera, herrialde hartan inoiz onartu diren espetxeratze bidegaberik luzeenen artean zazpigarrena izan da.

Joan den astean, Malcolm X hiltzea egotzita kartzelatutako bi pertsona absolbitu zituzten. 20 urte pasa egin zituzten kartzelan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.