Hezkuntza

Otxandioko Herri Eskolak eskuratu du lehenengo Joxe Mari Auzmendi hezkuntza beka

12.000 euroko laguntza jasoko du, eta bi urteko epea izango du Eskola berria proiektua aurrera eramateko.

Otxandioko Herri Eskolak eskuratu du Joxe Mari Auzmendi Hezkuntza Beka. JON URBE / FOKU
Oihane Puertas Ramirez.
2021eko azaroaren 24a
16:59
Entzun

«Eskolaren eta komunitatearen arteko zubia berreirakitzea» da Otxandioko Herri Eskolak (Bizkaia) aurkeztu duen Eskola berria proiektuaren helburuetako bat. Izan ere, Lur Olabarri Etxebarria eskolako aholkulariar adierazi duenez, «eskola ez da herririk gabe eta herria ez da eskolarik gabe». Hik Hasi egitasmo pedagogikoak eta Hernaniko Udalak elkarlanean sortutako Joxe Mari Auzmendi hezkuntza bekara aurkeztu zuten proiektua, eta hura saritu du gaur epaimahaiak. 12.000 euroko laguntza jasoko du, eta bi urteko epea izango du lan prozesua aurrera eramateko.

Hezkuntza balioetan oinarritzen da beka, eta ekainean aurkeztu zuten. Guztira hamar proiektu aurkeztu dira, eta Mikel Agirrezabala Hik Hasiko ordezkariaren arabera, Eskola berria izan da «Joxe Mari Auzmendiren izpirituari ongien uztartzen zaion proiektua». Lau lan ildotan ardazten da beka: hobekuntza pedagogikoa, euskara eta euskal kulturaren biziberritzea, herri hezitzailea eta inklusioa; eta «balio horietan» oinarritzen da Otxandioko Herri Eskolak aurkeztutako proiektua. Naturaren integrazioan, haur hezkuntzan eta lehen hezkuntzan «berrikuntza pedagogikoak» proposatzeko «jauzi kualitatiboa», eta, batez ere, eskolaren eta komunitatearen «hurbilpenari begira» proposatzen duen proiektua nabarmendu ditu Agirrezabalak.

Epaimahaiak, gainera, aipamen berezia egin dio Jakinmin praktika filosofikoen elkartearen Jolastuz hausnartzen haur filosofia proposamena proiektuari; «haurtzarotik eskoletan gogoetatzeko, hausnartzeko eta adierazteko eta argudiatzeko gaitasuna garatzea» duelako helburu.

Eskola berria-k sei ardatzetan oinarritutako «proiektu integral» bat proposatzen du: ikasleen interesetatik abiatutako ikasketa prozesua; mugimendu autonomoa martxan jartzea; komunikazio sinboliko eta afektiboaren bitartez hizkuntza eta kultura transmititzea; jasangarritasuna; naturan ikastea; eta inklusioa: «eskolan zein herrian» aniztasuna «zentzu guztietan» errespetatzea.

Itxialdia proiektuaren «detonatzaile»

Aurretik «ideia batzuk» bazituzten ere, pandemia izan zen proiektua sortzeko «detonatzailea», azaldu du Aloña Erauskin Barandiaran eskolako irakasleak. Itxialdian «sekulako presioa» jasan zuten eskolek, eta «oso ageriko» geratu ziren gaur egungo hezkuntza ereduaren «zenbait gabezia». Horrek eman zien «bultzada» eredua «auzitan jartzen» hasteko.

Proiektuarekin «ikaskuntza aktiboago bat» sustatu nahi dute, eta, horren bitartez, ikasleak «euren esperientziatik, errealitatetik» ikastera bultzatu, azaldu du Olabarrik. Ikaslea izango da ikasketa prozesuaren erdigune, eta irakaslea izango du bidelagun. Eskola berria aurrera eraman ahal izateko, «ezinbestekoa» da eskola eta herria «elkarlanean» aritzea, baina «ausardia» ere behar dela adierazi du aholkulariak: «Gelatik eta eskolatik atera behar da».

Nagore Agirrebeitia Fondetxa eskolako zuzendariaren arabera, Otxandioko eskolak eramango du aurrera proiektua, baina «esportagarria» izango da Euskal Herriko beste eskoletarako ere. Haren aburuz, «komunikazio bat» sortu beharko litzateke eskolen artean, «besteek egiten dutenetik ikasteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.