Mobilizazioak

Mugimendu feminista indarkeria matxistaren aurka mobilizatu da

Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna izaki, mugimendu feministak Euskal Herriko hainbat herri eta eskualdetan antolatu ditu mobilizazioak. Indarkeria matxista gaitzetsi dute Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan.

Bilboko mobilizazioaren une bat. MONIKA DEL VALLE / FOKU
2021eko azaroaren 25a
10:27
Entzun

Iluntzean hasi dira Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguneko mobilizazio nagusiak Euskal Herrian. Baionan, Moracin plazatik abiatu da martxa, han indarkeria matxista kasu larri bat gertatu zelako.

Manifa hasi berritan tentsio une bat izan da: gizon batek pareta batean zintzilikatutako mezu bat kendu du. Indarkeria matxista, erantzun feminista zioen mezuak.

Amaierako ekitaldian irakurritako agirian, «munduko emakume guztiei» elkartasuna adierazi diete, eta Afganistango neska eta emakumeen egoeraz aritu dira.

Mugimendu feministako eragile eta elkarte ugarik amorru biziz oihukatzera deitu dituzte herritarrak gaurko. Zauriak ikus daitezen, bortizkeria izan dadin bistara; matxismoa salatzeko. Argia da aldarria, beste behin: eten dadila emakumezkoen aurkako indarkeria. Helburura hurbiltzeko urratsak egitea xede, hainbat deialdi plazaratu dituzte, herri eta eskualde ugaritan.

Donostian, Intziri talde feministak eta Donostiako Asanblada Feministak egin dute deialdia.

Jende asko bildu da manifestazioan, eta indarkeriarik gabe bizitzeko eskubidea aldarrikatu dute. Donostiako emakumeen etxeak «etxe handiago bat» eskatu du; etxe «duin» bat.

Goizean Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan egin dituzte ekitaldi bana, besteak beste. Eusko Jaurlaritzak elkarretaratze isila egin du Gasteizen, legebiltzarraren parean. Talde politiko guztietako kideek egin dute bat agerraldiarekin, eta Iñigo Urkullu lehendakaria eta legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeria izan dira buru topaketan.

Nafarroako Gobernuak ere egin du agerraldia Indarkeria Matxistaren Nazioarteko Egunaren harira. Alderdi politikoetako ordezkariek Iruñeko Sarasate pasealekuan egin dute bat. Geroa Baik kontzentrazioko zenbait argazki zabaldu ditu Twitter bidez:

Azaroak 25 dituen aldiro, ohikoa da indarkeria matxistan berebiziko arreta jartzea. Ordea, bistakoa da emakumeen kontrako indarkeria ez dela mugatzen egun bakarrera; matxismoak egunero iluntzen ditu milaka andreren bizitzak. Jazarpen horren biktima direnen ahotsak ozentzeko helburuz, bortxa mota hori jasan duten bi emakumeren testigantzak bildu ditu BERRIAk, eta ikus-entzunezko batean jaso: «Ezetza askotan esanda, tripako minarena esanda... Isilik gelditu nintzen»

Halaber, BERRIAk martxan du indarkeria matxistak eragindako heriotzen zenbaketa. 2003. urtetik gaur egun arte Euskal Herrian izandako hilketa matxistak zenbatzen ditu egunkariak: Zaurien mapa-n daude bildurik, webgunean. Azken hemezortzi urteetan, 112 emakumezko eta 11 haur hil dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.