Albistea entzun

Espainiako aurrekontuak

2022rako aurrekontuei baietza eman die Espainiako Kongresuak

Moncloak 11 alderdiren babesa jaso du, eta aise gainditu du langa. Tramitazioak Senatuan jarraituko du.

Pedro Sanchez eta Yolanda Diaz, Espainiako Kongresuan, gaur.
Pedro Sanchez eta Yolanda Diaz, Espainiako Kongresuan, gaur. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Iosu Alberdi -

2021eko azaroak 25

Espainiako Gobernuak bideratua du aurrekontuen onarpena. Azken egunetako negoziazio zurrunbiloaren ostean, Kongresuaren baietza jaso du, 2022rako aurrekontu proiektuak aurrera egin dezan. Proposamenak 188 diputaturen babesa jaso du; besteak beste, 200 zuzenketa partzial baino gehiago adostu ostean. Tramitazioa, ordea, ez da amaitu, eta Senatuaren txanda izango da orain. Han negoziatzen jarraitzeko asmoa du EAJk, «akordio oso bat» lortzeko.

Espainiako Gobernuak gehiengo soila behar zuen aurrekontu proiektuak urrats bat gehiago egin zezan, eta aise gainditu du langa. PSOEko eta Unidas Podemoseko diputatuek ez ezik —154 dira, Alberto Rodriguez ez baitute ordezkatu—, EAJ, EH Bildu, ERC, PDeCAT, Mas Pais, Compromis, Nueva Canarias, Teruel Existe eta PRC alderdiek ere bozkatu dute alde. Eskuin unionista —PP, Vox eta Ciudadanos—, eta Foro Asturias eta Coalicion Canaria agertu dira aurka. Abstentzioan, berriz, bakarrik geratu da BNGko Nestor Rego diputatua.

Orain, Senatuak hilabeteko epea izango du proiektua babestu edo atzera botatzeko. Iaz, lanak eginda iritsi zen gobernua Senatura, eta ez zen zuzenketa gehiago aurkeztu. Aurten, baina, ez dago hain garbi. EAJko eledun Aitor Estebanek atzo adierazi zuen oraindik ere nahikoa denbora dagoela elkarrizketekin jarraitzeko, jeltzaleak «kezkatzen» dituzten hainbat arlotan sakontzeko; hala nola AHTa hiriburuetan sartzeko bideen ingurukoak. Izan ere, azkenera arte isilpean mantendu dute gaurkoan hartuko zuten erabakia, Kongresuan azken hitz batzuk egiteari ere uko eginez. Maria Jesus Montero Ogasun ministroak ere adierazi du jeltzaleekin «xehetasunak» adostea falta dela. La Sexta telebista katean eginiko elkarrizketan, azaldu du EAJ gobernuaren «lehentasunezko» bazkidea dela, eta hark eginiko «eskaera bideragarriak» entzungo dituztela.

EH Bilduko bozeramaile Mertxe Aizpuruak, berriz, eskuin unionistaren jarrera kritikatzeko baliatu du bere hitzaldia. Izan ere, PPk, Voxek eta Ciudadanosek apenas egin duten kontuen aurkako kritikarik, gobernuaren eta ezkerreko independentisten arteko akordioak gaitzestetik haratago. Aizpuruaren esanetan, eskuinaren «oihuek eta haserreek» erakusten dute koalizioaren «ezkerreko proiektu subiranista indar hartzen» ari dela. EH Bilduk lortutako «akordio onak» nabarmendu ditu, Euskal Herriko, baina baita estatu osoko, herritarren «bizitzak hobetzeko» balioko dutelakoan: «Zuek [eskuinak] kendutako eskubideak itzuliko dizkiogu langile klaseari». Halere, gobernuari gogoratu dio «erronka sozial handiak» dituela aurretik; besteak beste, lan erreforma indargabetzea, mozal legearen amaiera eta «inpunitaterik gabeko» memoriaren lege bat eratzea.

Gobernua osatzen duten alderdietako kideek aurrekontu proiektua babesteko baliatu dute eguna. Unidas Podemoseko diputatu Pablo Echeniquek adierazi du aurrekontuak ez direla ekonomikoki nabarmen handitu, iazkoekin alderatuz gero, baina arlo sozialean eraldaketa nabarmena izan dela. Hark dependentzia eta berdintasun politiketarako baliatuko diren diru sailak nabarmendu ditu, eta ondorioztatu du«historiako aurrekonturik sozialenak» direla. PSOEko Hector Gomezek, berriz, eskuinari eskatu dio «ekarpenik» egin behar ez badu «ez molestatzeko».

Alderdien babesa lortzeko, Espainiako Gobernuak negoziazio saio ugari egin ditu. Hala nola EAJrekin 44 zuzenketa partzial adostu ditu, eta beste 30 baino gehiago EH Bildurekin. Jeltzaleek adostutako zuzenketen artean dago minbiziak edo beste gaixotasun larriren batek eragindako adingabekoen babesa 18 urtetik 23ra zabaltzea. Era berean, bizitzeko gutxieneko errentaren kudeaketa Eusko Jaurlaritzaren esku uzteko urratsak egin ditu. EH Bilduren kasuan, berriz, nabarmentzekoak dira pandemiaren ondorioz martxan jarritako hainbat neurri sozial modu iraunkorrean ezartzeko akordioa, amiantoaren biktimentzako konpentsazio funtsa onartzea, eta ETB3 2022a amaitu baino lehen Nafarroa osoan emititzea hitzartzea.

Ikus-entzunezkoak erdigunean

Aurrekontuen inguruko negoziazioetan EH Bildurekin bidea partekatu duen eta partekatuko duen —talde bera osatzen dute Senatuan— alderdia ERC izan da. Haren babesa ezinbestekoa da Pedro Sanchezen gobernuarentzat; katalanek hamahiru diputatu dituzte, eta beste hamalau senatari. Alderdiko eledun Gabriel Rufianen esanetan, «garrantzitsuak» dira Moncloarekin eginiko akordioak, baina, haren ustez, ezkerra ez da aurrerapauso handirik ematen ari: «Hemizikloko ezkerreko alderdiak ez gara konkistak lortzen ari, eskuinaren presio eta mehatxu askoren ostean, atzerapausoak frenatzen ari gara».

ERCk, besteak beste, ikus-entzunezko legearen tramitazioarekin lotu ditu aurrekontuen inguruko negoziazioak. Hala, streaming plataformetako edukien %6k gutxienez euskaraz, katalanez edo galegoz izatea adostu dute gobernuarekin —EH Bilduk ere parte hartu du negoziazio horietan—. Bide beretik doa Esquerrak, EH Bilduk eta BNGk Espainiako Gobernuarekin gaur adostutako zuzenketa ere; hizkuntza koofizialetan eginiko ikus-entzunezkoen ekoizpena, banaketa eta sustapena bultzatzeko funts bat eratzea, «dibertsitate kultural eta linguistikoa» errespetatzeko asmoz. Denera, 2022rako kontuetatik 10,5 milioi euro baliatuko dituzte euskarazko, katalanezko eta galegozko lanak babesteko funtsa eratzeko, alderdi subiranistek aurkeztutako zuzenketaren arabera.

Alderdiek jakinarazi dute zuzenketaren asmoa dela 2009 eta 2011 bitartean martxan egon zen funtsa berreskuratzea. Ikus-entzunezko horiek sustatzeko jarritako diru laguntzak eta kredituak bideratzeko moduaren berri ere jaso dute zuzenketan: hizkuntza koofizialak dituzten autonomia erkidegoetako erakundeekin eginiko hitzarmenen bidez jarriko lirateke martxan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Agus Hernan, gaur goizean, Logroñoko espetxearen aitzinean. ©FORO SOZIALA

EPPK-k eta Foro Sozialak ontzat eman dute kolektiboaren agiriak izandako harrera

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Agus Hernan Foro Sozialeko bozeramailea eta EPPK-ko mintzaide Jon Olarra eta Ainhoa Mujika Logroñoko espetxean bildu dira gaur goizean. «Presazko eta zentzuzkotzat» jo dute euskal presoak Euskal Herriko kartzeletara ekartzea. Bi aldeek hitzartu dute euren «lan agendan» sartzea «ebatzi gabeko kasuen» gaia.

 ©KIKO HUESCA / EFE

«Gauzak aurrera begira egin behar dira, ez oraina salbatzeko»

Iosu Alberdi

Aizpuruak adierazi du Espainiakoak aurrekontu sozialak direla, baina gogoratu du salbuespenezko egoera batean onartuko direla. Orain, koalizio subiranista ikus-entzunezkoen legeari eta lan erreformari begira jarri da.
Gaurko prentsaurrekoa, Donostian ©Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Mugimendu Errepublikanoa

Errepublikaren aldeko protestak egingo dituzte astelehenean

Irati Urdalleta Lete

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Mugimendu Errepublikanoak deituta, kontzentrazioak egingo dituzte Gasteizen eta Donostian.

Jaurlaritzako eta EH Bilduko kideak, bien arteko bilera batean, azaroan. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Akordioen atea ireki dute Eusko Jaurlaritzak eta EH Bilduk

Iosu Alberdi

Azpiazuk Eusko Jaurlaritzaren eta EH Bilduren arteko adostasunen «garrantzi politikoa» nabarmendu du. Iriarte hitz egiteko prest agertu da, «pertsonen bizi kalitatea hobetzeko» bada

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.