Ingurumena

Natura Ondarea Kontserbatzeko Legea onartu du Eusko Legebiltzarrak

Legearen helburua da, besteak beste, «euskal natura ondarea babestea, kontserbatzea eta hobetzea». EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta PP+C's-ek alde bozkatu dute, eta Elkarrekin Podemos-IUk aurka.

Urdaibaiko biosfera erreserba. ASIER ARANZABAL
Oihane Puertas Ramirez.
2021eko azaroaren 25a
16:29
Entzun

Eusko Legebiltzarrak Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Ondarea Kontserbatzeko Legea onartu du gaur. Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren arabera, legearen helburua da «euskal natura ondarea babestea, kontserbatzea, kudeatzea, modu iraunkorrean erabiltzea, lehengoratzea eta hobetzea». Gaineratu du araudia «Nazio Batuen Garapen Iraunkorrerako Helburuen eta Basque Country 2030 Agendaren barruan» kokatzen dela.

EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta PP+C's-ek legearen alde bozkatu dute, eta Elkarrekin Podemos-IU izan da legearen aurka bozkatu duen bakarra; Vox abstenitu egin da. Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko buruaren iritziz, legeak «ez dio gaur egungo ingurumen krisiari erantzuten», eta adierazi du onartutako zuzenketak «azalekoak» direla. Gaineratu du legearen helburu nagusia izan daitekeela «inolako oztoporik ez jartzea» natura ondareko gune babestuetan ematen diren jarduera ekonomikoei.

Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak, ordea, Elkarrekin Podemos-IUk legearen izapidetzean izan duen jarrera salatu du, eta adierazi du hori ez dela «aurrera egiteko modua». Era berean, nabarmendu du gaur egungo «krisi ekologikoari» aurre egiteko «beharrezkoa» dela «erreminta kutxa osoa irekitzea, kasu bakoitzean egokiena dena erabiliz».

Eusko Jaurlaritzak eta EH Bilduk Natura Ondarea Kontserbatzeko Lege berria adostu zuten irailean, araudiak «berritze bat» behar zuelako. Oteroren iritziz, ordura arte zegoen «legearen aspektu asko hobetzea» lortu zuten. Legebiltzarkideak azaldu zuenez, araudi berriarekin, besteak beste, aurrekontu sail zehatzak egingo dituzte, eta korridore ekologikoei bultzada emango zaie. Jaurlaritzak baztertu egin zituen Elkarrekin Podemos IUren proposamenak, eta, Gorrotxategiren ustez, Jaurlaritzak «aukera paregabea» galdu zuen «ingurumen politika indartsuen alde» egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.