Elkartasun jaialdiak

Bertan behera utzi dute Hatortxu Rock, «osasun arrazoiengatik»

COVID-19aren izurritea goraldi betean da Nafarroan, eta, «ziurgabetasunaren» ondorioz, jaialdirik ez egitea erabaki dute arduradunek. Abenduaren 18an ziren jaia ospatzekoak. 25. aldia zukeen Hatortxu Rockek.

Hatortxu Rock jaialdiaren antolatzaileetako batzuk, gaur, Katakraken. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Uxue Rey Gorraiz - Ane Eslava
2021eko azaroaren 26a
17:26
Entzun

Aurten ere ez da izanen. Jaialdiak ez du bueltarik, oraingoz. Abenduaren 18an zen egitekoa Hatortxu Rocken 25. jaialdia, Atarrabian (Nafarroa), baina bertan behera geldituko dela iragarri dute gaur antolatzaileek. COVID-19a azken asteotan izaten ari den oldarraldiak bultzatu ditu erabakia hartzera. Agerraldi bat egin dute hedabideen aurrean, Iruñeko Katakraken, erabakiaren berri emateko.

«Gaur ez genuke hemen egon nahi. Gaur zita genuen Atarrabian, ordu honetan bertan, gunea hesitu eta Hatortxu Rocken muntaia martxan jartzeko». Hitz horiekin adierazi dute jaialdiaren antolatzaileek zer zaila izan den erabakia hartzea, baina nabarmendu dute jaialdia bertan behera uztea zela gaur egun Hatortxu Rock «arriskuan ez jartzeko» modu bakarra.

Izan ere, gaur zen hastekoa gunearen muntaia, eta horrek erabaki bat zirt edo zart hartzera behartzen zituen: jaialdia ez egiteko erabakia aurrerago hartu beharko balute, galera ekonomikoak are handiagoak izango lirateke, Amets Arangurenek antolatzaile guztien izenean azaldu duenez: «Gaur erabaki hau hartuta, dagoeneko, galera ekonomiko garrantzitsu bat izango dugu. Baina aurrerago bertan behera uztera behartuak egongo bagina, gure galerak hamar aldiz biderkatuko lirateke».

Ez dago argi zer neurri hartuko dituen Nafarroako Gobernuak datozen asteetan pandemiaren goraldiari aurre egiteko, eta «ezjakintasun» horrekin aurrera jarraitzea Hatortxu Rock «arriskuan jartzea» litzateke, haren hitzetan. «Eta 25 ediziotan hazitako proiektua, urtero-urtero elkartasun ekarpen ekonomiko handia egiten duena, ezin dugu horrela hipotekatu».

Hala ere, egoerak dagoeneko Hatortxu Rocki «zulo ekonomiko handia» sortuko diola nabarmendu dute, eta horrek eragina izango duela baita jaialdiaren oinarrian ere; euskal presoekiko elkartasunean, alegia: «Ez da soilik aurten ezingo diogula sakabanaketaren aurkako borrokari ekarpenik egin: ezingo ditugu honek suposatzen dituen arriskuak nahi genuen moduan salatu, eta ezingo ditugu dakartzan gastuak leundu».

Horiek horrela, gogorarazi dute ekarpenak egiteko bestelako bideak badirela: hatortxurock.eus webgunean arropa dute salgai, eta heldu den astetik aurrera «promozio eta produktu berriak» izango dira eskuragai.

Kontzertu gogoa, atzeratua

Iaz ere ez zuten ohiko Hatortxu Rock egin, orduan ere osasun larrialdiaren ondorioz. Hasieratik izan zuten argi ezin izango zela aurrez aurreko kontzerturik egin, eta, horren ordez, ikus-entzunezko eskaintza bat egin zuten: kontzertuak bideo bidez zabaldu zituzten, formatu berezian. Harrera «bikaina» izan zuen egitasmoak, arduradunen arabera. Aurten ere, hasieran ez zuten uste jaialdia Atarrabiako karpan egiterik izango zutenik, eta beste aukera batzuk aztertzen hasi ziren. Ondoren, baina, ohiko formatura itzultzea erabaki zuten.

Harrera beroa izan zen, «barruan zein kanpoan». Barne mailan, lan taldeak «buru-belarri» aritu dira hasieratik, eta zaleen artean kontzertu gosea bizirik zela ikusi zen sarrerak erosteko garaian. Sarrerak eskuratzeko aukera zabaldu eta ordu gutxira agortu ziren, urriaren 17an.

Kontzertuak emanen zituzten taldeak artean jakin gabeak zirela erosi zituen jendeak sarrerak. Ondotik, urriaren 27an iragarri zituzten musika taldeak. Hamazazpi jakinarazi zituzten guztira: tartean Segismundo Toxicomano, Afu, Soziedad Alkoholika, Kaotiko, Tremenda Jauría, Dupla, Nogen, Green Valley, Tribade, Bide Bakarra, Skakeitan eta Ibil Bedi.

Azaldu dutenez, sarrera erosi zuten guztiek mezu elektroniko bat jasoko dute datozen egunetan, dirua berreskuratu nahi izanez gero, hala egin ahal izateko. Nahi duenak egindako ekarpenari eutsi ahal izango dio. Barkamena eskatu dute eragozpenengatik.

Jaialdi berezia, uztailean

Erabakia gogorra izan bada ere, argi utzi dute ez direla geldirik geratuko. Datorren urterako jaialdi berezi bat dute iragarria: uztailaren 29an eta 30ean izango da, Atarrabian, eta bi egun iraungo du, urrian aurreratu zutenez. «Azken urtean antolatu ezin izan diren ekitaldi guztiak kontuan hartuta eta sakabanaketaren aurkako borrokan dagoen beharra aztertuta» hartu dute erabaki hori.

Urrian iragarpena egin zutenean adierazi zuten datorren urtean koronabirusaren bilakaera zein den aztertu beharko dutela. Orain, berretsi dute dagoeneko egun horiei begira daudela, lanean jarraitzeko asmoz, «osasun egoerak eta haren baitan hartutako neurriek ahalbidetuko duten itxaropenez». Bitartean, beste data bat ere aurkeztu dute: 2022ko abenduaren 17a. Egun horretan izango da hurrengo Hatortxu Rock, ohiko formatuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.