Alderdi politikoak

Madrilen duen eraginaren aldarria egin du EAJk

Alderdiaren VIII. Batzar Nagusiaren amaiera ekitaldian, Ortuzarrek esan zuen eragin hori «laster» ikusiko dela

Andoni Ortuzar, atzo, EAJren Bazar Nagusian. MONIKA DEL VALLE / FOKU
gotzon hermosilla
2021eko azaroaren 29a
11:31
Entzun

Amaitu da EAJren VIII. Batzar Nagusia, eta Andoni Ortuzar EBBko lehendakariak bukaera ekitaldia baliatu zuen EAJk Madrilen duen eraginkortasuna laudatzeko, azken bolada honetan eraginkortasun hori txikitzen ari direla diotenen aurrean: «Laster ikusiko duzue hori ez dela horrela», esan zien Barakaldoko BECen (Bizkaia) bildutako alderdikideei.

Gainerako alderdiak kritikatu zituen Ortuzarrek, haren esanetan, EAJ agintean ordezkatzeko «hemendik bi, hiru edo zortzi urterako kontuak» egiten ari direlako. EAJren buruzagiaren arabera, «errespetu gutxi» erakusten dute horrelako kalkuluak egiten dituztenek, «orain tokatzen ez delako eta konpondu beharreko beste arazo batzuk daudelako», baina, gainera, kontu horiek alferrikakoak direla uste du: «Izotzaren gainean egindako kalkuluak dira. Gero udaberriko beroa iritsiko da, eta izotza urtu egingo da, kalkuluak eta guzti».

BBBko presidente Itxaso Atutxak ere gai horretaz hitz egin du gaur, Batzar Nagusiaren ostean eman duen lehenengo elkarrizketan. Deitoratu du «beste batzuek alternatiba izateaz» berba egiten dutela «bakar-bakarrik beren burua EAJren lekuan kokatu nahi dutelako», eta erantsi du horrek ez dituela jelkideak kezkatzen: «Abagunea aski garrantzitsua da, eta baditugu beste zeregin batzuk, gizartearekin batera landu beharrekoak».

Ortuzarrek bezala, Atutxak ere uste du EAJk ez duela eraginik galdu Madrilen: «Tradizioz, euskal ahotsa izan gara Espainiako Kongresuan eta Senatuan, ez euskal ordezkari bakarrak ginelako, eragiteko gaitasun handiena geuk genuelako baizik. Egian da EH Bilduk lortu duela azken bolada honetan eragile aktibo bilakatzen, baina EAJ da Legebiltzarrean onartutako politika asko bultzatzen dituena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.