Albistea entzun

EUSKAL PRESOAK

Erreakzio soka luzea eragin du EPPKren iragarpenak

Eragile ugarik nabarmendu dute «berri ona» dela eta «bizikidetza demokratikorako ekarpena» egiten duela.

Martuteneko espetxera eginiko martxa, 2017ko urtezahar egunean.
Martuteneko espetxera eginiko martxa, 2017ko urtezahar egunean. Jon Urbe / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jon O. Urain -

2021eko azaroak 30

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak presoei egiten zaizkien harreren inguruan eginiko iragarpenak askotariko erreazkioak sortu ditu albistea zabaldu eta berehala. Foro Sozial Iraunkorrak, esaterako, nabarmendu du «adierazpen garrantzitsua eta bizikidetza demokratikorako ekarpena» dela: «Erabaki horrekin, EPPK-k Euskal Herriko gehiengo sozial eta politikoarekin bat egiten du, indarkeriaren zikloaren ondorio guztiak konpontzeko helburu komunarekin».

Antzera hitz egin du Etxerat-ek ere. «Erabateko sintonia erakusten du euskal gizarteak nahi duenarekin, eta, beraz, uste dugu, euskal gizartearen nahiarekin bat etorriz ere, Espainiako eta Frantziako estatuek era berean eta maila guztietan amaitu behar dutela salbuespen politikarekin, askatasuna helburu izanik, euskal presoek beren ibilbide juridiko-penitentziarioarekin jarraitu ahal izan dezaten». Gaineratu du «indarkeriak eragindako sufrimendua aitortzeko ekarpen argia dela, eta baita ere, zauriak sendatzen jarraitzeko ekarpena ere».

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren hitzetan, «lubakien ordez zubiak eraikitzea ezinbesteko baldintza da bizikidetza demokratikorako. EPPK-k gaur plazaratu duen erabaki politikoa esanahi eta balio handiko ekarpena da, eta norabide horretan egindakoa da». Era berean, Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak zabaldu du «ezker abertzaleak esaten duena egiten eta egiten duena esaten» duela.

Eusko Jaurlaritzak «balioetsi» egin du EPPK-k egindako iragarpena. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak balio berezia eman dio erabakiari, «sufrimendua eragin dutenek egina» izan delako: «Beste urrats bat da bizikidetza normalizatua eraikitzeko bidean». Hala ere, nabarmendu du oraindik «keinu gehiago» behar direla: «Eragindako mina eta ETAren indarkeria eta herri honetan izan diren gainerako indarkeriak bidegabeak izan zirela aitortu behar da».

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak ere begi onez hartu du adierazpena. Esan du «biktimen garaipena» dela. «Ongietorriak amaitzeko egon den presio sozial eta instituzionalaren emaitza da adierazpena», Anduezaren ustez.

Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan daukan ordezkariak, ordea, nabarmendu du «etxera inoiz itzuliko ez diren biktimen senideekiko errespetu eta enpatia» kontu bat dela: «Ez gara arduragabeak izan, eta ez dugu bilatu doako konfrontaziorik ETAko presoen harrera publikoak amaitzeko eskatu dugunean». Itxasok esan du «norabide onean emandako pausoa» dela: «Espero dugu ekintzetan islatzea lehenbailehen, eta erakusten du presio sozialak eta balio zibiko eta etikoetatik eginiko politikak emaitzak ematen dituela».

Andoni Ortuzar EAJren EBBren presidenteak «positibotzat» jo du iragarpena, «berandu iritsi bada ere», eta erantsi du ezker abertzaleak oraindik baduela egin beharreko beste urrats bat: «Aitortzea ETA ez zela inoiz existitu behar, eta haren ekintzek min bidegabea eragin zietela biktimei eta kalte konponezina gizarteari». Urrats hori «berandu baino lehen» egiteko eskatu dio ezker abertzaleari: «Azkenean gainerakoek exijitzen dieguna egiten badute, ez du zentzurik erabakia gehiago atzeratzeak».

Koldo Martinez Geroa Baiko senatariak ere «ongietorria» eman dio EPPKren adierazpenari.

Iñigo Martinez Zaton Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkidearen arabera, «berri ona» da EPPKren erabakia: «Aspalditik gizarteak eskatzen zuen elkarbizitzaren aldeko pausoa».

Interpretazio baikorra egin du Pablo Iglesias Espainiako Gobernuko presidenteorde ohi eta Podemoseko buru ohiak ere: «ETAko presoek ongietorriei uko egiteak erakusten du ezker abertzaleak zenbaterainoko autoritatea eta ardura daukan berradiskidetzeko bidean dagozkien pausoak ematerakoan. Hori ez aitortzea estatu zentzurik ez izatea da».

PPko Carlos Iturgaizek, aldiz, «Sanchezen eta Otegiren arteko itunaren ondoriotzat» jo du erabakia, eta adierazi du horren helburu bakarra dela «Sanchezen aldetik hiltzaileen kaleratzea eta zuritzea» lortzea.

Javier Esparza Navarra Sumako bozeramailearen ustez, iragarpena «estrategia politiko bat» da, «Espainiako Gobernuari presioa kentzeko Bildurekin dituen itunak direla eta». Esan duenez, erabakia «presoak espetxeetatik ateratzeko lehentasunezko helburu horri begira egindako beste urrats bat» baino ez da.

Jose Manuel Gil Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ciudadanos alderdiko koordinatzaileak deitoratu egin du iragarpena «presoen erabaki baten ondorioz» iritsi izana, eta ez «gobernuek eta agintariek beren lana egin dutelako».

EPPK-k aurrerantzean «hurkoen artean eta era pribatu eta diskretuan» jaso nahi ditu presoei espetxetik irtetean egin izan zaizkien harrera ekitaldiak. Presoen kolektiboak aitortu du badirela harrera ekitaldi horiengatik «samina sentitu dutela zintzoki azaldu duten pertsonak», eta erantsi min hori «ulertzen» dutela: «Gure iraganeko militantzian egindako ekintzen ondorioz kaltetutako pertsonak dira, eta minduta sentitu daitezkeela ulertzen dugu».

Hori horrela, ETAren indarkeriaren biktima batzuek ere eman dute iritzia EPPKren asmoaz. «Aurrera goaz, pausoz pauso. Ze berri ona», nabarmendu du Maria Jauregi ETAk 2000ko uztailaren 29an hildako Juan Mari Jauregiren alabak. Josu Elespe ETAk hildako Froilan Elesperen semeak, berriz, esan du EPPKren adierazpena «biktimen eta herri honetako elkarbizitzaren alde kalkulurik gabe lan egiten duen jendearen garaipen handia» dela.

Sara Buesa ETAk hildako Fernando Buesa buruzagi sozialistaren alabaren iritziz, EPPK «biktimen minera gerturatu» da adierazpen horrekin, eta etorkizunerako nahi bat ere azaldu du: «Eragindako kalte bidegabe eta konponezinari buruzko gogoetak jarrai diezaiola urrats honi».

Buesa fundazioak uste du «ezinbesteko pausoa» dela eta elkarte ugarik eskatzen zutela, iritzita «omenaldi horiek ez-duinak, umiliagarriak eta oso mingarriak» direla biktimentzat eta gizartearentzat. Hala ere, fundazioak beharrezko jo du «hil, mehatxatu, bahitu eta estortsionatu zutenek eta ekintza horiek guztiak txalotu zituztenek autokritika» egitea.

Covitek ere adierazi du «berri ona» dela: «Ekitaldi horiek salatzeko Covitek urteotan eginiko borroka ezinbestekoa izan da». Haatik, gaineratu du ezker abertzaleak «kalkulu estrategiko gisa» emandako pausoa dela, «ez erabaki etiko batengatik» emandakoa. Consuelo Ordoñez Radio Euskadin mintzatu da: «Pozten gara, albiste ona da», esan du. Halere, adierazi du ez daukatela presoei zer eskertu.

Sarek uste du euskal presoen kolektiboak emaniko pausoa «enpatia ariketa sendoa» izan dela, eta elkarbizitzaren bidean ekarpen garrantzitsua dela baloratu du. Halere, enpatiaz jokatzea guztien ardura dela esan dute, eta guztien arteko oreka bilatzean dagoela gakoa. Horregatik, Sarek espero du elkarbizitzan aurrera egiteko borondate hori euskal presoei eta senideei «horrenbeste min» egiten dien salbuespeneko espetxe politika indarrean mantentzen duten horiengan islatzea. «2021. urte amaiera eta 2022. urte hasiera kalean egingo ditugu, herriz herri antolatuko diren egitasmoekin, hiriz hiri egingo ditugun mobilizazioekin eta urtarrilaren 8an Bilbon egingo dugun manifestazio jendetsuarekin. Ezin da gehiago atzeratu», erantsi dute.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Altsasuko gazteen alde egindako mobilizazio bat, 2019ko urrian. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Estrasburgok ez du aintzat hartu Altsasuko auziko gazteek egindako salaketa

Gotzon Hermosilla

Auziak Europan izan zezakeen bide judiziala amaitu egin da. Gizarteak emandako babesa nabarmendu du Altsasu Gurasoak plataformak
<em>Mozal legearen</em> aurka egindako protesta bat, Iruñean. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Mozala nola kendu

Iosu Alberdi

Kongresuko Barne Gaietarako Batzordera iritsi da 'mozal legea' erreformatzeko proposamena. Indar parlamentarioen lana izango da orain aldaketen nondik norakoak eztabaidatu eta adostea.
Sortuko zenbait militanteren agerraldia, ETAren jarduera armatuaren 10. urteurrenaren harira. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Sortuko kideek Nazio Kontseilurako hautagaiak bozkatuko dituzte gaurtik

Jon O. Urain

Nazio Kontseilua osatzeko hamar hautagaien berri eman du Sortuk. Etzi arte eman ahalko dute botoa; emaitzak, larunbateko ekitaldian

EH Bildu eta PSE-EE bildu dira gaur, Bilbon ©Amaya Diaz-Emparanza

Anduezak adierazi du ez duela proiekturik partekatuko EH Bildurekin, ETA gaitzetsi arte

Oihane Puertas Ramirez

Anduezak uste du bi alderdiek zenbait herritan dituzten akordioak «puntualak» eta positiboak direla, baina ez du uste egoera egokia denik «pisuzko akordioak» egiteko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.