Frantzia

Zemmour hautagai aurkeztu da Frantziako presidentetzarako bozetarako

Azken asteetan behera egin du eskuin muturreko polemistaren sostenguak. Igandean egingo du kanpainako lehen ekitaldi ofiziala, Parisen.

Eric Zemmur eskuin muturreko polemista Parisen. IAN LANGSDON, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko azaroaren 30a
10:44
Entzun

Aspaldian iragarritako hautagaitza ofizialki aurkeztu du gaur eguerdian Eric Zemmour eskuin muturreko polemistak. Sare sozialetan argitaratutako bideo bidez iragarri du datorren urteko Frantziako presidentetzarako hauteskundeetara aurkezteko asmoa. 63 urteko polemistak babesa galdu du azken asteetan. Presidentegai izateko izenen artean harena zegoela zabaltzen hasi zenean, hainbat inkestak aurreratu zuten hura izan zitekeela Emmanuel Macron egungo presidentearen aurkaria bozen bigarren itzulian —Macronek berak ere ez du oraindik ofizial egin bere hautagaitza—. Azken egunetan, ordea, iragarpenak aldatuz joan dira, eta galdeketek eskuin muturreko hautagai Marine Le Peni ematen diote orain bigarren tokia.

Islamaren, migratzaileen eta emakumeen aurkako bere adierazpenengatik egin da ezagun Zemmour. Frantziaren burujabetza defendatzen du Europako Batasunaren aurrean. Haren diskurtsoa «Frantziaren gainbeheraren» ingurukoa da. Ez du ez alderdirik, ezta mugimendurik ere, baina haren aldeko sostengu taldeak sortu dira han-hemen. Haren gertuko hainbat lagun goizean goiz hasi dira Twitterren #Zemmourcandidat (Zemmour hautagai) hashtag-a erabiltzen.

Joan den larunbatean zeresana eman zuen eskuin muturreko polemistak, Marseillan egitekoa zuen ekitaldi batean oinezko bati erdiko hatza erakutsi zionean —aurrez hark ere gauza bera egin zuen—. Euskal Herrian ere izana da Zemmour, urri amaieran, bere liburua aurkezten. Miarritzen egin zuen ekitaldian, jende andana bildu zen haren aurka protestatzera, besteak beste, EH Baik, LABek, Les Bascosek, IPEH Antifaxistak eta GKSk deitu zituzten mobilizazioetan.

Presidentetzarako bozetarako kanpainako lehen ekitaldi ofiziala, hala ere, igandean egingo du, Parisen. Mugimendu eta elkarte antifaxistek iragarriak dituzten protestak, Isildu Zemmour lelopean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.