Albistea entzun

Musika

Delirium Tremensek disko berria eta aurkezpen bira iragarri ditu

Zortzi abesti berri grabatzen dabil taldea, eta gaur plazaratu dute lehen singlea: Ordago. Maiatzaren 28an kontzertu jendetsua emango dute BEC erakustazokan

Iñigo Astiz -

2021eko azaroak 30 10:51

Seguruenik, ezin da hiru hamarkadaz pilatuz joan den isiltasun zama urratu, aurrez abiada pixka bat hartu beharrik gabe. Hitza pasatu diotenean, espanturik egin gabe, baina arnasa sakon hartzeko baliatu du aukera labur hori Andoni Basterretxea Delirium Tremens taldeko gitarra jotzaile eta kantariak, behintzat. «Bueno, ba, hemen gauzkazue, aspaldiko partez: 30 urte!, erraz esaten da». 1991ko azaroaren 30ean eskaini zuen taldeak bere azken emanaldia, eta gaur jakinarazi dute ofizialki oholtzara itzuliko direla, hirukote formatuan: Basterretxea, Patxi Irisarri baxu jotzailea eta Juantxo Iurrita bateria. Disko berria argitaratuko dute datorren urtean, zortzi kanta berriekin, eta lehen abestia eta haren bideoklipa ere aurkeztu dituzte: Ordago.

Maiatzaren 28an kontzertu erraldoia eskainiko dutela ere iragarri dute: Barakaldok BEC erakustazokan (Bizkaia) izango da, Des-kontrol eta McOnak taldeekin batera, eta 8.000 ikusle ingururentzat. Ostiralean jarriko dituzte txartelak salgai.

«Duela bi urtekoa la ostia izan zen!». Taldekide eta lagun izan zuten Iñigo Muguruzari egindako omenaldia da guztiaren hazia, abeslariak onartu duenez. Hil berri zen laguna omentzeko, Muguruzaren ibilbidearen parte izan ziren hamaika talde batu ziren Bilboko Kafe Antzokian 2019ko abenduaren 18an, eta Delirium Tremens ere orduan itzuli zen oholtzara lau abesti jotzeko. Basterretxeak dioenez, han sentitutakoak eraman ditu berriz estudiora. «Batu ginen, nahi gabe bezala, entseatu genuen, eta, hain ondo pasatu genuen, batzuk berotu egin baikinen». Bai ala ez, ez ala bai ibili ziren geroztik. «Eta erabaki genuen aurrera egitea».

Argi izan zuten ez zutela iraganeko abestiak jotzeko bakarrik bueltatu nahi: lokala hartu, entseatzen hasi, eta, urtebeteko lanaren ondoren, egunotan dabiltza estudioan abesti berriak grabatzen.

Betikoa eta berri

Basterretxearen hitzetan, abesti berrietan ere erraz errekonozituko dute Delirium Tremensen soinua taldearen betiko zaleek. Eta horren froga da kaleratu berri duten kanta ere. Gitarraren melodiak, ahotsa, bateria eta baxuaren lan gardena... Guztian igar daiteke Delirium Tremens dela. Oraingoan bitarteko «modernoagoak» baliatu dituztela esan du musikariak, baina hori esan eta berehala gehitu du ñabardura. «Bueno, anplia eta gitarra lehengo berberak dira».

«Oso deskonektatuta gaude». Ea egungo eszenari erreparatzen ote dioten galdetu diete musikariei, eta kolpean erantzun dute ezetz. Basterretxea: «Duela 30 urte ere hori galdetzen ziguten, ea nola ikusten genuen mugimendua, eta orduan ere gauza bera erantzuten nien: ni herri txiki batean bizi nintzela, oso gustura, ez naizela inongo melomanoa. Talde bat daukat, eta badirudi horregatik gertatzen den guztiaren jakitun egon behar duzula, eta ez».

Bizialdi laburra, eta itzal luzea

Aurrez taldearen zale izandakoek egingo dieten harrera ikusteko gogoz daude musikariak, baina jakin-mina dute aurrez taldea ikusteko aukerarik izan ez zuten entzule gazteen harrera ere ezagutzeko. Herrian oraindik ere jende gazteak beren kantak entzuten dituela badakitela diote taldekideek, eta poza azaldu dute horregatik. «Jende askok esan dit Delirium Tremens izan dela bere bizitzako taldea. Hori esaten dizute, eta oso sakonera iristen da», aitortu du Basterretxeak.

1985etik 1991ra bakarrik aritu zen zuzenean taldea, eta Zarrapo taldearekin konpartituta eman zuten argitara beren lehen lana, 1985ean. Beste bi disko luze eta zuzeneko bat ere argitaratu zituzten geroztik, baina luzea izan da haien itzala euskal musikagintzan. Ez dute zergatiaz gogoeta gehiegi egin, taldekideek esan dutenez.

Kontzertu gehiago

Duela 30 urte talde gehienak «gogorrak» zirela gogoratu du Juantxo Iurreta bateria jotzaileak. «Gu hortik ateratzen ginen, eta agian horregatik izan daiteke? Horregatik izan genuen halako harrera?». Talde «umila» zirela ere gogoratu du Basterretxeak. «Errazak ginen, ondo moldatzen ginen guztiekin, eta ez genuen inolako rollo arrarorik beste inorekin; ze halakoak ere ikusi genituen, jotzen aritu ginen sei urteetan. Batzuek ez zutela besteen ondoan afaldu nahi izaten eta halakoak».

BEC erakustazokan emango duten saioaren berri bakarrik eman dute oraingoz, baina kontzertu gehiago ere izango direla iradoki dute.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Kukai Dantza konpainiaren eta Euskadiko Gazte Orkestraren <em>Eta orain zer?</em> emanaldiaren aurkezpena, atzo, Donostiako Kursaalean. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU
Mikele Landa Eigurenen <em>Noizko basoa</em> filma. ©ZINEMALDIA

Euskarazko bi lan izango dira Zinemaldiko Nest saria lortzeko lehian

Iñigo Astiz

Hamahiru film labur hautatu dituzte guztira; tartean dira Nagore Muriel Letamendiaren 'Erro bi' eta Mikele Landa Eigurenen 'Noizko basoa'

 ©Quartetto Maurice
Aroa Uharte. ©Iñigo Uriz, Foku

Zoriz mundu bat zabaltzea

Ainhoa Sarasola

Errumaniara eraman zuten Arte Ederretako ikasketek, eta Bartzelona, Mosku eta San Petersburgora, gero, eslaviar hizkuntzek zein errusiar literaturak sortutako lilurak. Errusieratik euskarara hiru liburu ekartzea izan da bidaia horren azken nasa, oraingoz.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...